CAPARROSOKO ETXALDEA

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Norena da behitegia?
Valle de Odieta kooperatibarena.

Zenbat behi ditu?
2009tik aurtengo martxora arte, 3.450 esne behi izateko baimena zuen. 2019ko ikuskaritza baten arabera, 5.152 esne behi, eta bi urtetik beherako 1.780 biga eta bigantxa zituen, eta hori zuzentzeko eskatu zitzaion. Egun, enpresak dio 5.200 behi dituela eta 2.800 biga eta bigantxa.

Zenbat esne ekoizten du?
Valle de Odietaren arabera, 160.000 litro egunean. Urtean, hortaz, 58.400 tona litro ekoizten dituzte egun, baina helburua da 7.200 esne behi dituztenean 75.000 tona ekoiztea.

Nori saltzen dio?
Esne guztia Saiona kooperatibari saltzen dio. 2016ko datuen arabera, Nafarroan ekoitzitako esnearen %37 erosi zien 11 ekoizleri. Saionako bazkideetako bat Valle de Odieta bera da. Saionak Eroski taldearekin hitzarmen bat egin zuen 2016an, haren markarekin Nafarroako jatorria duen esnea saltzeko.

Nolakoa da funtzionamendua?
Produkzio intentsiboa da. Esne behiez gain, kume arrak saldu egiten dituzte. Urtean 2.000 behik esnea emateari utziko diote. Behi bakoitzak txekor bat izaten du urtean.

Zenbat ur kontsumitzen du?
Ingurumen baimen berrian, kalkulatzen da 896.000 litro ur behar dituela egunean, 7.200 behiri edaten emateko eta garbiketa egiteko.

Behitegia al da instalazio bakarra?
Ez. Ustiategitik bi kilometro hegoaldera, biometanizazio planta dago. Haren gestioa Hibridación Termosolar Navarra sozietate kooperatibak kudeatzen du: Valle de Odietarekin batera, AN kooperatiba taldea eta Biorenovables SL enpresa dira bazkide. Lurrak erosteaz Corralizas Tomillar arduratzen da.

Zer da biometanizazio planta?
Ez da minda arazteko planta. Oxigenorik gabeko tankeetan, mikroorganismoek metanoa eta karbono dioxidoa sortzen dute hartzidura bidez, eta, biogas hori erregai moduan erabilita, argindarra ekoizten da.

Zenbat hondakin iristen da etxaldetik?
145.000 tona du baimendua, baina azken urteetan gainditu egin du kopuru hori: 2018an, simaur, minda (pixa eta gorotzaren nahasketa) eta ur zikinak kontatuta, 174.900 tona.

Zenbat hondakin iristen da kanpotik?
Ingurumen baimenaren arabera, urtean kanpoko 69.500 tona ekar ditzakete plantara, baina 2019an gainditu egin zuen kopuru hori: 96.017 tona.

Zer hondakin dira?
Denetarik. 44 hondakin mota hartzeko baimena du: antibiotikoengatik industriak desegin nahi duen esnea, elikagai industriaren soberakin eta hondakinak, hiltegietako odola eta tripak, elikagai industriaren lohiak eta hondakin uren lohiak, olioa eta ur oliotsuak, edari eta elikagai industriaren hondakinak...

Zenbat digestato sortzen da?
Argindarra sortzeko prozesuaren arrastoa da digestatoa. 2019an, 184.965 tona digestato likido sortu zuen plantak, eta beste 22.310 tona digestato solido. Ongarri gisa erabil dezake.

Zenbateko eremua du ?
2009ko baimenean, 3.000 hektareako eremuan banatu behar zuen digestatoa. Baimen berriak 8.000 hektarea ezartzen du. 23 udalerritako zoruak hartzen ditu: Caparroso, Martzilla, Alesbes, Azkoien, Kaseda, Bardeak, Artaxoa, Santakara, Castejon, Erriberri, Pitillas, Murillo el Cuende, Tutera, Tafalla, Murillo el Fruto, Mendigorria, Beire, Cadreita, Gallipienzo, Cascante, Melida, San Martin Unx eta Larraga. Zeregin horretan 222.000 litro gasolio kontsumitzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.