Autonomoen kotizazioak 184-1.267 eurokoak izatea nahi du Madrilek

Kotizazio sistema berria diru sarreren araberakoa izatea proposatu die eragileei. Sistema datorren urtean jarriko litzateke martxan

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa, artxiboko irudi batean. ZIPI / EFE.
aitor biain
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak autonomoen kotizazio sistema eguneratzeko proposamen berria jarri du mahai gainean. Goitik behera aldatu nahi du gaur egungo eskema, norbere konturako langileek Gizarte Segurantzari egiten dizkioten ekarpenak diru sarreren araberakoak izan daitezen. Gaur egun, autonomo bakoitzak aukeratzen du Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota, eta gehiengoak gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen du, nahiz eta gehiago ordaintzeko gaitasuna izan. Sistemak sortzen duen desoreka horri aurre egiteko, bada, 184-1.267 euroko kotizazio kuotak ordaintzea proposatu du.

Gobernuak eragileei aurkeztu dien proposamenaren arabera, eskema berriak hamahiru kotizazio oinarri izango lituzke, hilean 600 euro baino gutxiago irabazten dutenetatik hasi, eta 4.050 euro baino gehiagoko irabaziak dituztenetara. Horren araberakoak izango dira kotizazio kuotak ere; hau da, hilean 184 euroko gutxieneko kuota izango lukete diru sarrera gutxien dituztenek, eta 1.267 eurokoa azken zatian aurreikusitako muga gainditzen dutenek.

Malgutasunez jokatzeko prest agertu da, halere, Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa, onartzen baitu autonomo baten jarduera ekonomikoak gorabehera handiak izan ditzakeela hilabete batetik bestera. Horregatik, langileak aukera izango luke urte osoan kotizazio oinarria aldatzeko: gehienez ere sei aldiz urtean. Modu horretan, diru sarrera handienak eta txikienak lortzen diren garaietara egokitu ahal izango lirateke kotizazioak ere. Prestazioak ere unean uneko kotizazioaren arabera egokituko lirateke.

Gutxieneko tarifa lauari ere eutsi egingo zaio, baina, orain ez bezala, soilik gutxieneko soldata baino diru sarrera txikiagoak dituzten langileek izango dute tarifa hori ordaintzeko aukera. 70 euroko tarifa izango da, eta gehienez ere bi urteko iraupena izango du; izan ere, helburua da autonomo hasiberriei bidea erraztea.

2023rako martxan

Plana 2023rako indarrean egotea nahi du Madrilek, baina eskema berria pixkanaka egokituko litzateke 2031ra bitarte. Hau da, aldaketa mailakatua izango da: hurrengo bederatzi urteetan jaitsiz joango da diru sarrera gutxien dituztenentzat, eta igoz, aldiz, gehiago irabazten dutenentzat.

Gobernuak azaldu du, hala ere, proposamen bat besterik ez dela, eta negoziatzeko prest dagoela, baita kuoten zenbatekoa aldatzeko ere. Hala ere, uste du sistema «justuago» baten beharra dagoela; izan ere, gaur egun, gehienek gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen dute, eta, beraz, diru kopuru bera ordaintzen dute gutxieneko soldata baino diru sarrera txikiagoak dituztenek eta nabarmen gehiago irabazten dutenek.

Hain zuzen ere, plana dagoen bezala onartuko balitz, Espainiako Gobernuak adierazi du hiru autonomotik bik gutxiago ordainduko dutela sistema berriari esker. Hilean 600 euro baino gutxiago irabazten dutenek, esaterako, 1.300 euro gutxiago ordainduko liokete urtean gizarte segurantzari; 600-900 euroko sarrerak dituztenek, berriz, 600 euro gutxiago. Horrek bide emango lieke, gainera, prestazioak ere kotizatutakoaren araberakoak izateko.

Aurreko urteko maiatzean egin zien lehenbiziko proposamena autonomoen elkarte nagusiei eta gizarte eragileei, eta orduan proposatu zien 90-1.220 euroko kuotak pagatzea. Datorren astean jarraituko dute negoziatzen bi aldeek. Izan ere, kotizazio sistema eguneratzea, Toledoko Itunean jasota dagoen konpromisoetako bat izateaz gain, Madrilek Bruselarekin hitzartuta daukan erreformetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.