Bilboko portuko garabietako askok atseden hartuko dute hurrengo egunetan. Euskal Herriko merkantzia sarbiderik handiena gutxieneko zerbitzuetan ariko da hilaren 25era arte. Zamaketariek hamasei eguneko greba hasi zuten atzo, 1983az geroztik Bilboko portuan egon den protestaldi luzeena. Langile batzordeko sindikatu guztiek bat egin dute, ELAk izan ezik; haren afiliatuek, dena den, lanuzteak egingo dituzte. Izan ere, ondo dakite asko dutela jokoan. «Gure lana aldi baterako enpresekin ordezkatu nahi dute. Lehen, behin-behinekoek gure lan baldintzak zituzten, eta, orain, hori ere ez. Soldata askoz txikiagoa dute, eta, egun bateko edo astebeteko kontratuak direnez, kexatzen dena ez dute berriz deitzen. Hau lan gogor eta arriskutsua da, eta baldintza duinak merezi ditu. Aldi baterako laneko enpresak prezio gudan hasten badira, are gehiago prekarizatuko da. Hori eten egin behar da». Azalpena Xabier Durangorena da, Kaia-BESek langile batzordean duen kidearena.
Zamaketari jarduna bidegurutze batean dago, gainera. Urte luzeko epaibide baten ondoren, eta Europako Batzordearen ebazpen bat dela medio, jarduna liberalizatuta dago iragan maiatzetik, eta ezin zaio trabarik jarri aldi baterako enpresak erabiltzeari. Portuan 320 langilek osatzen dute finkoen multzoa; azpiegitura publikoa zenetik jarraitzen dutenak dira. Haien kontratuak subrogatu egin dira, eta egun Bilbo Estiba CPErentzat egiten dute lan. Portuan diharduten lau zamaketa enpresen —Toro y Betolaza, Berge, S.L.P. eta Cosco txinatarra— artean osaturiko lan enpresa da, eta hark banatzen du lana. Lehen, 405 ziren, baina, erretiroen poderioz, 320 dira orain; besteak beste, ez dutelako langile finkorik kontratatu azken hamabi urteetan. Tarte horretan, berriz, behin-behinekoen kopurua izugarri handitu da. 60ko poltsa batekin hasi ziren, eta egun 120 inguru dira.
Durangok dioenez, azken asteetan «izugarri» handitu da behin-behinekoen sarrera. «Gatazka markoan hasi garenetik, Adecco eta Randstasd aldi baterako laneko enpresak indar betean sartu dira». Horrek dakartzan arriskuekin: «Langile horiek ordu bateko edo biko trebaketa izan dute garabian, eta hurrengo egunean kamioiak kargatzen jartzen dituzte. Beste sektore batzuetan garabiekin hamabi urteko esperientzia zuela zioen langile bat etorri da, eta ez zekien mandoak nola zebiltzan. Eta portuari horrek ez dio axola». Normalean, zamaketariek bi hilabete inguruko trebakuntza behar izaten dute, merkantziaren arabera lana oso ezberdina baita. «Hildakoak egon daitezke», gehitu du. Ez da esajerazioa: azken bost urteetan bost langile hil dira Bilboko portuan, eta azken hamarretan, bi zamaketari. Istripuak ohikoak dira.
«Gatazka markoaz» mintzo da, zamaketariek urtebete daramatelako lan hitzarmen berria negoziatzen. Iragan abuztuan beste greba deialdi bat egin zuten, baina azken egunean bertan behera utzi zuten, fede ona erakusteko. Hartaz geroztik, beste zazpi bilera egin dituzte Bilbo Estibarekin, «baina alferrik izan da», zehaztu du Israel Ruiz UGTko delegatuak. «Atzera egin dugu. Enpresak egun batean eskaintza bat egiten zuen, eta hurrengoan kendu. Pentsa, atsedenak ere ezin izan ditugu arautu. Hamalau lanegun eta hiru atseden eguneko txandak ditugu, eta lan ikuskaritzak esana du legez kanpokoa dela. Bada, ezta horrela ere».
Zamaketarien egutegia, izan ere, ez da erraza azaltzen. Lan kargak fluktuazio handiak ditu itsasontzien joan-etorriaren arabera. Esaterako, portuan bost txanda ezberdin dituzte egunean, eta bezperako 18:30ak aldera jakiten dute noiz eta zeinentzat egingo duten lan hurrengo egunean. Kontziliazioa oso zaila da. Okerragoa da behin-behinekoen kasua, egun bateko kontratuak egiten baitizkiete eta haiek ere bezperan jasotzen baitute deia. Halakoek azaltzen dute grebak atzo izan zuen arrakasta. Langile guztiek egin zuten bere txandako lanuztea —atzo bi ordukoak izan ziren—, eta hamahiru ontzi egon ziren zain kaietan.
Lan karga, goraka
Langile finkoen kopurua da talka gai handietako bat. 2012az geroztik, lan karga handitzen ari da portuan, eta 2017an eta 2018an gaina jo zuen. Aurre egiteko, zamaketariek txanda bikoitz boluntarioak egin zituzten. «Ahalegin berezia zen, portuaren lehiakortasunari eusteko. Trukean, enpresaren erreakzioa espero genuen, jende gehiago sartzea, baina ez zen halakorik egon», gogoratu du Durangok. Eta utzi egin zituzten. «Kalkulu bat egiten da,txanda bikoitzen araberakoa, eta gutxienez hogei finko gehiago hartu beharko lituzkete», gehitu du Ruizek.
Finko berriak, izan ere, beharrezkoak dira zamaketarien indarrari eusteko. Adin batezbestekoa goraka doa, eta gero eta gutxiago dira. «Gure lana maite dugu, eta orain ezin dira multinazional batzuk etorri ibilitakoa deuseztatzera. Errespetu falta da. Haiei ez zaizkie axola hildakoak». Ruizek hartu du lekukoa; hari lau urte falta zaizkio erretiroa hartzeko. «Ni hurrengoengatik nabil borrokan, ordezkatuko nauenak baldintza duinak izan ditzan. Ez da bidezkoa hamabi urtez behin-behinean egotea! Bihar lan egingo duzun jakin gabe. Lan egonkorra dena prekario bihurtu nahi dute. Kito».
Lan gatazkak. Bilboko portuko zamaketariak
«Duintasunari» eusteko
Bilboko portuko zamaketari guztiek egin dute greba, deialdiaren lehen egunean. Hamasei eguneko protestaldia da, azken berrogei urteetako luzeena. Lan hitzarmenaren negoziazioan enpresa atzeraka ari dela salatu nahi dute, eta azken hamabi urteetan behin-behineko langileak sartu direla bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu