Estreinako aldiak xarmatuta

Luixa Uzkudun eta Izadi Arrospide ama-alabak nagusitu dira binakako lehendabiziko sega-sail txapelketan. Inoizko lanik luzeenak egin dituzte, 300 metro karratu ebakita: «Oso polita izan da».

Luixa Uzkudun eta Izadi Arrospide ama-alabak, igandean lortutako garaikurrarekin. BERRIA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Lehiaketa molde berri batek beti dakartza kezkak, ezinegonak eta aieruak. Emakumezkoen binakako sega-sail txapelketak, ordea, hasi orduko uxatu zituen guztiak. Herenegun jokatu zuten proba hori estreinako aldiz, Elorrion (Bizkaia), eta berebiziko hasiera izan du molde horretako lehen lehiaketak: sei bikote aritu ziren, eta pare bakoitzak 300 metro karratuko belazea ebaki zuen, azkartasunaren eta txukuntasunaren parametroei erreparatuta.

«Esperientzia oso polita izan da, oso-oso berezia. Almitza elkarteak antolatutako ligetan aritu gara orain artean, eta lehenengoz egin dugu halako proba bat. Gainera, oso ondo antolatuta zegoen, eta zapore oso gozoa utzi digu», esan du Luixa Uzkudunek. Hura eta Izadi Arrospide izan dira lehendabiziko txapeldunak, eta horrek ere badu berezitik: ama-alabak dira.

Moztu beharreko azalera izan zen saioko berritasun nagusia, eta baita binaka aritzea ere. Lanaren jirakoak aletu ditu Uzkudunek: «Gu ohituta gaude 35 metro karratutan, helduen kasuan; Izadiren kasuan [gazte mailan] 25 metro mozten dituzte. Oraingo hau jauzi handia izan da, 300 metroetara, eta txandaka».

Binaka aritzeak «atsedenerako» tarte luzeagoa utzi diela azpimarratu du Arrospidek. Haatik, bestelako sentipenak ere piztu dizkio binaka aritzeak. Hala azaldu du Leaburuko (Gipuzkoa) kirolariak: «Ohi baino urduriago nengoen, ez bainekien elkarrekin nola funtzionatuko genuen».

Emaitzari erreparatu besterik ez dago: aise aritu ziren elkarrekin. Uzkudun eta Arrospide ama-alabek hamasei minutu behar izan zituzten 300 metro karratuak ebakitzeko.

Haien atzetik, Maide Garmendia eta Uxue Iruretagoiena sailkatu ziren bigarren, minutu bat eta hiru segundora (17:03). Susana Lopezek eta Malou Henriksenek osatutako bikoteak lortu zuen hirugarren postua (17:29). Arrospidek azaldu du lehen hiru postuetan sailkatzea zutela xede: «Ez genuen irabaztea pentsatzen. Gehienbat, ni inoiz ez nintzelako emakume helduekin lehiatu».

Arrospideren esanetan, «saio ona» egin zuten: «Hasieran, belarra erraza zegoen, baina, bukaeran, nekatuta egoteaz gain, sega kamustuta zegoen, eta asko kostatu zitzaigun». Lehen bi sailetan «oso ondo» moldatu zirela gaineratu du Uzkudunek; hark azaldu duenez, hirugarren belardiak eman zizkien lanik gehienak: «Ehun metroko hiru sail ziren. Lehen bietan oso belar polita zegoen; hirugarrenean aldapa zegoen, eta belarra oso txikia zen. Sega gainera ateratzen da halakoetan, eta oso zaila izaten da moztea. Lehen bietan abiadura onean moztu genuen, baina hirugarrenean neka-neka eginda geunden biak».

Hark zehaztu duenez, ama-alabak gutxi entrenatu dira elkarrekin. Uzkudunen arabera, azken astean izan da hori: «Bakarka entrenatzen gara». Hori bai, elkarrekin garaipena lortzeari balioa eman dio Arrospidek: «Oso polita da garaipena etxera ekartzea, eta oraindik gehiago familiako bi pertsonak eginda».

Andre gehiago

Sei bikote, hau da, hamabi lagun aritu ziren igandean Elorrion. Gainera, era berri batean aritu ziren: «Segan aritzea da positiboa, nola edo hala. Almitzako ligan ere gora doa emakumeen parte hartzea. Aurten hamar izan gara helduen kasuan, eta, gero, neska gazteak eta haurrak daude. Indar handia dator atzetik».

Uzkudunek gaineratu du «prest» daudela lanean segitzeko: «Oso kirol baldintzatua da; hilabete eta erdi lehenago kontuak atera behar dira, naturak asko baldintzatzen du, udan soilik egin daiteke, baserritarrekin konpondu behar duzu... Exijentea da, baina erakargarria. Elorriokoa oso polita izan zen, etaudalei esaten diet prest gaudela erakustaldietarako, eta kontuan hartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.