Kirol guztietan funtsezkoa da detaile txikiak zaintzea. Are gehiago, zehaztasuna eskatzen duten kiroletan; esaterako, golfean. Badirudi Carlota Zigandari pieza guztiak bat etortzen ari zaizkiola, eta berriro ere lortzen ari dela onenen pare egoten. Hilabeteak zeramatzan ondo jokatzen, eta emaitzetan islatzen ari da orain. Sufritutako emaitzak dira, baina aldi berean gozatutakoak. «Ondo ibili naizen bi torneoetan etxekoak izan nituen alboan. Egia da torneo batetik bestera ia ez dugula atsedenik izaten, eta denbora gutxi dugula garaipenez gozatzeko. Baina egin beharreko zerbait da».
Ziganda «oso gustura eta pozik» dago Sitgesko Torneoa irabazi, eta Eviangoan hirugarren geratu ostean. Sitgeskoa Europako Tourrean lortzen duen laugarren garaipena da, eta Eviangoan torneo handi batean lortu duen posturik onena berdindu du. 2020tik zegoen halako postu bat lortu gabe. Sufritutako garaipena izan zen Sitgeskoa, bi kolpeen aldeaz lortu baitzuen. «Azken egunean aurkariak gerturatu egin zitzaizkidan. Baina sufritzen jakin nuen. Oso torneo ona jokatu nuen». Sufrituta irabaztearen sentsazioa gustuko du: «Nahiz eta psikologikoki gogorra izan, goian egotearen parte da, eta hori ere kudeatzen jakin behar da».
Eviangoaren bi kolpera geratu zen onena izatetik. «Sendo eta ziurtasunez» jokatu zuela nabarmendu du. «Jada aste batzuk neramatzan horrela jokatzen, eta gertu ikusten nuen postu on bat lortzeko aukera. Sendo egoteak jokoan aukera gehiago izaten lagundu zidan». Caddie-a aldatu du, eta hori funtsezkoa izan dela uste du. «Putt-a hobetzen asko laguntzen ari zait, batez ere jaitsieretan. Behar nuen halako zerbait, eta hori topatu dut harengan. Oso ondo moldatzen ari gara. Izugarrizko prestakuntza dauka. Jokalariok behar izaten ditugu halako aldaketak, jokatzeko erari beste buelta bat emateko».Urrutiko jaurtiketetan beti ikusi du ondo bere burua. Arriskuak hartzea du gustuko. Azken kolpe horretan, ordea, arazo gehiago zituen.
Oraindik ere arlo horretan zer hobetua duela onartu du: «Evianen ikusi zen zenbat hobetu dudan. Gertu izan nuen garaipena. Asteburu osoan ez nuen bogey-rik egin, eta pare bat putt-etan zertxobait gehiago asmatu izan banu, aukera nuen torneoa irabazteko».
Denboraldi honetako hobekuntzako beste faktore garrantzitsu bat «heldutasuna» izan da haren ustez. «Hamar urte daramatzat jada zirkuituan. Oraindik urte batzuk geratzen zaizkit, baina uste dutfisikoki eta psikologikoki une oso on batean nagoela. Egunerokoa hobeto kudeatzen dut, baita torneoak ere».
Bi garaipen horiei segida eman nahi izan zien Eskoziako Irekian. Ez zen posible izan, ordea. «Evianen egindako ahalegina ordaindu nuen, lehen egunetan batez ere. Oso nekatuta nengoen psikologikoki eta fisikoki. Ondoren, berriz, haizeak dezente jo zuen, eta eragin egin zidan. Ez diot buelta gehiago eman nahi torneo horri. Aurrekoekin geratzen naiz».
Eustea helburu
Orain, helburua, «joko mailari eustea» izango da. «Ea posible den urtea amaitu bitarte beste torneoren bat irabaztea. Hortik harago, erregularra izan nahi dut. Horrek ahalbidetuko dit goian egotea». Hala ere, azaldu du ez dela erraza. «Denboraldian zehar kosta egiten da hobetzea, oso denbora gutxi baitugu entrenatzeko. Hegazkinean edo lehiatzen ematen dugu denbora gehiena. Zaila da gauzak lantzea».
Goian egotea «gero eta zailagoa» dela nabarmendu du. «Atzetik datozenak asko ari dira estutzen. Prestakuntza fisikoari eta teknologiak izandako bilakaerari esker, gero eta maila hobeagoan iristen dira». Gazte horiek beren ametsak dituzte, baina baita Zigandak ere. Hasi zenetik dauka bat: torneo handi bat irabaztea.
Sufrituta, gozatzea lortu du
Azken hilabeteetan onenen pare ari da jokatzen torneoetan Carlota Ziganda golflaria. Haren ustez, 'caddie' aldaketa eta lortu duen heldutasuna funtsezkoak izan dira hobekuntza hori lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu