Baionako Pausa zentroak mezenas baten diru laguntza izango du

Jean Rene Etxegarai lehendakariak bere kudeaketa babestu du, eta esan du «enpatia eta segurtasunaren artean oreka» aurkitu dutela

Pausa zentroak 10.000 migratzaile ingururi eman die aterpe. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Aspalditik aipatzen zena asteburu honetan baieztatu du Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak: migranteentzako Baionako Pausa atseden zentroak mezenas baten laguntza ekonomikoa jasoko du hemendik aitzina. Milioi bat euroko funtsa sortu du Frantziako milioinario batek, migranteei harrera egiten dieten lau proiekturi laguntza ekartzeko. Olivier Legrain psikoterapeuta da funtsaren burua. Enpresaburu ohia, Lafarge enpresaren adar baten bidez aberastu zen. Sud Ouest egunkariari egindako adierazpenetan aipatu du orain dela hilabete batzuk erabaki zuela diru funtsa sortzea, migranteen gaiak «aspalditik eta anitz hunkitzen» duelako. Riace France izena eman dio, luzaz migranteen baldintzarik gabeko harreran aritu den Italiako kostaldeko herriari erreferentzia eginez.

Funtsak inbertituko duen dirua kudeatzeko, «engaiamendu batzorde» bat sortu dute, elkartasun ekintzetan berezitua den Le Group' elkarteak eramanen duena. Arduradunetako baten hitzetan, egiturazko inbertsioak egitea aurreikusi dute. «Ez dugu elikagairik erosiko, haatik, sukalde bat eraikitzen lagundu genezake; ekintza soziala iraunkortzen lagundu lezake», adierazi dio Sud Ouest-i. Ereduaren bidezko lobby lana egitea aldarrikatu du Legrainek. Bere ekinaldiarekin beste diru emaile batzuk erakarriko dituela espero du, baita Frantziako Gobernuaren jarrera aldatzea ere. Baionako kasuan laguntza ekartzea ukatu zuen Frantziak; prozedura administratibo bat abiatu zuen Euskal Elkargoak, justiziaren bidetik behartzeko.

«Autoritatea eta distantzia»

2018ko udazkenean ireki zuten Baionako Pausa atseden zentroa, bidean diren migranteei harrera egiteko. Urte bakarrean, 10.000 pertsona errezibitu dituzte bertan. Diakite kolektiboaren, Atherbea elkartearen eta Euskal Elkargoaren arteko hitzarmen batean oinarritzen zen hasieran, baina Atherbeak erretiratzea erabaki zuen urri bukaeran, Etxegaraik izendatutako misio kargudunak sortutako arazoen ondorioz.

Jendarmeriako GIGN eliteko unitateetako agente ohi horren «jarrera autoritarioa» salatu zuten azaro hasieran BERRIAk jasotako lekukotasunek. Horien arabera, galdeketak egin izan dizkie migratzaileei, jatorri batzuetako etorkinak sartzea galarazi izan du, eta tratu desegokia eman izan die. Horiek jasandako migratzaile baten testigantza ere kaleratu zuen egunkari honek. Atherbea elkarteak segurtasun misio karguduna bere autoritatepean ezartzeko eskatu zuen, baina Etxegaraik uko egin zion eskaerari; bere parte hartzea bertan behera uztea erabaki zuen ondorioz elkarteak.

Sud Ouest egunkariaren galderei erantzunez, oinarririk gabeko akusazioak direla, eta Etxegaraik berretsi du Pausa zentroan «autoritate bat» beharrezkoa dela. «Ezin dut nire autoritatea elkarte baten esku utzi; elkargoko langile baten esku, haatik, bai». Esplikatu du Atherbea elkarteak proiektua utzi duenetik Pausan jardungo lukeen langile sozial baten bila ari direla. «Bereziki, laguntza behar duten %0,85 ahulenentzat; gainerako %99,15 hiru egunez baizik ez dira hemen egoten».

Misio kargudunari dagokionez: «Gizon hori nik hautatu dut, berekin egon naiz enplegatu aitzin, bere misioa esplikatu diot, eta ulertu du», adierazi du Euskal Elkargoko lehendakariak. «Bikainki atzeman du bere segurtasun misioaren eta aitzinean dituen jendeen enpatia beharraren arteko oreka». Hain zuzen ere, enpatiaz gain «distantzia» ere beharrezkoa da Etxegarairen hitzetan, eta nabarmendu du gauzak «ongi» joatearen «kezka» duela: «Baionako biztanleen artean ziurgabetasun sentimendu bat instalatu ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.