Azpeitiko Udalak euskal errepublikaren aldeko 1931ko mozioa berretsi du

Aho batez babestu dute Naziogintzak aurkeztutako mozioa. Taldeak urtemuga baliatu du duela 90 urteko «pasarte ezezaguna» oroitzeko

Azpeitiko Udalak 1931ko apirilaren 17an onartutako adierazpena. NAZIOGINTZA.
jon olano
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa) euskal errepublikaren aldeko mozio bat onartu zuen atzo arratsaldean eginiko osoko bilkuran. Aho batez eman zioten oniritzia EH Bilduko hamar zinegotziek eta EAJko zazpiek. «Gure aurrekoek duela 90 urte egin zuten eskaera hura berresten dugu gaur [atzo], eta Euskal Errepublika ere aldarrikatzen dugu Euskal Herriarentzat. Izan zirelako gara; garelako izango dira», dio udalbatzak bart onartutako adierazpenak.

Egitasmoa Naziogintza taldeak eraman zuen Azpeitiko udalbatzarrera, eta hura osatzen duten bi taldeek onespena eman zioten. Testuak erreferentzia egiten die duela 90 urte hainbat udalerritan euskal errepublikaren eta autodeterminazio eskubidearen alde onartu ziren mozioei. Azpeitikoa izan zen horietako bat: «Nahiz eta gurean 1931ko apirilaren 14ko data Espainiako Errepublikarekin lotuta dagoen, garai berean Euskal Herriko hainbat udaletan Euskal Errepublikaren eskaera ere egin zen. Alkate eta zinegotzi abertzale batzuek ausardia izan zuten, eta berezko errepublika bat eskatu zuten Euskal Herriarentzat». Hala, Naziogintzak nabarmendu du pasarte hori «gogoratu eta bere gaurkotasuna azpimarratu» duela udalak.

Horren harira, Naziogintza taldeak azaldu du 90. urteurrena «urtemuga aproposa» dela «historia hurbileko pasarte ezezagun hori gogorarazteko eta Euskal Errepublikaren gogoa berpizteko».

«Lehen ekintza gisa»

1931ko apirilean, Espainiako bigarren errepublika ezarri berritan, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal ugarik onartu zituzten autodeterminazio eskubidearen aldeko adierazpenak. Bizkaian, Mundakako, Bermeoko, Elorrioko, Gernikako eta Getxoko udalek onartu zituzten, eta Gipuzkoan, berriz, Goierrin izan ziren lehen erreakzioak; Araman eta Altzagan, apirilaren 16an: «Une historiko honetan, gure nazioaren askatasun politikoen erregimen suntsitzailea desagertu den honetan, Espainiako estatuaren berregituraketa berriaren aurrean, udal honek, nazio gisa Euskalerriari dagozkion eskubide naturalak eta historikoak baieztatu ondoren, Euskal Herriaren autodeterminazioaren lehenengo ekintza bezala Euskal Errepublika aldarrikatzea eskatzen du, gure arbasoek gozatu zuten bezala, gainontzeko Iberiar Errepublikekin konfederatua».

Hilaren 18an, berriz, Itsasondoko (Gipuzkoa) udalbatzak euskal errepublikaren aldeko mozio bat onartu zuen aho batez, «Euskal Herriaren lehen autodeterminazio ekintza gisa». Urolan, Zumaian eta Azpeitian jo zuten bide beretik.

Naziogintza taldearen arabera, «bada garaia 1931ko aldarrikapen hori gogoratzeko eta laudatzeko»: «Agerian jarri nahi dugu haren garrantzia, eta euskal abertzale eta independentista guztioi gogorarazi nahi diegu nondik gatozen eta nora goazen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.