2016. urteko irailean egin nuen goitika lehen aldiz. Erran nahi dut bazkaldu eta gero goitika egitea erabaki nuela, aurrenekoz. Urte hartako abuztuan egindako argazki bati so, zerbaitek krak egin zuen nire barruan. Ez nuen izan nahi begien aurrean nuen pertsona, eta gorputz horri iltzatu nizkion nire min guztiak. 48 urteko emakumea naiz. 2018ko abendutik, depresioaren aurkako botika hartzen dut, eta, psikiatrak txosten batean jaso duenez, elikaduraren nahasmendu bat dut.
Ez dut elikaduraren nahasmendu baten atzean dagoenaz hitz egin nahi. Nire esperientzia baino ez dut ezagutzen, eta nireak, noski, ez du denentzat balio. Nabarmendu nahi dut une batean nahasmendu horri ihes egitea erabaki nuela, laguntza eskatu nuela ezin nuelako bide hori bakarrik egin, eta geroztik gertatu zaidanak erakutsi didala osasun sistemak ez duela baliabide nahikorik nik herritarrok behar dudan helduleku bilakatzeko. Are gutxiago pandemia garaian.
2018ko azaroan egin nuen lehen urratsa: nire osasun etxeko familia medikuarengana joan nintzen. Egoitza bereko osasun mentaleko unitatera bideratu ninduen, eta, han, hiru psikiatrak eta psikologo batek artatu ninduten. Psikiatretako batek behin baino ez ninduen ikusi. Psikologo bera izan dut beti, baina ez nahi bezainbertzeko maiztasunez: bi hilabetean behin, gehienetan. Osasun etxetik Iruñeko Irubide zentrora bidali ninduten, elikadura nahasmendurako unitatera. Izenari eutsi dio, baina ez, ordea, izanari, bakarrik arlo horretaz arduratzen den talderik jada ez baitago. Hango psikiatra ezagutu, eta osasun krisiak egin zuen eztanda. Akabo bisitak. Eta telefono deiak urriak izan ziren: bi, ia hiru hilabeteko epean; haietako bat, bost minutu eskasekoa. Goitika egiteari utzi nion; jateari ia ere bai. Eta 1993tik lagun dudan antsietatea pozik.
Abandonatuta sentitu naiz: ez laguntza jasotzeko behar bezain argal; ez behar bezain ahul; ez behar bezain gazte, akaso? Ez zegokidan baliabide bat erabiltzen ariko banintz bezala sentitu naiz: zergatik galdetu didate, bertzela, behin baino gehiagotan, arlo pribatura jotzeko aukera aztertu ez ote dudan? Ez dut sekula erranen artatu nauten profesionalak txarrak direnik; ezta laguntzeko borondaterik ez duten ere. Baina ez dute lortu. Helduko didan esku baten bila joan naiz, eta ez dut aurkitu. Ez hori bakarrik: benetan laguntza merezi ote dudan galdetu diot, behin eta berriz, neure buruari. Ahal dudana egiten ari naiz. Bideak nora eramanen nauen jakin gabe.
Buru osasuna pandemian. LEKUKOTZA
Behar dudan heldulekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu