Jaime Ignacio del Burgo legelaria eta Berri Txarrak musika taldea ere bazeuden hautagaien artean, baina Nafarroako Gobernuak Carlos Canovas argazkilariari emango dio azkenean aurtengo Kulturaren Vianako Printzea saria. Iruñeko Ateneoak aurkeztu zuen haren hautagaitza, bere ibilbidean «profesional onartu eta miretsia» bihurtu delakoan.
Canovas Hellinen jaio zen (Albacete, Espainia), 1951n, baina haur zela lekualdatu zen Iruñera. 1970ean egin zuen bere lehen dokumental zinematografikoa, baina 1972an argazki kamera bat erosi, eta handik aurrera argazkilaritzatik segitzea erabaki zuen.
Canovasek batik bat ildo historikoa landu izan du bere argazki jardunean. 1980ko urteetan, ondare fotografikoa berreskuratzen jardun zuen, eta Apuntes para una historia de la fotografia en Navarra (Nafarroako argazkilaritzaren historia baterako oharrak) argitaratu zuen, baita Miguel Goikoetxea eta Nicolas Ardanaz argazkilarien gaineko monografikoak ere, besteak beste. Kritika ere landu du, eta baditu argitalpenak alor horretan ere.
Argazkiak, berriz, Euskal Herriko eta inguruko arte zentro esanguratsuetan jarri izan ditu ikusgai, eta alderdi hori nabarmendu zuen, hain zuzen, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak atzo eguerdian egindako agerraldian.
SOSLAIA. Carlos Canovas
Argazki bidez, historiagile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu