Adin nagusitasuna adingabeentzako zentro batean heldu zitzaion Aqdas Malik gazteari, eta familiaren babesik gabe. 2001ean sortua da, Pakistanen. Helduaroan sartzeko aterpe baten bila, Errenteriako (Gipuzkoa) etxebizitza komunitarioetan bizitzen jartzeko aukera sortu zitzaion. Aurrez hilabete batzuk egin zituen etxe partekatuetan-eta, baina urte honen hasieratik bertan bizi da. Hilean 90 euro pagatzen du errenta.
Ikusi gehiago:GURASOEN HABIA UTZI EZINDA
«Adingabeen zentrotik atera behar nuen, eta, garesti izan gabe, hau zen biderik onena ikasten jarraitu ahal izateko lasaitasunarekin, estresatuta egon gabe», gogoratu du. «Errenterian bertan erroldatuta nengoen, eta proba egitea erabaki nuen». Errenteriako Udalaren zerbitzu bat da: gazteen emantzipazio prozesuan «lagungarria izan nahi duen proiektu komunitario bat da», eta bertan bizi diren gazteak beste pisukideekin «elkarbizitzan eta kooperazioan»bizitzea du helburu. Lau gelako apartamentuak dira, sukaldea, egongela eta komuna ere badituztenak; gela propio bat izateko aukera dute gazteek. Parte hartzaileek komunitatean lan batzuk eskaini behar dituzte bertan bizi badira. Hasieran, hiru urteko kontratuak egiten zizkieten gazteei. «Orain bost urtera luzatzea lortu dugu», azaldu du Malikek. Ikasten jarraitze aldera, erabaki egokia dela uste du.
Malik pozik dago egindako hautauarekin. «Hemen ondo egoten da. Oso ondo dago. Honek aukera ematen digu ikasten jarraitzeko, eta bitartean aurrezteko», nabarmendu du. «Gainerakoan, ez duzu aurrezten, eta ezin duzu inoiz etxe bat erosi». Ondo daki bere egoera askoz ere zailagoa litzatekeela babes hori gabe. «Alokairuak oso garesti daude». Merkatuko arauetatik aparte dagoen errenta horrek ematen dion aukera aprobetxatzen ari da. «Gizarte Integrazioa ikasten ari naiz orain, goi mailako gradua». Lanean ere ari da: «Asteburuetan Sanmarkosenen aritzen naiz, Errenteriako zahar etxeetako batean». Eta harago egitea ere badu buruan: «Unibertsitate ikasketak hastea ere aztertzen ari naiz».
Tarteak atera behar ditu boluntario jarduteko ere: «Izan ere, boluntario jardutea da hemen sartzeko baldintzetako bat. Diru gutxi pagatu behar da, eta ordu batzuk eman egin behar zaizkio komunitateari». Bera, hain justu ere, andre baten etxera joaten da lan komunitario hori egitera. Jarduerak antolatzen dituzte «auzotarrekin batera» ere.
Bizikidetza
Eguneroko martxa antolatu behar izaten dute. «Hamabost egunean behin batzarrak egiten ditugu, arauak jartzen ditugu». Etxean denek erabiltzeko moduko espazio partekatu asko dituzte: sukalde handi bat, ikasten jarduteko gela bat, arropak garbitzeko toki bat... Pozik dago Malik: «Ondo egoten da hemen. Gazte guztiak animatzen ditut etortzera. Izan ere, badira tokiak libre».
Gazteen emantzipazioa. Bizipenak
«Hau zen bide onena ikasten jarraitzeko»
Errenteria. Aqdas Malik herriko etxebizitza komunitarioetan bizi da urtearen hasieratik, 90 euroren truke. Ikasketak eta lana uztartzeko ere ematen dio abaro horrek, eta etorkizunean bide propioa goldatzeko dirua aurrezten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu