Europako diruak

Erabakigarria

Herrialde batzuk laguntzeko xedearekin zorpetzeko erabakia hartu du lehen aldiz Europako Batasunak. Funts horiek behar bezala erabiltzen diren ala ez garrantzi handikoa izango da, batasunaren etorkizuneko izaera bera baldintzatu dezakeelako.

Xuhurren Taldekoak dira Herbehereak. Haien lehen ministro Mark Rutte, Espainiako presidente Pedro Sanchezekin uztaileko negoziazioetan. JOHN THYS / EFE.
Irune Lasa.
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Urrats erabakigarria uztailekoa izan zen, lehen aldiz Europako Batasunak erabaki baitzuen zorpetu egingo zela, merkatuetan lortutako diru hori gero erabili ahal izateko ekonomia pandemiaren krisitik berpizteko.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa erabakigarria izan daiteke, batez ere, egiturazko arazoek, austeritate politikek eta pandemiak gogor jotako EBko hegoaldeko herrialdeentzat, aukeraren bat izan dezaten etorkizunari aurrez aurre begiratzeko.

Baina batasunarentzat berarentzat ere berebiziko garrantzia du suspertze funtsak egingo duen ibilbideak. Helburuak betetzen baditu, Europako diruek laguntzen badute produktibitatea eta deskarbonizazioa bultzatzen, eta egiturazko langabezia, eta desberdintasuna murrizten —batez ere hegoaldeko herrialdeetan—, etorkizunean irits daitezke halako tresna gehiago. Eta, azken buruan, arrakasta posible hori oinarri izan daiteke EBk jauzi bat egiteko batasun fiskalerantz.

Batasun gehiago, edo ez

Hori nahiko lukete, behintzat, Europa federalago baten aldekoek. Hain zuzen, horregatik izan zen horren zaila 27ak ados jartzea urrats hori egiteko. Aurrera egitea erabaki bazen ere, Xuhurren Taldeak —Austria, Danimarka, Herbehereak eta Suedia— hurbiletik behatuko du diruen banaketa eta kontrola, baina baita funtsa handitzeko edo antzeko tresna gehiago eratzeko mugimendu oro ere, funtsean, ez duelako batasun fiskalaz ezer entzun nahi.

Pentsamolde horren erakusgarri da, esaterako, Europako Banku Zentralaren txosten baten harira irailaren erdian piztutako eztabaida. Christine LagardeEBZko presidenteak berak atera behar izan zuen gezurtatzera banku zentralak suspertze funtsa betikotu nahi zuenik, eta hori esan zuenik. Prentsa oharra baino txostena bera irakurtzeko esanez erantzun zion Lagardek Derk Jan Eppink Herbehereetako europarlamentario kontserbadoreari.Aurretik, Eppinkek garbi utzi zuen bere iritzia: «Halako mugimendu bat transferentzia batasun iraunkor baten bihotza bihurtuko litzateke. Hori onartuko balitz, Herbehereek ez lukete Europako Batasuna uztea beste aukerarik izango».

Egia da EBZren txostenak suspertze funtsa «bakartzat» jotzen duela, baina aldi berean aipatzen du «blokeak ez duela egonkortasun makroekonomikorako tresna fiskal iraunkorrik krisi sakonetarako». Hots, gabezia bat badagoela hor, krisiei aurre egiterako orduan.

Batasun gehiagoren aldekoen eta egonean bapo daudenen artekoen tentsio horretan egin behar du bere ibilbidea suspertze funtsak.

Nahikoa lan izan da hura sortzeko, eta uztaileko negoziazio amaiezinei orain Bruselakoak gehitu zaizkie, non hiru negoziazio eskerga elkartu baitira: Europako aurrekontuena, Errekurtso Propioen Erabakiarena (hor baimenduko da zorpetzea), eta aurreko biei lotutako milaka erregulazioena. Ez da berria, ohi bezala luzeak eta zailak izango dira negoziazioak, tartean direla Europar Kontseilua, Europako Parlamentua, interes zehatzeko herrialdeak eta taldeak, eta Alemaniako presidentetza.

Bedeinkazio guztiekin funtsak aurrera egiten duenean —oso zaila da uztailekoa ezerezean gelditzea—, laguntzen kudeaketak ere emango du zer esanik. Europako Batzordearen ardura izango da baldintza zehatzak ezartzea, erabakitzea zein proiektu lagundu eta zein baztertu, eta diru gehiago ukatzea proiektu horien helburuak edo epeak betetzen ez direnean. Hori guztia. lagundu nahi diren proiektuak burokrazian ito gabe.

Diru laguntzak inoren mesederako eta okerreko bidean galtzea ere eragotzi beharko du Bruselak, horrekin ere kezka egon badagoelako. Iruzurra ere kezka iturri da, ez da harritzekoa, Europako Batasunetik iritsitako laguntza asko noren mesederako izan diren begiratuta. Gardentasuna ere garrantzitsua izango da, beraz, besteak beste, ez emateko aitzakiarik Xuhurrei, edo argudiorik euroeszeptikoei.

Arrakasta izan ala ez, Europako diruena inportantea izango da laguntza jasoko duten herrialdeentzako, baina baita ere Europako Batasunarentzat eta haren etorkizuneko norabidearentzat. Erabakigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.