Joan den astean iragarri zuten beste zazpi preso ekarriko zituztela Euskal Herrira. Foro Sozial Iraunkorrak ontzat eman du iragarpena eta, oro har, azken hilabeteetan espetxe politikaren alor horretan izan den aldaketa: izan ere, lekualdatze horiek gauzatzen direnean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide diren presoen erdiak Euskal Herriko espetxeetan egongo dira. Baina, aldi berean, lekualdatze horien «erritmo motela» nabarmendu nahi izan du: «Lekualdatzeak ezin dira izan tantaz tantakoak, eta ezin dira egon Madrilen eztabaida politikoaren eta etengabeko krispazioaren mende».
Foro Sozialaren ustez, argi dago lekualdatzeen etapa hau «aldi baterakoa» dela, eta pentsatzen du «premiazkoa eta zentzuzkoa» dela fase hori gainditzea, horrek aukera emango lukeelako «presoen auziari konponbide integrala emateko, baldintza hobeetan».
«Salbuespeneko legea gainditzeko» eskatzeaz batera, Foro Sozialak «birgizarteratze plan orokor bat» ere galdegin du, zeina presoekin eta gainerako eragileekin adostu beharko litzatekeen.
Foro Sozial Iraunkorra, presoen lekualdatzeen «erritmo motelaz» kexu
Iragarritako azken lekualdatzeen ostean, presoen erdiak Euskal Herrian egongo dira. Hurbiltzearen fase hau behingoz gainditzeko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu