Espainiako kontuen inguruko eztabaida Kongresura itzuliko da hurrengo astean

PPk hizkuntza koofizialen sustapenerako zuzenketa bat babestu du. Aurrekontuak behin betiko onartzea galarazi du aldaketak

Pedro Sanchez, atzo, Senatuan. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Senatuak gobernuaren 2022rako aurrekontuak onartu ditu, aldeko 148 botorekin, kontrako 112rekin eta bi abstentziorekin. Halere, Moncloaren nahien aurka, astebete atzeratuko da behin betiko onarpena. Izan ere, afera Kongresura itzuliko da PPk hizkuntza koofizialen sustapenerako zuzenketa baten alde egin ostean.

Compromisena izan da Senatuak onartutako zuzenketa bakarra.Chunta Aragonesista alderdiak eskatuta aurkeztu zuen hura, eta 1,6 milioi euroko funts bat aurreikusten du Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak jasotzen dituen hizkuntzen babeserako. Zehazki, Hego Euskal Herrira, Herrialde Katalanetara, Aragoira, Galiziara eta Asturiasera bideratuko lirateke laguntzak, bertako hizkuntzen sustapenerako eta hedapenerako. Zuzenketak hainbat alderdi abertzaleren babesa izan du, eta, ezustean, baita Alderdi Popularrarena ere.

«PPk hizkuntza koofizialen sustapenaren inguruan dituen politikak birpentsatzeko balio badu, ongietorria izango da», adierazi du Espainiako presidente Pedro Sanchezek, hartutako kolpeari aurre egin nahian. Ogasun ministro Maria Jesus Monterok, berriz, azaldu du PSOEk zuzenketa babestuko duela Kongresuan, PPren «amorrualdi baten» ondorio izan arren.

Izan ere, PPren helburuak ez zuen loturarik zuzenketarekin,Javier Maroto senatariak azaldu duenez:«Ikaragarri pozten gara Sanchezek Senatuan izaniko estropezuarekin. Espainia osoari erakusten dio zein txarrak diren aurrekontu hauek, eta zein txarra den gobernuak bere bazkideekin duen harremana».

Gehiengoa bermatuta

Senatuko bozketan, orain artekobazkide guztien botoak jaso ditu gobernuaren proiektuak, eta beste hainbat itxi ditu. Hala, Kongresuan lortutako babesen taldera batu dira Mes per Mallorca —iaz aurrekontuen aurka bozkatu zuen—, Geroa Bai, Mas Madrid, Aragoiar Alderdia eta Gomerako Sozialisten Taldea.

Gauzak hala, Kongresuak ezohiko bilkura bat egin beharko du datorren asteartean, abenduaren 28an, zuzenketa horren inguruko eztabaida bat egin eta aurrekontuak behin betiko onartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.