«Bide luzea da hau. Arazoa ez da amaituko egun batetik bestera». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek atzo Gasteizen egin zuen agerraldian onartu zuen ez dela berehalakoan desagertuko eskola segregazioaren harira hirian sortu diren arazoen itzala. Datuek ere hala erakusten dute. Guraso bat atzerritarra duten ikasle gehienak sare publikoan ari dira: %83. Areago, hiriko hamar zentrotan, ikasle horien kontzentrazioa %70 edo handiagoa da; itunpekoetan, bakar bat ez da %20ra heltzen. Ikasleen indize sozioekonomikoa ere jaitsi egin da sare publikoan; itunpekoan, ez. Datu horien gaineko kezka kalean dago, eta hainbat eragile administrazioari zuzendu zaizkio konponbide eske, kritiko: arazoa, hein batean, haren borondate faltari egotzi diote. Sailburuak atzo esan zuen, ordea, aspaldikoa dutela auziaren inguruko kezka, eta indartu egin nahi dituztela horren gaineko neurriak. Atzo, hain justu, Gasteizko Udalarekin gaiaren inguruan itundu duten hitzarmen esparrua izenpetzera joan zen udaletxera. Gorka Urtaran alkatearekin batera aurkeztu zuen ituna. Adierazi zuten, besteak beste, premian diren familientzako «laguntza osagarriak» emango dituztela; ez zuten zehaztu nolakoak izango diren. Itunaren muinean dauden printzipio nagusiak goratu zituzten, bereziki, bi agintariek: «Bizikidetza eta hezkuntza ekitatea».
Helburu handi horiek gogoan, hainbat lan ildo zedarritu dituzte hitzarmenean: familien informazioa eta orientazioa hobetzea, bizikidetza positiboa sustatzea, heldu berri diren ikasleen harrera indartzeko urratsak egitea, ikastetxeak auzoetara zabaltzea, diru sarrera urrienak dituzten familiei laguntzak ematea... Onartu zuten, ordea, oraindik fintzeko daudela ildo horien harira hartuko diren neurri zehatzak, eta udazkenean hasiko direla horien gaineko xehetasunak jakinarazten.
'Magnet-Erakarri' programa
Aipatu zuten neurri zehatzetako bat izan zen Magnet-Erakarri esaten dioten programa. Hiriko hainbat zentrotan ezartzen hasiko dira. Azaldu zuten AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta Katalunian martxan jarritako hainbat egitasmotan oinarrituta dagoela, eta gizarte eta kultura aniztasun handiko ikastetxeen «erakargarritasuna» handitzea izango du jomuga nagusia. Ezaugarri hori duten eskolen eta «bikaintasuneko erakundeen» arteko aliantzak sustatu nahi dituzte, hain justu, lan ildo horri atxikita.
«Hezkuntza proiektu berritzaileak» ondu nahi dituzte era horretan, gainerakoen ondoan nabarmenduko direnak: zentro horiek «hurbileneko ingurunean erreferentziazkoak» izatea da helburua. «Nahi dugu jendearentzat erakargarriak izatea», nabarmendu zuen Uriartek. Ez zuten zehaztu zer «bikaintasun erakunderekin» sustatuko dituzten aliantzak, baina sailburuak zantzu batzuk eman zituen: esate baterako, ETBren eta museo ezagunen tankerako erakundeak izan daitezkeela azaldu zuen. «Erreferentzia» dira denak ere.
Ikasleen matrikulazioan gaur egun dauden desorekak saihesten laguntze aldera, heldu den ikasturtera begira propio familiak informatzeko zenbait bulego zabaldu direla gogoratu zuen Uriartek; tankera horretako hamabi gune jarri direla hirian, eta «positiboa» izan dela horien ekarpena. Adierazi zuen neurri horri aurrerantzean ere eutsiko diotela.
Ikastetxeetako segregazioa saiheste aldera, laguntzak emango dituzte Gasteizen
Jaurlaritzak eta udalak itun bat egin dute; premia dutenentzako laguntza osagarriak daude neurrien artean. Eskola «erakargarriak» nahi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu