Energiaren garestitzea

Deskontuak, gaurtik aurrera

Azken egunetan apaldu egin da erregaien prezioa. Hegoaldean beherapena tiketean azalduko da; Iparraldean, hornigailuetan

Mungiako (Bizkaia) gasolindegi bateko langile bat, aurreko astean. A. LOIOLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun

Gaurtik aurrera, Euskal Herriko gasolindegi guztietan aplikatuko dira Espainiako eta Frantziako estatuek erregaiei ezarritako deskontuak. Azken asteetan, prezioen goranzko joerari eutsi zaio, baina neurriak iragarri aurreko asteetan baino motelago; azkenengo bi egunetan, berriz, apur bat merkatu dira.Atzo, Hegoaldean, 1,827 eurotan zegoen gasolina litroa eta 1,875tan gasolioarena. Iparraldean, 1,942 eurotan eta 2,084tan, hurrenez hurren.  —Gasolina zerbitzugune bakoitzeko prezio zehatza eta eguneratua ikusteko, klikatu hemen—.

Zenbatekoa izango da eta noiz arte iraungo du?

Hego Euskal Herrian, litroko 20 zentimokoa izango da deskontua, bihartik aurrera eta ekainaren 30era arte, gasolindegi guztietan eta bezero guztientzat, partikularrentzat zein profesionalentzat, eta ibilgailu eta lanerako makineria guztientzat, hegazkinak salbu. Gauza bera Ipar Euskal Herrian, baina han 18 zentimokoa izango da beherapena, gaurtik aurrera, eta Hegoaldean baino hilabete bat gehiagoz, uztailaren 30era arte.

Zer erregaitan?

Gehienetan: gasolina eta gasolio guztietan, itsas erabilerarako gasolioan, propultsio ibilgailuetarako petrolio gas likidotuetan, ibilgailuetarako gas natural likidotuan, gas natural likidotuan, bioetanolean, biodieselean, bioetanolarekin egindako gasolina nahasketetan eta biodieselarekin egindako gasolio nahasketan, eta adblue gehigarrian.

Non ikusiko da?

Bezeroek zuzenean saltokian lortuko dute deskontua: ez dute ezer egin beharko. Hegoaldean, fakturan edo tiketean islatuko da: eragiketaren zenbatekoa jakinarazi beharko zaie, xehe: deskontuaren aurreko prezioa eta bukaerakoa, aplikatutako hobariarekin. Gasolindegiek hamabost egun izango dute programa informatikoak eta tiketak egokitzeko. Iparraldean, berriz, zerbitzugune batera iristean, kontsumitzaileak erregaiaren prezio beheratuta ikusiko du sarrerako totemean eta hornigailuetan, eta hori da zuzenean fakturetan azalduko zaiena.

Nork ordainduko du?

Hegoaldean, beherapeneko 20 zentimoak Espainiako Estatuaren (15 zentimo) eta petrolio konpainiek (5 zentimo) artean banatuko dira. Hala ere, soilik hiru enpresak —Repsol, Cepsa eta BP— egin beharko dute hori. Besteek ez dute 5 zentimoko deskontua jarri beharko, eta, kasu horretan, gobernuak bere gain hartuko du osorik. Horrela, kontsumitzaileek 20 zentimoko hobaria bermatua izango dute gasolindegi guztietan. Iparraldean, Parisek 18 zentimoko deskontua oso-osorik hartuko du bere gain. Era berean, eta orain arte bezala, Euskal Herri osoan saltzaileek deskontuak handitzeko aukera izango dute; fidelizazio txartelen bidez, adibidez.

Nola itzuliko zaie dirua saltzaileei?

Hegoaldean, gasolindegiek hilero aurkeztu beharko dute hobariak itzultzeko eskaera, bakoitzak dagokion foru ogasunean egin beharko du hori, eta haiek tramitatuko dituzte Espainiako Gobernuarekin. Hori arazo bat izan daiteke gasolindegi askorentzat, txiki eta ertainentzat bereziki, diru asko aurreratu behar dutela aurreikusten dutelako. Arazo hori ez izateko, aurrerakinak emango dizkie Madrilek, eta foru ogasunetan egin beharko dituzte eskaerak; 2021ean saldutakoaren hileko batez besteko bolumenaren %90 jasoko dute, eta, ondoren, erregistratu duten benetako bolumenarekin doituko da. Aurreratutako ordainketa horrek baditu mugak batzuk: ezin izango da bi milioi eurotik gorakoa izan, ezta 1.000 eurotik beherakoa ere. Iparraldean, zerbitzuguneei ez baizik handizkako hornitzaileei itzuliko die dirua estatuak, banatzaileek jada deskontuarekin jasoko dute erregaia eta hala salduko dute gasolindegiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.