ADIERAZPENAK

2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
«Frantziako Gobernua prest azaldu da kartzela politika aldatzeko, eta albiste ona da hori. Hego euskal herritarrok badugu zer ikasia. Fronte Nazionalaren salbuespenarekin, alderdi politiko, sindikal eta sozial guztiak gai izan dira ados jartzeko eta Frantziako Gobernuarekin elkarrizketa bide bat irekitzeko. Eredu ona da hori Hego Euskal Herrian ere presoei buruzko bide orri zehatz bat adosteko. Ezker independentistak lanean jarraituko du. Lan horrek fruituak eman ditu Frantziako Estatuan, eta fruituak ekarriko ditu Espainiako Estatuan ere. 2018an albiste on gehiago espero ditugu».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea

«Frantziako Estatuan ireki egin da kartzelei buruzko elkarrizketa, eta azpimarratzekoa da hori lortzeko Ipar Euskal Herrian egin den lana. Elkarrekin lan bikaina egin dute gizarte zibilak, instituzioetan diren kideek eta Iparraldeko lehendakariak. Bide bat ireki da hor, eta espero dugu Espainiako Estatuan ere hori gertatzea. Eusko Jaurlaritzak baldintza modura jarri behar lituzke kartzela politika eta normalizazioa estatuarekiko dituen harremanetan. Urte asko dira ETAk borroka armatua utzi zuenetik, eta ordua da agenda humanitario hori lantzeko».

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia

«2018ak erabakigarria izan behar du euskal preso eta iheslarien etxeratzea bideratzeko. Adostasun zabala dago preso gaixoen askatasuna eta sakabanaketaren amaiera eskatzeko, etagero eta konplizitate gehiago eraikitzen ari dira. Adostasunak jorratzea da bidea. Hori egin dute Ipar Euskal Herrian, eta Frantziako Gobernuak urrats batzuk egiteko erabakia hartu du. Adostasunak eraikitzen baditugu, Espainiako Gobernua ere behartuko dugu pausoak ematera».

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia

«Frantzia heldutasuna erakusten ari da gaur egun, eta heldutasun hori behar lukete Gasteizko gobernuak eta Madrilgoak ere. Parisera joan gara, eta Bilbora ere etorri gara, baina ea noiz joaten garen Madrilera eta urrunago, behar bada. Herri honek luzez bizi izan duen gatazka honi argi izpi batzuk zabaltzen ari zaizkio. Izan dadila presoen aldeko azken martxa. Aurten badugu inoiz baino arrazoi gehiago hori esateko».

Mertxe Colina Bake Bideko kidea

«Asteburu honetan ez dugu bisitarik egin, senide guztiak manifestazioan egon ahal izan daitezen eta ezinbestekoa dugulako gizartearen berotasuna jasotzea urtean zehar egin behar ditugun bidaia horiek guztiak egiteko. Espero dugu salbuespen politika 2018an bukatuko dela ».

UrtziErrazkin Etxerat elkarteko bozeramailea

«Gizarteak presoen eskubideen alde duen konpromisoak lortu du Frantziako Gobernuak mugimenduak egitea; zorionez, nahi duelako eten Espainiako Gobernuarekin izan duen harremana. Horrek argi erakusten du borondate politikoa dagoenean hurbilketak egon daitezkeela, eta gure esperantza da, gizartearen bultzadaz, hori ere hemen gerta dadila».

Pello Urizar EAko idazkari nagusia

«Ezin da kalitatezko demokrazia baten ziurtagiririk lortu, baldin eta giza eskubideak era sistematikoan eta jarraian urratzen badira. Kasu paradigmatikoa da euskal presoena. Mendeku hutsa da sakabanaketari eustea eta oso bizi itxaropen txikia duten presoak espetxean mantentzea. Ez da jarrera demokratikoa. Erantzun bakarra izan dezake horrek: duintasunarena, zintzotasunarena eta giza eskubideen aldarrikapenarena. Gainera, Frantziako administrazioak egindako mugimenduek argi uzten dute normaltasunetik erabat kanpo gelditzen dela hau».

Joan Tarda ERCko diputatua Madrilen

«Kataluniak beti erakutsiizan du elkartasun handia euskal presoekin, eta oso pozgarria da hemen egon eta gu jasotzen ari garen elkartasun keinuak eskertzea ere».

Xabier Sanchez Jordi Sanchez ANCko buruaren etapresoaren anaia

«Jarrera bakezaleak defendatu behar ditudala uste dut, ekologista eta paristarra naizen neurrian, jarrera horiek unibertsalak direlako. Abenduaren 9an Parisen egindako mobilizazioaren izan nintzen, eta logikoa iruditu zait Bilbora ere etortzea».

Jerome Gleize Frantziako Alderdi Berdeko zinegotziaParisko Herriko Etxean

«Gizartean konpontzeko dagoen gaia da oraindik presoena, eta, ez badugu bideratzen, ez dugu aurrera egingo gizarte modura. Frantzian emango dira pausoak, eta ea guk ere lortzen dugun mugaz alde honetan pauso berak ematea».

Kirmen Uribe Idazlea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak