Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek inoiz baino diru gehiago izango dute eskura 2022an. Bi erakundeek atzo aurkeztu zituzten hurrengo urterako aurrekontu proposamenak, eta inoizko handienak dira. Bizkaiko Aldundiak 8.886,1 milioi euro biltzea espero du, aurten baino 915 milioi gehiago. Horietatik 1.459,8 milioi euro egongo dira sailen esku, iaz baino %7,3 gehiago. Gipuzkoako Aldundiak, berriz, 5.620 milioi euro biltzea espero du, baina «aurrekontu propioa» deritzona 1.042 milioi eurokoa izango da, aurten baino 59 milioi euro gehiago —%7 handiagoa—. Araban ere hala gertatuko da. Azaroaren 15ean emango dute haien berri, baina Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak dagoeneko aurreratu du aurreko urteetako «marka» hobetuko dutela.
Bi aldundiek atzo hasi zuten aurrekontuen onarpenerako tramitea, eta, ezusteko handirik ezean, urte amaitu aurretik onartuko dituzte batzar nagusietan. Hurrengo asteetan hasiko da sail bakoitzeko entresakak azaltzeko prozesua, eta eztabaidan bi hilabetez aritzea espero da. Bizkaikoaren kasuan asteartean hasiko da herritarrek proposamen formalak egiteko duten epea eta azaroaren 12ra arte iraungo du.
«Susperraldirako» kontuak
Bi aldundiek nabarmendu dute pandemia osteko aroak baldintzaturiko aurrekontuak direla hurrengo urtekoak. Bizkaikoak «susperraldia bultzatzeko diseinatuta» daudela azaldu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak, eta «enpleguari laguntzeko eta lurraldeak behar dituen trantsizioei» ekiteko erabiliko dituztela.
Euskara eta Kultura Sailak handituko du gehien aurrekontua: %26,5 gehiago jasoko du—49 milioi eurotik 62ra igaroko da—. Ohi denez, Gizarte Ekintza izango da diru gehien mugituko duen saila: 599 milioi euro, %2,5 gehiago.
Gipuzkoan ere Gizarte Politikek izango dute baliabide ekonomiko gehien: 454 milioi euro, aurten baino %8,68 gehiago. Era berean, gehien haziko dena, alde handiz gainera, Ingurumena eta Obra hidraulikoena izango da. 34 milioi jasoko ditu, aurten baino %19,8 gehiago.
Markel Olano ahaldun nagusiak gorako joera mantentzea espero du, eta 2023an berriz ere aurreko urteko kopurua hobetzea. Era berean, zehaztu du egitasmo jakin batzuek bultzada berezia izango dutela. Adibidez, Mubil zentroak 22,2 milioi euro jasoko ditu, eta Adinberrik, zazpi milioi.
Gipuzkoak eta Bizkaiak inoizko aurrekontu handienak aurkeztu dituzte
Azaroaren 15ean emango dute Arabakoen berri, baina Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak aurreratu du aurreko «markak» hobetuko dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu