13/13 auzia. Mahai ingurua

Akusatuek uste dute auzia «torturak pozoituta» dagoela hastapenetatik

Mahai ingurua egin dute Bilbon. Auzibidean «eskubide urraketa larriak» egon direla salatu dute

Martxeko Otamendi, Arantza Zulueta, Alfonso Zenon eta Laura Pego, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun

«Tortura salaketak artxibatu zituzten arren, guztiz frogatuta daude, eta nahikoak izan beharko lukete epaiketa bertan behera uzteko. Are gehiago: Espainiako gizarteak eskandalizatuta egon beharko luke polizia operazio hartan egon ziren tortura basatiekin». Arantza Zulueta abokatuaren hitzak dira. Bera da 13/13 auzian epaituko dituztenetako bat, eta fiskalak 19 urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzat. Dioenez, auzi osoa «hastapenetatik torturak pozoituta» dago, eta horrek aski izan beharko luke epaiketa baliogabetzeko.

Eragile askok «denboraz eta lekuz kanpokotzat» eta iraganera itzultzeko saiotzat jo dute epaiketa.

Naia Zuriarrainek Guardia Zibilaren eskutik jasandako torturei buruz hitz egin du bideo batean.

Astelehenean hasiko da epaiketa, eta, lehenago, horren inguruabarrez aritu dira Arantza Zulueta abokatu eta 13/13 sumarioko auzipetua, Alfonso Zenon 13/13 auziko abokatua eta Laura Pego Otero ikerlari, legelari eta Kriminologiaren Euskal Institutuko kidea, Bilborock aretoan, BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik gidatutako mahai inguruan. Otamendik aurkezpenean esan duen moduan, makrosumarioen eta epaiketa handien aroko azkena beharko luke 13/13 auziak, «Espainiako Auzitegi Nazionalak kontrakoa adierazten ez badu behintzat; zoritxarrez, Espainiako politikagintzak ezusteko lazgarriak eman dizkigu behin baino gehiagotan».

Testuinguruan kokatu du Zuluetak astelehenean hastekoa den epaiketa. Gogorarazi duenez, 2010eko apirilean izandako polizia operazioa du iturburu: «Garai hartan, ezker abertzalea eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eztabaida sakon batean murgilduta zeuden, denok ezagutzen ditugun ondorioak ekarri zituena». Haren ustez, polizia operazioa eta auzibidea ezin dira ulertu abagunea kontuan hartu gabe: «Herri honek demokrazia eta bakea lortzeko pausoak ematen dituen bakoitzean, errepresioa izaten da erantzuna».

Azaldu duenez, auzibidean «eskubide urraketa larriak» gertatu dira: lehen aipatutako torturez gain, abokatuen bulegoen «legez kanpoko miaketak» eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuek «epailearen baimenik gabe» egindako entzuketak eta jarraitzeak ahotan hartu ditu Zuluetak.

Auzipetuek horiek guztiak epaiketan azaltzeko asmoa dute, tortura salaketak barne, baina ez dakite epaimahaiak horretarako tartea utziko ote dien: epaileek akusatuen torturen lekukotzak etetea ez da ezohikoa Auzitegi Nazionalaren epaiketetan.

Birritan epaituta

Alfonso Zenonek ere auzibidean izandako ustezko irregulartasunak aipatu ditu, eta, batez ere, defentsaren lerroetako bat izango dena nabarmendu du: Non bis in idem izeneko printzipio juridikoa, akusatu bat delitu beragatik birritan epaitzea galarazten duena. Abokatuaren ustez, epaiketa honetan printzipio hori urratu da.

Izan ere, akusatuetako zenbait presoen abokatuen eta babes sareko kideen kontrako beste auzi batean epaitu zituzten, eta orduan ere ETAko kide izatea leporatu zieten. Fiskaltzarekin egindako akordio baten ondorioz, auzipetuek onartu egin zuten akusazioa, eta epaiketa bertan behera utzi zuten, baina auzia ebatzirik gelditu zen.

Epaimahaiak ez du aintzat hartu argudio horretan oinarrituta defentsak aurkezturiko eskaera, baina epaiketan berriro agertuko da afera: «Epaiketan planteatuko dugu egitateak jadanik epaituta daudela, eta hori azken instantziaraino eramateko prest gaude», esan du Zenonek.

Laura Pegok Eusko Jaurlaritzaren aginduz torturari buruzko txostena egin duen taldean parte hartu du, eta bere ikerketen berri eman du. Esan duenez, torturaren funtzio nagusietako bat da informazioa lortzea eta akusatuaren autoinkulpazioa ahalbidetzea. Kasu askotan, polizia etxean egindako autoinkulpazioa izan da aurkezturiko froga bakarra, eta akusatua espetxera eraman duen arrazoia: «Harreman zuzena dago inkomunikazioaren, autoinkulpazioen eta zigorra dakarten sententzien artean», esan du.

Nabarmendu du tortura salaketa asko, 600 inguru, 2000. urtetik aurrerakoak direla, eta tortura psikologikoak eta aztarna fisikorik uzten ez dutenak nagusitu direla azken urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.