Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelinen lantegian egun erabakigarria dute gaur: zuzendaritzak joan den asteartean ituna berritzeko egindako proposamena onartu edo ez bozkatuko dute lantegiko bostehun langileek.
Bozketa egun osoan izango da, eta txanda guztietako langileek 22:15 arte izango dute tartea botoa emateko; 23:00ak ingururako espero dute emaitzak izatea. Asteartean egin zuen proposamen berria zuzendaritzak, eta enpresa batzordeari adierazi zion ostiralera arte iraungo duela eskaintzak.
ELA da oraingoz zer egingo duen adierazi duen sindikatu bakarra. Enpresaren eskaintzaren aurka dagoela esan du, eta aurka bozkatzeko deia egin die langileei. Enpresa batzordeko hamazazpi ordezkarietatik bi ditu ELAk.
LAB sindikatuak, batzordean gehiengoa duenak —hamazazpi ordezkarietatik sei—, ez du jakinarazi zer egingo duen bihar, baina Jon Martin LABen enpresa batzordeko delegatuak adierazi du gaur egun mahai gainean dauden edukiak zeintzuk diren kontuan hartuta LAB ez dagoela «ados Michelingo zuzendaritzarekin».
CCOOk —bost ordezkari—, UGTk eta CSIk ere —bina ordezkari— ez dute iragarri zeren alde egingo duten, baina, ikusita alde agertu zirela Gasteizko planta barnean hartzen duen zentroen arteko batzordean, eta ikusita proposamena berdina dela, pentsatzekoa da zuzendaritzak eskainitakoaren alde egingo dutela.
Gaurko bozketaren ostean, bilera egingo dute sindikatuetako ordezkariek bihar, 09:00etan, erreferendumaren emaitzei buruz hitz egiteko. Gasteizko lantegian, sindikatu txikienak agertu ziren zuzendaritzak eskainitakoaren aurka —CGT, ELA, LAB eta ESK—, eta mobilizazio zikloari amaiera eman zioten atzo. Bestalde, zentroen arteko batzordetik ateratzea ere aldarrikatu zuten, hitzarmen propio bat izateko.
Zuzendaritzaren eskaintza
Hasieran, hitzartutako soldata igoerez gain —%5 2023an, %3 2024an, eta %2 2025ean eta 2026an—, zuzendaritzak aparteko soldata igoerak eskaini zituen, enpresaren mozkinei eta KPI kontsumorako prezioen indizearen igoerari lotuta. Proposamen berrian, berriz, bakarrik KPIaren igoerari dago lotuta soldata igoera hori —%2ko igoera KPIak %8 gainditzen badu 2023an eta 2024an, eta, 2025ean eta 2026an %4 gainditzen badu, beste %2—.
Soldata igoerak KPIarekin soilik lotzeaz gain, 1.500 euroko plusa emango die enpresak langileei, betiere proposamenaren aldeko botoa gailentzen bada gaur.
Lasarteko Michelinen gaur bozkatuko dute ituna berritzeko proposamena
Zuzendaritzak 1.500 euroko paga emango die langileei ituna onartuz gero. ELAk proposamenaren aurka bozkatzera deitu ditu langileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu