Jaurlaritzak eta EH Bilduk ikuspegi desberdinak dituzte oraindik ere

Azpiazuren arabera, EH Bilduk proposatutako «sei neurri politikoetatik lau» jarri dituzte mahai gainean; baita 162 milioi euroren neurri ekonomikoak ere

Ezkerrean, Jaurlaritzaren ordezkaritza, eta eskuinean, EH Bildurena. JAURLARITZA.
joxerra senar
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Datorren urteko aurrekontuak negoziatzeko bigarren bilera egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk atzo. Aurreko astean, koalizio abertzaleak 118 milioi euroko sei neurri ekonomiko proposatu zituen, eta gero beste sei neurri politiko planteatu zizkion Jaurlaritzari. Atzo, bilera amaitu ostean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak komunikabideei azaldu zien 162 milioi euroren proposamena jarri zietela mahai gainean. Azpiazuren hitzetan, «alternatiba bideragarria eta errealista da», baina ikuspegiak urrun daude oraindik. Izan ere, bileraren ostean Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak aurreratu zuenez, «negoziazio prozesu bati ekiteko aukera ez dago gertu».

Politikoki, Eusko Legebiltzarrean gehiengoa ziurtatuta dute gobernuko bi bazkideek, baina Vox ez beste oposizioko alderdiekin biltzen ari da Azpiazu. Lehen bileraren ostean, PPk uko egin zion berriz elkartzeari. Bihar bilduko da bigarren aldiz Elkarrekin Podemos-IUko ordekaritzarekin.

Proposamenen edukia

Aurreko asteko bileran, neurri ekonomikoen artean EH Bilduk planteatu zuen, besteak beste, lehen arretako zerbitzua sendotzea eta berrantolatzea; trantsizio energetikoa bultzatzeko, udalen funtsa aktibatzea eta autokontsumo eta komunitate energetikoen laguntzak handitzea; pobreziari aurre egiteko, inbertsioari eustea, eta pandemian zahar etxeetan gertatutakoa aztertu eta aldaketak bizkortzea.

Atzoko proposamenean, Jaurlaritzak eskaini du Osakidetzako gastu eta inbertsioak %30 handitzea eta 2022tik aurrera «beharrezko antolamendu aldaketak egitea kontsulta presentzialak bermatzeko asmoz». Larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurriei dagokienez, aurtengo azken hiruhilekoan udalei zuzendutako Iraunkortasun Energetikoaren Funtsa eratuko da, eta 2022an 90 milioi euroko aurrekontua izango du; horrez gain, 18 milioi euro gehiago izango dira autokontsumorako laguntzetarako. Gizarte inklusiorako, hurrengo bi urteetan 20 milioi euroko proiektuak bideratuko dituzte, Azpiazuren arabera. Zahar etxeei dagokienez, ereduaren inguruko gogoeta prozesua zabalik den bitartean, urteko bi milioi euroko laguntza programa egokituko dute.

EH Bilduk proposatutako sei neurri politikoen artean daude lanbidearteko akordio bat bultzatzea batez besteko soldataren %60ra ailegatuko den gutxieneko soldata propioa ezartzeko; alokairuko prezioak mugatzeko lege bat onartzea; zerga erreformari buruzko lan taldea osatzea legebiltzarrean; 2026rako, barne produktu gordinaren %3 adinako inbertsioa egitea ikerketa eta garapenean; Lanbideren administrazio kontseiluan kooperatibetako ordezkariak egotea, eta ikus-entzunezko sektorea sendotzea.

Azpiazuren hitzetan, «sei neurrietatik lautan» konpromisoak hartzeko prest dira. Batetik, asmoa azaldu du batez besteko soldataren %60ra iritsiko den «gutxieneko soldata propio bat defendatzeko eta bultzatzeko hitzarmen kolektiboetan». Bigarrenik, Espainiako etxebizitza legea indarrean sartu eta aukera ematen duenean, alokairu pribatuaren prezioa kontrolatzeko sistema bat abian jartzeko asmoa du; hirugarrenik, zerga eskumenak dituzten heinean, aldundiei galdegin die azken erreformak berrikustea; azkenik, ikerketa eta garapenaren inbertsioa %10 handituko du 2022an.

Iriartek azaldu zuen «aurki» emango diotela erantzuna Jaurlaritzari, baina zehaztu zuen negoziatzeko aukera urrun dagoela, Jaurlaritzak «alboratu» egin dituelako iragan astean proposatu neurri politikoak. Aitzitik, Azpiazuren arabera, EH Bilduk Nafarroako aurrekontu akordioan onartutakoen «antzekoak» dira konpromiso horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.