Ziklo bati amaiera eman zioten igandean egindako Zarauzko (Gipuzkoa) Kilometroek, eta beste aldi bati bidea ireki. Salbatore Mitxelena ikastolak antolatu ditu aurtengo Kilometroak, eta Belen Murua bertako zuzendariak bazuen desio bat: «Jendeak aurpegian irribarre bat marraztuta» gogoratzea eredu honetako azken jaia. Festa biribiltzea zen asmoa, itxiera aproposa ematea, eta lortu dutela uste du: «Oso gustura gaude. Ondo irten da guztia. Ziklo bati amaiera eman behar genion, eta erronka handi bat zen guretzat. Jendeak gogoan edukitzeko moduko Kilometroak antolatu nahi genituen, eta asmatu dugula uste dut». Euskara, lurraldetasuna, herria, hezkuntza eta ikastola izan zituen ardatz festak, eta aurreikuspenak «bete» zirela dio Muruak. «Sentipen gozoa dugu». Horrela, zuzendariak azpimarratu du ez zela egon gorabehera nabarmenik.
Bi zati izan zituen igandeak. Eguraldia lagun izan zuten goiz partean; ez, ordea, arratsaldean. Hala ere, jende asko bildu zela azaldu du Muruak, eta arratsaldean jende kopurua mantendu zela adierazi du: «Plastikozko ziraz eta aterkiez baliatuta, jendea bertan gelditu zen. Giro alaia zegoen kaleetan. Goizetik jende asko mugitu zen. Arratsaldean, agian, ez zen horrenbeste etorri, baina, orokorrean, egun guztian, bukaera arte, jende asko ibili zen». Euria ez zen aitzakia izan festa zapuzteko, eta, saltsa ikastaroa salbu, egitarau mardulean bildutako ekitaldi guztiak egin ziren: «Saltsa ikastaroa soilik geratu zen bertan behera. Euria ari zuen, eta, ikastaroa izanik, ezin izan zen egin. Jendeak ez zuen parte hartu. Bestela, ez zen inongo arazorik izan».
Hiru gune nagusitan banatu zuten ibilbidea: Ni, Hi eta Hura. Hi gunea ikastolan zegoen kokatuta; Hura, Mollarrin, eta Ni, Malekoian. GORKA RUBIO / FOKU
Oraindik ez dute egin azken baloraziorik arlo ekonomikoari dagokionez, baina baikorra da zuzendaria: «Gure artean jarritako helburuak bete ditugula uste dut». Etekin ekonomikoak ateratzeko ekintzetan jende ugari bildu zen, eta espero bezala funtzionatu zuten. Tonbola izan zen arrakasta gehien izan zuen ekitaldietako bat, eta txosnetan ere mugimendu handia egon zen. Horrela, lortutako dirua ikastolako langileen formaziorako eta eraikina berreraikitzeko bideratuko da: «Gure marko pedagogikoa berritzen ari gara, eta irabaziak horretara bideratuko dira: langileen formakuntzara eta espazioen eraberritzera».
Elkarlana ardatz
Auzolanean eta elkarlanean antolatu zituen Kilometroak Salbatore Mitxelena ikastolak, eta hamasei batzordetan banatu ziren antolatzaileak: Txosnak, Osasuna, Prebentzioa, Ikuskizunak, Segurtasuna, Giza Baliabideak, Ekonomia, Erronka, Komunikazioa, Jasangarritasuna, Feminismoa, Protokoloa, Muntaketa, Zirkuitua, Arropa eta Inklusioa. Hala, eskerrak eman nahi izan dizkie Muruak parte hartzaile guztiei: «Talde guztiek izugarrizko lana egin dute urte osoan. Haiek gabe ez zen hau dena posible izango. 1.400 boluntario ibili ziren buru-belarri lanean. Batzuk, urte osoan zehar, eta beste batzuk, egunean bertan. Komunitatearen erantzuna izugarria izan da. Horrelako festa bat antolatzeak azpiegitura sendo bat eskatzen du, eta jende asko agertu da laguntzeko prest».
Adin guztietako jendea animatu zen ibilbide osoa egitera. GORKA RUBIO / FOKU
Egitarau zabala eta askotarikoa osatu zuten antolatzaileek. Goizetik, swing estiloko musikak blaitu zituen Zarauzko kaleak, eta dantzan jarri zituen hainbaten gorputzak. Estilo ezberdinetako musika taldeez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Alta, musikaz gaindiko diziplinen presentzia bermatzeari ere garrantzia eman zioten festa prestatzeko orduan: antzerkiak, tailerrak eta ikastaroak egin zituzten, besteak beste.
Horrez gain, azken urteetan, Gipuzkoako hainbat ikastetxetako gazteak bildu izan ditu Erronkak, eta igandean ere ez zuen kale egin. Aurten, ordea, lehiatik aldendutako Erronka osatu zuten: «Eredua apur bat aldatu nahi genuen, eta ez izatea guztia lehia. Ekintza eta jarduera ezberdinak prestatu genituen: sukaldaritzarekin eta orientazioarekin lotutakoak, esaterako». Guztira, 21 taldek hartu zuten parte, eta Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan zen irabazlea.
Hainbat ekintza egin ziren egunean zehar, eta, gosea uxatzeko asmoz, jende ugari bildu zen janari postuetan. GORKA RUBIO / FOKU
Bestalde, Muruak azpimarratu du jende ugari animatu zela ibilbide osoa egitera: «Eredu honetako azken zirkuitua zen, eta jende askok aprobetxatu zuen ibilbide guztia egiteko. Azken urteetan, jendeak galdua zuen ibilbide osoa egiteko ohitura. Ez genuen uste Mollarriko gunera hainbeste jende igoko zenik. Lagun ugari bildu ziren bertan ere; harrituta geratu ginen. Oso ondo erantzun zuen jendeak».
Eredu horri jarraikiz egingo den azken jaia izan zen, eta, datorren urtetik aurrera, festa berrasmatu egingo da. Gipuzkoako ikastolen aldeko festak aldarrikapen kutsua berreskuratzea da asmoa, eta jai txikiagoa eta parte hartzaileagoa egingo dute. Igandean jaso zuen lekukoa Amasa-Villabonako Zubimusu ikastolak, eta 2020ko urriaren 4an egingo dute jai berria.
Kilometroak
Ezarritako erronkak beteta
Kilometroak jaiaren eredu zaharreko azken aldia izan da igandekoa, eta Salbatore Mitxelena ikastolak balorazio ona egin du. Amasa-Villabonan egingo dute datorren urteko festa. Jai txikiagoa eta parte hartzaileagoa izango da, aldarrikapen kutsua berreskuratzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu