Pandemiak gizarte mugimenduak baldintzatu dituela ondorioztatu dute

Antirrazismoan, ekologismoan, euskaran eta feminismoan diharduten taldeak ikertu dituzte. Solidary taldeko kideek egin dute ikerketa

Solidary ikerketa taldeko kideak euren liburua aurkezten. ISABEL JAURENA.
Isabel Jaurena.
Donostia
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun

Euskal Herriko gizarte-mugimenduak pandemia garaian liburua aurkeztu zuten Solidary ikerketa proiektuko kideek atzo, Donostian. Bertan izan ziren egileak, guztiak EHUko ikerlariak: Marta Barba, Miren Guillo, Julen Zabalo, Marta Luxan, Edorta Arana eta Iñaki Barcena.

Txostena egiteko, Euskal Herriko lau gizarte eremu nagusi behatu zituzten ikerlariek: antirrazismoa-migrazioa-kulturartekotasuna, ekologismoa, euskara eta feminismoa. Talde horiek pandemiaren ondoren funtzionamenduan edo lan harremanetan zein aldaketa izan zituzten aztertu dute.

Analisi hori egiteko, bi lagin bereizi zituzten: taldeak eta horietako kide diren banakoak. Hala, 2021eko maiatzetik irailera bitarte, 100 kolektibori eta 94 norbanakori egin zieten inkesta. Taldeentzako galderen bidez, arlo hauen inguruko informazioa lortu zuten: euren ezaugarriak, pandemiak nola eragin dien eta nola erlazionatu diren euren artean.

Norbanakoen lagina txikia zenez, emaitzak desberdin interpretatu zituzten. Hala mintzatu zen Marta Luxan ikerlaria: «Argi dugu bere hartan ez dela ordezkagarria, jende gutxik erantzun duelako; baita erantzun duten horietatik gehienak emakumeak, gipuzkoarrak, euskaldunak eta goi tituludunak direlako ere».

Behaketa egin ostean, kolektiboen alderdi esanguratsuak bildu zituzten ikerlariek. Hala, aztertutako talde guztietatik bi heren berriak direla konturatu dira, XXI. mendekoak. Horien artean ekologiaz eta feminismoaz dihardutenak dira gehienak. Kolektibo horien hein handi bat herrikoa edo tokikoa ere bada, eta euskarak presentzia handia du guztietan. Taldeen arteko elkarreragina handia dela konturatu dira, kideetako aunitz kolektibo batean baino gehiagotan baitago.

Gainera, guztiek partekatzen dute egitura bat: bi geruza dituzte. Lehenbizikoa talde txiki eta aktibo batek osatzen du, non emakumeen presentzia handiagoa den. Bigarrena zabalagoa da, eta kideek parte hartze txikiagoa dute.

Pandemiaren kudeaketa

Pandemiak kolektiboetan izan duen eraginak bi norabide izan dituela ondorioztatu dute adituek, taldeen baitako aktibazioa eta desaktibazioa eragin baititu. Hala, arlo hauetan egokitzapenak egin behar izan zituzten: bilkurak egiteko orduan, diru sarrerak lortzeko orduan eta komunikazioan. Gainera, kolektibo guztiek nabaritu dute pandemiak euskararengan eragin txarra izan duela; ondorioztatu dute baztertua izan dela alor aunitzetan.

Ikerketak kolektiboen etorkizunean ere arreta jarri du, eta eurentzat garrantzitsuak izan daitezkeen erronkak bildu. Hala, antirrazismoa-migrazioa-kulturartekotasuna kolektiboak dio eskuin muturraren diskurtsoak eta arrazakeria estrukturalak arazoak ekar ditzakeela. Ekologismo arlokoek, berriz, begi onez ikusten dute etorkizuna. Euskara taldean ez dago iritzi bateraturik. Feminismoko kolektibokoek argi dute zaintza, erasoak eta antzeko gaiak izanen dituztela etorkizuneko agendan.

Guztientzako eskuragarri

Dokumentua online egonen da, ADDI izeneko sarbide libreko plataforman. Euskarazko bertsioa aste honetan eskuratzen ahalko da. Gaztelaniazko eta frantsesezko aleak, berriz, heldu diren asteetan argitaratuko dituzte. Gainera, udazkenean solasaldiak eskainiko dituzte, herritar guztiek ikerketaren emaitzen berri izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.