Valle H2V Navarra izango da fabrika berriaren izena; Acciona Plugek 87 milioi euroko inbertsioa egingo du Zangozan (Nafarroa), hidrogeno berdea produzitzeko. Nafarroako Gobernuko agintariekin batera aurkeztu zuten proiektua, atzo, Zangozan bertan, eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak aurreratu zuen gobernuaren gaurko saioan foru intereseko proiektu izendatuko dutela.
Acciona Plug sozietateak —%50 Accionarena eta %50 Plug Powerrena— egingo du planta, Accionaren Zangozako Biomasa fabrikaren ondoan. 25 megawatteko (MW) elektrolizagailua eraikiko dute, eta, hori hornitzeko, parke eoliko bat eta parke fotovoltaiko bat egingo dituzte: 24 MWekoa lehena, eta 25 MWekoa bigarrena. Gainera, adierazi dutenez, eskariaren arabera aukera egongo da plantaren potentzia 50 MWera bikoizteko.
Urtean 3.880 tona hidrogeno berde produzitzeko ahalmena izango du lantegiak, eta eraikuntza fasean 500 lanpostu inguru sortuko direla kalkulatu dute. Sortutako energiaren %90-edo inguruko industriak kontsumitzeko izango da, eta gainerako %10 garraiorako erabiliko da; horretarako, lantegian bertan hidrogenoa banatzeko instalazio bat eraikiko dute.
Aurreikuspenen arabera, 2024. urtearen amaieran hasiko dira hidrogeno berdea produzitzen. Hala, Txibiteren gobernuak lortuko du Hidrogeno Berdearen Nafarroako Agendak jasotakoa betetzea; izan ere, 2021eko uztailean hitzartutakoaren arabera, 2024rako Nafarroak 10 eta 30 MW arteko potentzia izan behar du instalatua; 2030ean 150 MW izan behar ditu.
Txibitek eskerrak eman zizkion Acciona Plugi proiektua Nafarroan garatzeagatik, eta lantegia «estrategikoa» izango dela gehitu zuen: «Karbono isuri urriko ekonomia berriaren erakusleiho izango da, industriarentzat eredu». Txibitek esan zuenez, eskualdean energia kontsumo handia duen industriari energia garbia emango dio planta berriak, baita Zangoza berrikuntzaren mapan jarri ere.
Horrez gain, Txibitek gogorarazi zuen Nafarroako Gobernua «konprometitua» dagoela lurraldeko enpresei energia iturri fosilen menpekotasuna murrizten laguntzeko.
Hidrogeno berdea sortu eta Nafarroan industria hornituko duen lehen planta izango da. Halako planta gehiago eraikitzeko eredu gisa erabiliko dute Zangozakoa.
Hidrogeno berdea ekoizteko planta bat egingo dute Zangozan, 87 milioi inbertituta
Nafarroako Gobernuak foru intereseko izendatuko du gaur Acciona Plugen proiektua. Guztira 500 lanpostu inguru sortzea espero dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu