Koronabirusa

«Ezin dugu martxa honetan segitu»

Lehen mailako arretako langileek salatu dute baliabideak falta zaizkiela. COVID-19a dela eta, osasun etxeetako lan karga «izugarri» handitu zaie, eta «gainezka» daudela sentitzen dute.

Donostiako Antigua Auzoko Osakidetzako osasun zentroa. GORKA RUBIO / FOKU.
Oihane Puertas ONA
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
«Nekatuta gaude. Ez dugu denborarik aurreko olatuetatik errekuperatzeko, eta beste bat dator. Ahal dugun moduan bizirauten ari gara». Gloria Santos Trapagarango (Bizkaia) osasun etxeko erizainaren adierazpena da hori, baina lehen mailako arretako hainbat langileren isla izan liteke. «Egoerak berriro ere gainditu gaitu; ezin dugu martxa honetan segitu», azaldu du Mikel Baza Arrigorriagako (Bizkaia) osasun etxeko lehen mailako arretako buruak eta Osatzen Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteko zuzendaritzako kideak.

Koronabirusaren intzidentzia tasak gorantz jarraitzen du Euskal Herrian, eta, horrekin batera, osasun etxeetako langileen lan karga «izugarri» handitu da. Santosen arabera, «lehentasuna» du koronabirusak, batez ere txertoa «ahalik eta azkarren» jartzeak; baina paziente kronikoak eta eguneroko lana «alde batera utzi gabe». Loinaz Auzmendi Elizondoko (Nafarroa) osasun etxeko erizainak azaldu duenez, ordea, lehentasuna COVID-19ari emanda, beste lan eta paziente batzuk «alde batera» utzi behar izan dituzte: «Ez gara iristen dena egitera».

Bereziki erizainen lan zama handitu dela nabarmendu du Maite Aiarra Goizuetako (Nafarroa) osasun etxeko familia medikuak: euren ohiko lanez gain, PCRak eta antigeno probak egin behar dituzte goizez eta arratsaldez, gripearen eta koronabirusaren txertoez arduratzen dira, eta koronabirus kasuen jarraipena egin behar dute. Erizainek «lan gainkarga» dutela azaldu du Santosek ere.

Baliabideak falta zaizkiela salatu dute lehen mailako arretako langileek, eta, Bazaren ustez, baliabide nagusiak «denbora eta pertsonak dira». Mediku eta erizainez gain, administrazio lanetan aritzeko profesionalak ere behar direla azaldu du Auzmendik: «Lan baldintzetan gehien eragiten ari dena pertsonal falta da; baja batzuk betetzeko erizainik ez dago». Profesional falta dela-etalanordu estrak egin behar izan dituztela adierazi du Auzmendik.

Santosen arabera, lehen mailako arretan «gainezka» daudela sentitzen dute: «Lan bolumen oso handia dugu, eta ez digu denborarik ematen gure lanorduetan amaitzeko». Egoera horrek, baina, pazienteen segurtasuna«arriskuan» jartzen duela nabarmendu du: «Nekatuta gaude, eta ez dugu zentratzeko denborarik. Akats asko egon daitezke».

Horrez gain, profesionalen osasunari ere eragin diezaiokeela adierazi du Bazak. Horregatik, lanaldia luzatzea ezin da izan egoera orokortu bat: «Argi daukat hau luzerako doala eta geure burua zaindu behar dugula».

Osasun sistema, «larri»

Bi urte daramatzate horrelako baldintzetan lanean, baina, COVID-19a baino lehen ere, lehen arretako langileak ez zeuden askoz hobeto. Pandemia aurretik «ia-ia itota» zeudela azaldu du Aiarrak, eta koronabirusarekin egoerak «okerrera» egin duela: «Langile gutxi gaude, eta paziente asko».

Bazak azaldu duenez, koronabirusarekin, aurretik zeuden «arazo estrukturalei» beste arazo batzuk gehitu zaizkie. Santosek gaineratu du pandemiak «agerian» utzi duela lehen mailako arretak osasun sistemaren oinarri gisa duen «garrantzia», eta, horrekin batera, arreta hori indartzearen «beharra». Auzmendiren ustez ere, osasun sistemaren egungo egoera «larria» da, azken urteetan ez direlako «behar bezalako inbertsioak» egin. Izan ere, azken hamarkadetan inbertsio gehienak ospitaleetan egin direla adierazi du Bazak, batez ere «osasun arreta hobea» bermatzeko. Horrela, osasun sistema publikoaren eredua «krisian» dagoela nabarmendu du, sistemaren ardatz nagusiak «galdu» direlako eta «pribatizaziorako joera» dagoelako, besteak beste.

Lehen mailako arretako langileen egoera aldatzea«instituzioen eta politikarien» erantzukizuna dela uste du Bazak, eta, horretarako, politikan «publikotasunaren alde» egin beharko litzatekeela adierazi du Aiarrak, «ardura guztia» osasun sistemaren menpe jarri ordez. Horrekin batera, Auzmendik azaldu du langileen egoera aldatzea «jendartetik ere» egin behar den zerbait dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.