Euroak hogei urte. Atzera begirakoa

EUROA: AURKIA ETA IFRENTZUA

Hogei urteotan argi-ilunak izan ditu euroak. Batetik, egonkortasuna eman dio ekonomiari, eta Euskal Herriak diru bateratu bat du aurrenekoz. Bestetik, euroari lotutako egiturak zaildu egin du herrialdeen arteko lehiakortasun desorekak zuzentzea, eta horrek kostu handia izan du, batik bat 2011tik aurrera.

EUROA: AURKIA ETA IFRENTZUA.
joxerra senar
Iruñea
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Nork du gogoan zer itxura zuten pezetak eta liberak? Oraindik ere ba al da prezioak diru horietan kalkulatzen duenik, eta, inork ez badu halakorik egiten, noiz egin zuen buruak klik? Ziurrenik, 30 urtetik beherakoentzat, goxokiak erosteko dirua edo gurasoek aipatu ohi duten elezahar bat baino ez dira. Izan ere, gaur egun, euroa guztiz barneratuta daukate euskal herritarrek, baina ezin da ahaztu hogei urte iragan direla 2002ko Urtezahar hartan estreinakoz euroak erabiltzen hasi zirenetik. Lehenengo egun haietako ilusioari ondorengo urteetako festa ekonomikoak jarraitu zion, harik eta 2008an finantza krisia piztu eta ajea azaleratu zen arte, 2012an euroa bera kinka larrian jartzeraino. Krisiz krisi, egungo pandemiaraino: urteurrena balantzea egiteko aukera ona da, txanpon orok bezala euroak bi alde baititu: aurkia eta ifrentzua, argia eta iluna.

Alde onei begira, bistakoa da euroa hemeretzi herrialdetan erabiltzeak erosoago bihurtu duela Europan barrena bidaiatzea, baina abantaila praktiko horrek ondorio zuzenagoak ditu hemen, mugaren bi aldeetan. «Euskal Herrian, historian diru bakarra izan dugun aldi bakarra da. Horrek dakarren gerturatzea balio handikoa da», azaldu du Joseba Barandiaran Mondragon Unibertsitateko irakasleak. Euroaren aurretik, alde handiak egon ohi ziren pezetaren eta liberaren arteko trukean, eta horrek ondorioak zituen alde bateko zein besteko erlazioetan. «Diru bat erreferentzia bat da prezioentzat, etxea erosteko edo langile bat kontratatzeko, adibidez. Diru bakar bat izateak lotura ekonomikoak errazten ditu. Muga bat gutxiago da».

Euroak, halaber, egonkortasuna eman dio industrian eta esportazioetan oinarritutako euskal ekonomiari. Iraganean, herrialdeen arteko lehiakortasun diferentziak diruaren balioa galduz orekatzen ziren. Hego Euskal Herrian, halaxe gertatu ohi zen pezetarekin: «Gure merkataritza harremanak Europan daude, Frantzian, Alemanian eta Italian. Enpresek truke tasari ez diote erreparatu behar, eta hori urrats handia eta interesgarria da. Kanpora begira, berriz, euroaren sendotasuna ez da pezetaren sendotasun bera. Egonkortasun handiagoa ematen du. Pezeta gora eta behera ibiltzen zen etengabe», azaldu du Joseba Madariagak, Laboral Kutxako ikerketa taldeko zuzendariak.

Soldatak eta prezioak

Prezio egonkortasunak eta interes tasa bateratuek inbertsioak egitea erraztu dute, baina errentan edo enpleguan ez dute nabarmen txikitu herrialdeen arteko aldeak. Hego Euskal Herriari dagokionez, egia da biztanleko errenta euroaren eremuko batezbestekoa baino handiagoa dela: hamabi puntu handiagoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bost puntu handiagoa Nafarroan Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Akitania 11 puntu beherago dago. Dena dela, Endika Alabort EHU irakaslearen esanetan, «langileak galtzaile atera dira», soldatak ez baitira igo prezioen neurri berean: 2002tik 2021era, salneurriak %48 handitu dira Hegoaldean, eta soldatak %14 eta %23 artean (2019ra arte). «Tarte hori euroaren epe guztian izan da, baina austeritatearen urteetan turboa sartu zitzaion joera horri».

Euroak errealitate ekonomiko askotariko bati erantzun behar dio, eta horrek nabarmen zailtzen du desorekak zuzentzea. Teorian, diru berbera erabili ohi duen eremu batek egoki funtzionatu dezan, toki batetik besterako langileen mugimenduarekin orekatu daiteke. «Hori gertatzen da Estatu Batuetan. Han, lanik ez baduzu, beste estatu batera joaten zara. Hemen ez da hori gertatzen kultur diferentzien ondorioz, eta doikuntzak soldatetan eta prezioetan egiten dira», azaldu du Madariagak. «Euroak behartu egiten zaitu. Hegoaldeko herrialdeak poztasun handiarekin sartu ginen abentura honetan, jabetu gabe ordainak zituela. Ezin duzu lehiakortasuna galdu, galdutakoa gero ordaindu beharko duzulako», gehitu du.

Komeni denean diruaren balioa jaisteko erabakirik ezin hartzeak badu bere alde negatiboa: estatukideek galdu egin dute diru politikaren erreminta. «Diru politika bakarra Europako Banku Zentralak diseinatzen du. Batzuetan, aldeak daude euroaren eremuko herrialdeen ziklo ekonomikoen bilakaeran», nabarmendu du Mikel Casares NUPeko ekonomia irakasleak.

Eta halaxe gertatu zen lehen urteetan eta ondorengo krisialdian. Azken batean, hain interes tasa apalak izatera ohituta ez zeuden tokietan Irlandan eta Espainian, burbuilak hauspotu zituen, edo herrialdeok ez zuten aukera baliatu inbertsio produktiboak egiteko. Orduko diru politikak ekonomia hoztea eskatzen zuen, baina ez zen halakorik egin. «Zergatik? Euroaren gainerako herrialdeetan ez zutelako arazo hori, batik bat Frantziak eta Alemaniak. Ondorioz, krisiaren larritasuna handiagoa izatea eragin zuen», uste du Casaresek.

Era berean, euroaren arkitektura diseinatu zenean, defizit eta zor publikoaren helburuak zorrotz betetzeko diziplina irudikatu zen, baina zerga politika harmonizaturik ez zen ezarri. «Zerga harmoniaziorik gabeko eurogune bat eraiki eta akats sistemikoak agertuz gero, ezin dira konpondu. Paul Krugman ekonomistak ohartarazi zuen hondamendi bat zela, batasun fiskalik gabe zerga paradisuak sortuko zirelako: Luxenburgo, Herbehereak eta Irlanda», salatu du Alabortek. Haren irudiko, «akatsez osatutako eredua planteatu zen, eta liberalismoa zegoen horren atzean: Maastrichteko Itunarekin euren politikak ezartzeko modu bat izan zuten botereek».

2008ko nazioarteko finantza krisiaren ondorioei aurre egiteko hartu ziren neurriek ziztu bizian igoarazi zuen Europa hegoaldeko herrialdeen zor publikoa, eta ekaitzaren begian Grezia zegoen. 2012rako, zor merkatuetako inbertitzaileak ez ziren fio, eta hegoaldeko estatuen bonuak gero eta interes tasa garestiagoetan finantzatzen zituzten. Greziaren, Zipreren, Portugalen erreskateak etorri ziren, baita Irlandako eta Espainiako finantza sistemarenak ere. Italia ere kinka larrian zen, eta euroa haustearen aukera gero eta gertuago zegoen, harik eta uztailaren 23an Mario Draghi EBZko presidenteak «behar den guztia» egiteko gertu zegoela esan zuen arte. «Adierazpen soil hark balio izan zuen merkatuek ikusteko serio ari zela», gogoratu du Barandiaranek.

EBZk merkatuetan esku hartu zuen. Lehenik, aktiboak bereganatuz; 2015eko martxotik aurrera, herrialdeen zor publikoa erosiz. Egungo pandemian, ekonomiaren bat-bateko erorialdia ikusirik, berriro berraktibatu zen programa hori. «Bonuen interes tasak %5-6 izanda, ezingo zitzaion eutsi. Zor publikoaren erosketa masiboak salbatu du euroa», azaldu du Casaresek.

Soldatak apaldu

Galdutako lehiakortasuna berreskuratzeko, hegoaldeko herrialdeei lan kostuak murrizteko errezeta zorrotza inposatu zitzaien: austeritatea. «Soldatak apaldu behar izan genituen, eta orduan hasi ginen lehiakortasuna handitzen. Lehenik, apurka esportatzen; gero, ekonomia osoa hasi zen indarra hartzen. Lehen zazpi urteetako festa ondorengo urteetan ordaindu genuen, eta arazoa betikoa da. Ahulenek galtzen dute gehien. Jabetu behar dugu euroak egonkortasuna ematen duela baina ordain batzuk ere badituela», argitu du Madariagak.

Gertaturikoa zenbateraino leporatu dakioke euroari? Barandiaran: «Euroak denentzat finkatu ditu arauak, eta horrek zerga diziplina eskatzen du. Kontua da euroaren gerrikoan sartu nahi duzunean hasten zaizkizula estutasunak. Batzuek hobeto baliatu dute, jantzia egokitzen zaielako, baina hori ez dago harrian idatzita». Joko arau horrek mesede egiten die Alemania eta iparraldeko herrialdeetako ekonomia sendoagoei, bai; baina, Barandiaranen ustez, hegoaldekoek ere badute ardura bat. «Bien arteko nahasketa bat da», laburbildu du Alabortek: «Euroak ez du lagundu, eta beste gauza bat da kudeaketa txarra edo ustelkeria maila».

Irudika al daiteke zer gertatuko litzatekeen euroa desagertuko balitz? Barandiaranek argi du. «Ikaragarria litzateke. Europaren proiektu politikoa pikutara joango litzateke». Alabort oso kritiko da euroarekin, baina zaila zaio erantzun argi bat ematea: «Oso-oso gai konplexua da. Oso kostu handiak dakartza. Grezian kalkulatu zuten bizi maila urte askotarako murriztuko zela. Zer herrialde dago prest hamar urtez krisian bizitzeko?».

Madariagaren irudiko, Europa bera joan da mekanismoak eraikiz harri berarekin berriz estropezu ez egiteko, baina uste du oraindik bultzada handia ematea falta dela zerga batasun baterantz. Next Generation funtsekin urrats handi bat egin dela deritzo, finantzaketa bateratu egin delako.

Ondorengo hogei urteek ez dute zertan aurrekoen bide bera hartu, baina, Casaresen ustez, herrialde batzuk finantza publikoak orekatu eta itzalpeko ekonomiaren aurka gogor egin ezean, «euroak gaizki amaituko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.