Aieteko konferentziaren 10. urteurrena. Mahai ingurua

Aieteko Adierazpena goretsi dute alderdiek, baina bete gabe dagoela gogoratuta

Egibarren ustez, «biktimen eta presoen gaiak» lehentasunezkoak dira. Otegik adierazpeneko puntu guztiekiko «konpromisoa» berretsi du

Nazioarteko ordezkariak eta alderdietakoak, atzo, urteurren ekitaldira sartu aurretik. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hamar urte atzera Donostiako Aieteko jauregian plazaratutako adierazpena mugarritzat hartu zuten, hizlariek egin moduan, urteurren ekitaldira bertaratutako alderdietako ordezkariek. Eta bat etorri ziren adostutakoa egonkortzen jarraitu behar dela. Aldiz, hori nork bere erara egin zuen, eta izan zen mezu gurutzaturik ere.

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak bidalitakoa izan zen nabarmena. Ezker abertzaleak garai hartan izan zuen «protagonismoa» nabarmendu zuen, eta esan zuen ETAk bere jardun armatua hark «aginduta» utzi zuela. «Orduan hori erabaki zuen bezalaxe», orain «irakurketa kritiko bat» egitea dagokio ezker abertzaleari, haren esanetan: «Nola azaltzen dion euskal gizarteari ETAren existentzia». Jarduera armatuaren ondorioak konpontzeke daudela esan zuen, eta azpimarra egin zuen «biktimen eta presoen gaian».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak bere hitzaldia hasi zuen esanez duela hamar urteko konferentzian ez zuela egoterik izan, preso zutelako. Bera kartzelatuta Aieten gertatu zena «ez gertatzea» helburu zutela salatu zuen, eta baita Aieteren ondorioz «egondako hainbat urrats» eragoztekoa ere. Hala ere, «zorionez», helburu hori ez zutela lortu azpimarratu zuen.

Halaber, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak bereziki balioetsi zuen «nazioarteko komunitatearen ordezkaritza oso garrantzitsu bat» Euskal Herrira bertaratu izana duela hamar urte, eta erantsi zuen horrek han hitzartutakoaren balioa erakusten duela. Hala ere, gogorarazi zuen ordezkaritza hark «ibilbide orri bat» zehaztu zuela, eta hor zerrendatutako «hainbat puntu oraindik ere garatu gabe eta bete gabe» daudela salatu zuen. Adierazpena berretsi zuen ondoren, eta horrekiko konpromisoa agertu: «Herri honi eskainitako ibilbide horretan jarraitzen dugu, puntuz puntu. Eta, beraz, ibilbide hori egiteko prest gaude azken helmugara heldu arte».

Ahal Dugu, iraganaz

Aieteko konferentziari eta han adostutakoari bainoago, haren aurretik gertatutakoeierreparatu zien Pilar Garrido Ahal Dugu-ko EAEko idazkari nagusiak. Etorkizunari begiratzeak «iragana aztertzea» eskatzen duela adierazi zuen, eta gaineratu zuen «guztiz hutsala» izan dela «hainbeste urtetako indarkeria eta sufrimendua». Adierazi zuen ideia hori aurrerantzean ere iltzatuta izan beharra dagoela. Horrekin batera, Garridok uste du «edozein eratako sufrimendua gaitzetsi beharra» dagoela ere. Aldi berean, «partekatua eta inklusiboa» izango den memoria eraikitzeko lana berretsi zuen.

Ordezkaritza instituzional eta sindikal zabala izan zen ekitaldian. Bertan ziren, PP eta VOX izan ezik, Eusko Legebiltzarreko beste alderdietako ordezkariak, baita ELA, LAB, CCOO, UGT, CFDT, Steilas eta ESK sindikatuetakoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.