ana galarraga aiestaran
Zientzia. ARGI ALDIAN

Pitzadurarik ez Nobelen erreinuan

2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Nobel saria jasoko duten ikertzaileen izenak ezagutu baino astebete lehenago, irabazle tipikoen erretratuak erakutsi zituen Inside Science komunikabide estatubatuarrak. Erretratu horiek egiteko, Medikuntza edo Fisiologiako Nobelaren 199 irabazleen aurpegiak, Fisikakoaren 201enak eta Kimikakoaren 165enak konbinatu dituzte, eta hala lortu dituzte, hurrenez hurren, hiru kategoria horietako sarituen erretratuak.

Interneten begiratu gabe ere, erraz asma daiteke nolakoak diren: gizonak, zuriak eta helduak. Hirukiak dirudite, hain dira antzekoak.

Datuek antzekotasun hori berresten dute: 1901ean jaio ziren Nobel Sariak, eta historian saritutako guztien %95 baino gehiago gizonak dira. Fisika da emakume saritu gutxien dituen arloa: hiru baino ez.

Bestalde, irabazleak nongoak diren begiratuta, sei herrialde nabarmentzen dira; haietara joan da sarien %80 baino gehiago: AEB, Erresuma Batua, Alemania, Frantzia, Errusia (edo iraganeko Sobietar Batasuna) eta Suedia, Alfred Nobelen jaioterria. Inor ez zen afrikar jatorrikoa.

Egoera horren aurrean, kritika ugari jaso ditu azken urteotan Nobel saridunak hautatzeaz arduratzen den erakundeak, Suediako Zientzien Errege Akademiak. Azkenean, sarituen dibertsitatea areagotzeko neurriak hartu dituela adierazi du Akademiako idazkari nagusiak, Nature aldizkariari emandako elkarrizketa batean.

Besteak beste, hautagaiak biltzean, emakume gehiagorengana jo dute izenen bila, eta gutunean berariaz eskatu zaie aintzat hartzeko generoa, jatorria eta gaia, baita aurkikuntza bat baino gehiago proposatzea ere.

Idazkariaren arabera, neurri horiek izan dute nolabaiteko eragina, lehen baino emakume gehiago izendatu baitituzte. Hala ere, gutxi izaten jarraitzen dutela aitortu du. Gainera, onartu du izenak proposatzen dituztenen artean emakumeen ehunekoa areagotzeak ez duela inolako eraginik izan. Alegia, proposamenak egiten dituena gizona zein emakumea izan, gizonak izendatzeko joera du.

Hautagaien etniari erreparatuta, berriz, neurrien eraginkortasuna neurtzeko oraindik goiz dela esan du idazkariak. Horrekin batera, neurriak hartu aurretik ere, asiarren ehunekoa handitzen ari zela nabarmendu du; bereziki, japoniarrena. Asian ikerketan zenbat inbertitzen den ikusita, etorkizunean ere gero eta asiar gehiago sarituko dituztela iragarri du. Esan duenez, horrek frogatzen du Akademiak ez duela inor baztertzen.

Are gehiago: aurkikuntza onenak egin dituztenek irabaztea bilatzen omen dute, eta, generoa edo etnia aintzat hartuta kuotak ezarriz gero, sariek balioa galduko luketela uste du. Argi dago ez dutela neurri iraultzailerik hartzeko asmorik.

Horren ondorioz: zientzietako aurtengo Nobel saritu guztiak gizonezkoak dira, denak estatubatuarrak edo Europa mendebaldekoak, bat izan ezik. Salbuespena ez da, ordea, hain salbuespen: japoniarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.