Navaleko 36 behargin ekainaren 15ean hasiko dira Navantian lanean

Gainerakoek abenduaren 31 arteko epea edukiko dute leku aldaketa eskatzeko. Bermerik gabeko 23 langileen geroa ez dute ziurtatu

Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Navaleko langileen lehen lekualdatzeak badauka eguna: ekainaren 15a. Egun horretan, Navantia talde publikoko ontziola batean hasiko dira beharrean Sestaoko (Bizkaia) lantegian aritzen ziren 36 langile. SEPI Espainiako enpresa publikoak biltzen dituen sozietatearekin bildu ziren atzo CCOO eta UGT sindikatuak, lekualdaketa horiek noiz egiten hasiko diren jakiteko. Gainerako 114 langileek abenduaren 31ra arteko epea daukate lekualdaketa eskatzeko.

Martxoaren hasieraz geroztik, kalean daude Navaleko 173 beharginak. Orduan iritsi zen epailearen ebazpena, baina ontziolako langile gehienek aukera zeukaten Navantia ontziola talde publikora joateko: 150ek, hain justu. Horiek guztiak Izar enpresa publikoko langileak baitziren 2006an Sestaoko ontziola pribatizatu zutenean, eta operazio hori egin zenean aukera hori eman baitzitzaien langileei: enpresa inoiz itxiko bazen, aukera izango zutela ontziola publiko batean lanean hasteko. Aukera hori badaukate langileek, baina betiere Euskal Herritik kanpo: Ferrol, Cadiz etaCartagenako ontziolak, edo SEPIren bulego nagusiak, Madrilen.

Navaleko langileak behin kaleratu zituztenean, SEPIk galdera egin zien 150 beharginei ea non hasi nahi zuten lanean, eta zein epetan. Hiru hilabeteko epean edo geroago hasteko aukera zeukaten. 36 langile horiek aukeratu zuten hiru hilabeteko epean hastea beharrean. Gainerako langileek abenduaren 31ra arteko epea izango dute eskaera hori formalizatzeko.

Baina Sestaoko ontziola itxi zenean 173 langile kaleratu zituzten. Hau da, 23 behargin bermerik gabe geratu ziren, lekualdaketarako aukerarik gabe. Horientzako ontziola publikoren batean lekua bermatu nahi izan zuten atzo CCOOk eta UGTk SEPIrekin izandako bileran, baina ez zuten halakorik lortu. «Saiatuko direla esan digute, curriculumak bidaltzeko eta ahal dutena egingo dutela», azaldu zuen Txema Belon UGTko Navaleko arduradunak.

Ontziola berriz ere martxan jarriko balitz, bestalde, orain arteko beharginen itzulera bermatzeko eskatu zien sindikatuek, baina horretan ere ez zien ezer ziurtatu. «Kasu bakoitza aztertu beharko zela esan digute».

Maiatzaren Leheneko manifestazioekin bat egingo dute gaur Navaleko langileek. Zehazki, ESK, Steilas eta CGTk Bilbon deitutakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.