Departamendu eta eskualde bozak. Iparraldeko emaitzak

Aliantzarik gabe, bost zerrenda lehiatuko dira eskualdeko bozetan

Ez ezkerrean, ez eskuinean ez dute aliantzarik eginen bigarren itzulirako. Departamenduetarako, oraingoz, ez da boz kontsigna argirik

Bozen kontaketa Mugerren, igande gauean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Igande honetan izanen dira Departamendurako eta Eskualderako bozen bigarren itzuliak Ipar Euskal Herrian. Lehengo igandean nehoizko parte hartzerik apalena izan ondoren, Paueko (Okzitania) eta Bordeleko (Okzitania) eserlekuak nola banatu hautatzera deituak izanen dira hautesleak, beste behin. Akitania Berria eskualderako ez da aliantzarik izan, eta lehian segitzeko eskubidea lortu duten bost hautagaitzak aurkeztuko dira; Alain Rousset sozialistak du irabazteko aukera gehien. Departamendurako, binakako lehiak izanen dira Ipar Euskal Herriari dagozkion hamabi kantonamenduetan. Lehiatik kanpo gelditu diren hautagaitza gehienek ez dute boz kontsignarik eman orain arte.

Lehen itzulian bozen %28,6 eskuratu zituen Roussetek. Akitiania Berriko presidenteak ekologistekin batera osatu du gehiengoa azken sei urteetan, eta aurten ere aliantza eginen zutela espero zen, baina, azkenean ez da Generation eta EELVren hautagaitzarekin batuko. Bozen %12 lortu zituen igandean Nicolas Thierryk. Prentsa agiri batean, PSko hautagaiak iradoki du bi hautagaitzen arteko negoziaketa postuen banaketari buruzkoa izan dela: «Ez dut eskualde politika postuen banaketa soil gisa ulertzen. Harreman politikoa da, ez afera kontablea», adierazi du. «Ezin da akordiorik sinatu. Bistan zen ez zegoela inolako borondaterik, eskakizunak eta erabilitako tonua bateraezinak zirelako negoziazio aukerekin».

Eskuinean ere ez dute akordiorik lortu, eta bakoitza bere aldetik aurkeztuko da. Martxan alderdiko Geneviève Darrieussecqek bozen %13,71 lortu zituen lehen itzulian, eta Nicolas Florian Errepublikanoetako hautagaiak %12,46. Igandean berean baztertu zuen Florianek aliantzarako aukera oro: «Beti erran dugu ez genuela LREMrekin aliantzarik eginen, eta atxikitzen dut».

Eskuin muturrean, Edwige Diaz Batasun Nazionaleko hautagaiak bigarren lekua lortu zuen igandean, bozen %18,21 eskuratuta. Horiek horrela, bost hautagaitza lehiatuko dira bigarren itzulian, eta Roussetek ez luke arazo handirik izan behar eskualdeko presidentetza atxikitzeko.

Boz kontsignarik ez

Departamenduko bozetan nehoiz izan den parte hartzerik apalena izan zen igandekoa. 2015ean baino 25.985 boto gutxiago. Ondorioz, hautagai bakarrak ere ez zuen lortu lehen itzulian gailentzea, bozdunen %25en babesa behar baita horretarako. Bigarren itzulirako, bi hautagaien arteko lehia izanen da Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetan. Baina, oraingoz, ez dute boz kontsigna argirik eman lehiatik kanpo gelditu diren hautagai gehienek, eta akordioak lortzeak zaila dirudi. Honela adierazi zuen EH Baik astelehenean: «Eskuineko eta zentroko hautagaiak sostengatzea ezinezkoa den gisan, pentsaezina da Iparraldearen instituzionalizatze prozesuaren kontra eta euskararen ezagupen ofizialaren kontra posizionatzen den ezkerra sostengatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.