Ehun egun beteko dira gaur Verter Recyclingen izena ezagun bilakatu zenetik. Zabortegiko luiziak otsailaren 6an irentsi zituen Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak. Egun hartan bertan hasi ziren haien bila, eta, aldi berean, Ermua (Bizkaia) inguruko herrietako jendearen informazio gosea piztu zen, koronabirusaren krisiak arreta urrundu zuen arte. Baina zer gertatu da Zaldibarren itxialdiak iraun duen bitartean? Ikerketa eta egonkortze lanek aurrera jarraitu dute, baita desagertuen bilaketakoek ere, baina, momentuz arrakastarik gabe.
DESAGERTUEN BILAKETA
Beltrandarren samina
«Atsedenik gabe ari gara Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren gorpuen bila», Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak maiatzaren 6an eginiko adierazpenak dira. Errealitatea islatzen dute, konfinamenduak iraun duen bitartean desagertuak bilatzeko lanek segitu egin baitute. Bilaketa Segurtasun Sailaren esku geratu zen, eta zabortegia lau ataletan banatu zuten obrak egituratzeko. B1 gunea dagoeneko goitik behera miatu dute —zabortegia amildu aurretik zegoen puntura iritsi dira— eta ez dute arrakastarik izan. Sololuzeren autoa aurkitu zuten, eta makinak agertzen ari dira, baina gorpurik ez. Egun, luizian eroritako zabor masaren goialdean dihardute; material gehien pilatuta dagoen tokia da.
Joaquin Beltranen senideek gertutik erreparatu diete lanei, oso ondo ezagutzen dutelako zabortegia. Francisco anaiak esana da azken egunetan bizkorrago doazela hondakinak lekuz aldatzeko obrak, «baina oraindik asko gelditzen da arakatzeko», eta udara arte luzatuko direla. Jaurlaritzak ere uste du beste bi hilabeterako lana badagoela.
Sololuzetarrak ere hainbatetan egon dira lanak ikuskatzen. Azken aldietako bat apirilaren 29an izan zen, Jaurlaritzaren teknikariek lagunduta. Beltrandarrak, berriz, ez ziren egon bisita hartan, Jaurlaritzarekin izandako eztabaida baten ondorioz, BERRIAk familiaren inguruko iturrietatik jakin ahal izan duenez. Haien arabera, Segurtasun Sailak maiatz hasieran bisita egitea eskaini zien bi familiei, gobernuko agintariek lagunduta. Beltrandarrek, baina, baldintza bat jarri zuten gonbita onartzeko: lehendakariak barkamena eskatzea martxoaren 13an familiekin izandako bileran esanikoen inguruan.
Bilera hartan, beltrandarren arabera, Iñigo Urkulluk ulertarazi zuen haien enpresa luiziaren erantzuleetako bat izan zitekeela —zabortegi barneko hainbat lan egiten zituzten: lurrak mugitu, azalera handitu, hondakinak kokatu...—, eta horrek familia sumindu zuen. Adierazpen haietan atzera egiteko eskatu ondoren, beltrandarrek ez zuten beste dei edo gonbitik jaso.
LUIZIAREN IKERKETA
Perituen ondorioen zain
Zergatik gertatu zen luizia? Hori da galdera nagusia. Jaurlaritzak peritu txosten bat eskatu du arrazoiak jakiteko, eta bertatik bertara ari dira lanean martxoaren 17az geroztik. Ubide eta bideetako hiru ingeniarik gidatzen dute ikerketa: Eduardo Alonso Perez de Agreda Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko katedradunak, Cesar Sagaseta Kantabriako Unibertsitateko irakasle emerituak eta Jorge Cañizal unibertsitate bereko irakasleak. Prestigio handikoak dira hirurak.
Sei hilabete inguruko ikerketa izatea espero da, eta ondorioak «argigarriak izatea», Jaurlaritzaren arabera. Verterrek azken urteetan onarturiko hondakinen kopuruaz eta kokapenaz gain, haien «jokaera geoteknikoa» ere aztertuko dute, sartu zen zaborren ezaugarriek hondamendian eragina izan zuten jakiteko. Instrukzioa zuzentzen ari den epaileak baimenduta ekin diote azterketari. Verter Recyclingen aseguru etxeak ere bere perituak sartzea eskatu du.
Perituena ez da martxan den azterketa bakarra, Jaurlaritzak kanpo ikuskatze bat eskatu baitu, Verterrek 2007an jasotako ingurumen baimenaren «kontrol eta arauen betetze» maila aztertzeko. Arauak betetzea enpresari zegokion, eta kontrola, erakunde publikoei. Ricardo Energy & Environment Ingalaterrako enpresari agindu diote, eta ekain amaierarako espero da emaitza.
ZABORTEGIKO LANAK
Momentuz, biltegi bakarra
Hondamendiak sortu duen beste buruhauste handia da zer egin zabortegiarekin. 800.000 metro kubo zabor mugitu ziren luizian, eta haiek non eta nola utzi ez da erabaki sinplea. BERRIAk martxoaren 3an aurreratu zuenez, hondakin guztiak zabortegiaren inguruan geratuko dira, espresuki eginiko segurtasun biltegi batean. Jaurlaritzak gero zehaztu zuen bi biltegi izango zirela: bat, zabortegiaren beheko aldean —Verterren lurretan eta baserritar bati desjabeturikoetan—, 140.000 metro kubo zabor hartzeko modukoa; eta bestea, goialdean, 160.000 metro kubokoa. Itxialdian zehar, behekoan aritu dira lanean, eta oraindik ikusteke dago goikoa egingo den.
Azpiko biltegia bi fasetan eraiki dute. Lehen faseko lanekin, 100.000 metro kubo hartzeko tokia du, eta hori %90etik gora beteta dago egun. Aurki hasiko dira bigarren fasearekin, beste 50.000 metro kubo hartzeko. Jaurlaritzaren ustez, horrekin aski izango da larrialdi lanak bukatzeko —azpiegitura egonkortzea eta bilaketa—. Hondamendia gertatu eta berehala, Verterrek Jaurlaritzari jakinarazi zion ezin zituela bere gain hartu larrialdiko lanak, eta gobernuak hartu zuen lema. Erakundeek uste dute beste bi hilabeterako lana dutela, baina desagertuen bilaketaren emaitzek epe hori baldintza dezakete.
Larrialdi lanak amaitzean, Verterren esku utzi beharko dute ardura, konponbide faseari ekin diezaion. Hari dagokio ingurua zigilatzea. Jaurlaritzak esana da orain arte bederatzi milioi euro gastatu dituela, eta, Ahoztar Zelaieta kazetariak publiko eginiko aurrekontuaren arabera, beheko biltegiaren kostua 4,9 milioi eurokoa izan da. Jaurlaritzak Moyua eraikuntza enpresari esleitu zizkion zeregin horiek, presazko prozedura baten bidez.
Eta zabortegiaren goiko biltegia? Jaurlaritzaren lehen proposamena aurrediseinu bat zen, eta hura eraikiko ote den ziurtatzeke dago. Verterrek planteatzen duen konponbidearen araberakoa izango da. Jaurlaritzak lanak errazteko behin-behineko erreminta gisa aurkeztu zituen biltegiak, baina litekeena da behekoa dagoen bezala geratzea, eta zabortegia zigilatuko duen azken egitasmoaren parte izatea.
Lan handi eta garestiak dira, eta epaileak erabakiko du zeinek ordaindu behar dituen. Verterrek 8,35 milioi euroko kostua aurreikusten zuen zabortegia itxi osteko gastuetarako, eta pentsatzekoa da diru hori biltzen hasia zela; izan ere, bi urteko zaborra pilatzeko tokia zuen bakarrik. Jaurlaritzaren lanek kopuru hori gainditu dute dagoeneko.
AUZIBIDEA
Oraindik sekretupean
Verter Recyclingen hondamendiko erantzukizunak argituko dituen auzibideak luze joko du. Ez da erraza zehaztea noiz izango den epaiketa, baina, kasua gertutik jarraitzen ari direnen arabera, instrukzioak urtebete inguru iraun dezake, eta epaiketa hasten denerako lauzpabost urte igaro daitezke. Ikerketa otsailaren 12an hasi zen, Durangoko epaitegiko lehen aretoan; handik gutxira, filtrazioen ondorioz, epaileak sekretupean jarri zuen. Martxoaren 12an justizia administrazioaren jarduera eten zenez, epaileak oraingoz ezin du neurririk hartu.
Ertzaintzak hainbat deklarazio hartu ditu, Verterreko eta Beltranen enpresako langile guztienak, besteak beste. Zaldibarko Udalean ere izan dira agiriak ikuskatzen. Dena den, epaileak deklarazio horietako asko berriz hartzea espero dute abokatuek. Hedabideetan zabaldu diren azken datuen artean ageri dira Beltranek eginiko azken telefono deien zerrenda, eta luizia sumatu zuenean Sololuze ohartzera joan zela baieztatzen duten testigantzak.
Orain arte hedabideetan informazio argigarriena eman duten iturriak dira hondakinak garraiatzen zituzten kamioilariak; bati behintzat deklarazioa hartu diote. Ikerketan lagungarri zatekeen probetako bat Verterreko irudiak lirateke: zabortegian sartzen ziren kamioi guztiak filmatzen zituen kamera zirkuitu itxi bat zegoen; desagertuen familiek eskatu dute grabazioak erreskatatzeko.
Ekologistak Martxan taldeak kereila bat aurkeztua du Durangoko auzitegian; eta Zaldibarko, Ermuko eta Eibarko udalek akusazio gisa aurkezteko asmoa dute. Bizkaiko Aldundia ere akusazio gisa aurkeztekoa da, luiziak autobidean eginiko kalteengatik. Lege ikuspegitik iritsitako azken albistea Europako Batzordeak idatzi zuen asteazkenean: PPren eta Ciudadanosen galderei erantzunez, auzia aztertuko duela iragarri du. «Kasuaren larritasuna» aitortu du, eta harremanetan jarriko da Espainiako agintariekin. Jaurlaritza kexu da batzordeak ez ziolako informaziorik eskatu, baina «lankidetza» eskaini dio.
Zaldibar, maskararen garaian
Koronabirusaren krisiak foku mediatikoa urrundu badu ere, itxialdian aurrera jarraitu du Verter Recyclingen hondamendiaren ondorenak, zabortegian zein epaitegietan. Gaur ehun egun beteko dira zabortegia amildu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu zirenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu