Juaristik uko egin dio hautagaitzari, «lekuz kanpoko» jarrerengatik

Europako Parlamentuko EH Bilduren hautagai zen Josu Juaristi. Uko egin dio, «harreman bat amaitzean» jarrera «ez-onargarriak» izateagatik

Josu Juaristi Orain Errepublikak koalizioaren aurkezpenean, Bilbon. M. R / FOKU.
Maider Galardi
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Josu Juaristi EH Bilduko Europako Parlamentuko hautagaiak uko egin dio bere postuari, «harreman sentimental bat» amaitu ostean izan dituen jarrera «ez-onargarri» eta «lekuz kanpokoengatik». EH Bilduk ontzat jo du Juaristiren dimisioa, eta abian jarri du zerrendaburu berria aukeratzeko bidea. Koalizioak martxan jarri du gertatutakoa argitzeko protokoloa, eta behin-behinean militantzia eten diote.

Juaristik ohar baten bidez jakinarazi du erabakiak «harreman sentimental» baten hausturak eragindako egoera fisiko eta emozional «zaurgarri» batekin duela zerikusia. «Aitortu behar dut harremana eten ostean, besteak beste, baimenik gabe eta lekuz kanpo zeuden mezuak bidaliz jarrera ez onargarriak izan ditudala, min eginez pertsona zehatz bati», azaldu du Juaristik. EH Bilduri azalpenak eman dizkio, «dagokion prozedura» abian jarri ahal izateko.

EH Bilduk, berriz, ontzat jo du Juaristiren dimisioa, eta jakinarazi du prozedura abian jarriko duela zer gertatu den argitzeko. Bien bitartean, eten egingo du Juaristiren militantzia. Datorren maiatzaren 26ko Europako Parlamentuko hautagai berria izendatzeko bidea ere martxan jarri du koalizioak.

Joan den legegintzaldian ere EH Bilduko europarlamentari izan zen Juaristi, GUE/NGL taldearekin, eta datozen hauteskundeetarako ere bera zen zerrendaburu, Orain Errepublikak hauteskunde koalizioarekin. EH Bilduz gain, ERCk eta BNGk osatu dute taldea.

Aulkia lortzeko aukerak

Lau urtez Europako Parlamentuan lanean aritu ostean, joan den urteko azaroan hautatu zuten berriz ere Juaristi EH Bilduko zerrendaburu izateko. Lorena Lopez de la Callerekin lehiatu zen orduan, eta koalizioaren oinarriak bere alde egin zuen %75,6ko babesarekin.

Europako Parlamentuko inkestak kontuan hartuta,Juaristik aukera izango luke Europako Parlamentuan berriz ere jarduteko. Martxo hasieran egindako inkestek zioten Orain Errepublikak hautagaitzak hiru eserleku lortuko zituela.

Ibilbide politikoa hasi aurretik, kazetaritzan aritu izan da Juaristi. Egin egunkariko nazioarteko saileko erredaktorea zen kazeta itxi zutenean, eta Gara-n ere postu horretan aritu zen harik eta zuzendari izendatu zuten arte. Zazpi urtez aritu zen postu horretan, eta Zazpika aldizkariko editorea ere izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.