Erakundeek dei egin dute LGTBIfobiaren aurkako «borroka sendotzeko»

Nafarroako Gobernuak beharrezkotzat jo du politika publikoak «garatzen segitzea». EAJk esan du Trans Legea babestuko duela kongresuan

Les Bascos plataformak atzoko Baionan deituriko mobilizazioa. GUILLAUME FAUVEAU.
jon olano
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Atzo 41 urte bete ziren Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuenetik. Lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen aurkako gorrotoaren kontrako eguna izanik, mobilizazioak egin zituzten, Bilbon, Baionan eta Iruñean, besteak beste. Erakunde publiko eta eragile politiko eta sozial ugarik ere arbuiatu zuten LGTBIfobia, eta, emandako aurrerapausoez harago, oraindik eman beharrekoez gogoetatu zuten. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako Sailak, esaterako, nabarmendu zuen «oraindik ere beharrezkoa» dela gizartean «indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzea», eta «Euskadi inklusiboa eta askotarikoa» dela babestu zuen: «Indarrak batuko ditugu gizarte eta erakunde eragile guztiekin, gizarte justuagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko».

Nafarroako Gobernuak joan den astean onartu zuen LGTBIfobiaren aurkako adierazpen bat; haren arabera, egungo testuinguruan «agerian» jarri da politika publikoak garatzen jarraitu behar dela, «benetako berdintasuna» lortze aldera: «Zenbait egoerak erakusten dute LGTBIfobia gure gizartean agertzen dela oraindik ere: familian baztertzea, topaketa sozialerako espazioak ezartzeko zailtasuna izatea, sare sozialetan gazteei jazartzea sexu orientazioa, identitatea edo genero adierazpena direla eta...».

Latorrizko saria, Calvori

LGTBIfobiaren aurkako egunean, Latorrizko Gehitu saria eman ohi du elkarte horrek, eta Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeari eta Letoniako Gobernuari eman die aurten. Calvori dagokionez, Gehituk azaldu du «pertsona transen benetako berdintasunaren aldeko lege aurreproiektua tramitatzearen aurka agertzeagatik» eman diotela, eta gogorarazi du LGBTI kolektiboko erakunde ia guztiek babestu dutela lege egitasmoa. Bestalde, Letoniako Gobernuaren jokabidea arbuiatu dute, «neurririk ez hartzeagatik herrialdean muturreko LGTBfobiaren aurka».

Alderdiek ere LGTBI kolektiboen aldeko mezuak sareratu dituzte. EAJk, esaterako, «trans pensonen berdintasun erreala eta zinezkoa» aldarrikatu du, eta jakinarazi Espainiako Kongresuko bere taldeak aldeko botoa emango diolagaur eztabaidatuko duten Trans Legeari. Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak, berriz, ohartarazi zuen «kolokan» daudela «LGTBI pertsonei dagozkien eskubideak», eta bazterketa jasateko arriskua handitu dela: «Ultraeskuinaren eskutik areagotu diren LGTBIfobia eraso eta gorroto mezuei politika aktiboekin aurre egiteko garaia da, kolektibo zaurgarrien eskubideak aitortuz». Ahal Dugu-k, berriz, esan du «aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzen eta LGTBI pertsonen eskubideen alde lan egiten» jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.