Beste loraldi baten esperoan

Madrilgo Beti Jai eraberritzeko lehen fasea amaituta, erabilera bermatzeko bigarren pausoa falta da. Erabaki politikoen zain daude; frontoiaren etorkizuna airean dago.

Berrituta. Erabat berritu dute frotoia lanen lehen fasean. SALVEMOS EL FRONTON BETI JAI.
Iosu Alberdi.
Madril
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

Madrilgo Chamberi barrutian dago Beti Jai frontoia, euskal pilotak XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran Espainiako hiriburuan izaniko arrakastaren adierazle nagusia. Loraldi haren ostean, ordea, frontoiak urte ilunak bizi izan ditu; autoentzako tailer, Falangeko bandaren entsegu lokal, etxebizitza eta espetxe izan da eraikina, besteak beste. 125. urteurrenean, berriz, eraberritze prozesu betean da, etorkizunean kirol eta kultur ekintza berriak frontoi zaharrera itzul daitezen; tartean, noski, pilota partidak. Halere, airean da noiz eta nola emango zaion forma proiektuari, zaharberritze lanen bigarren fasea blokeatuta baitago.

XIX. mende amaieran, Euskal Herriko frontoietatik Madrilerako bidea ireki zitzaion euskal pilotari, eta lau frontoi handi eraiki ziren iritsi berri zen ikuskizuna jendartera hurbiltzeko: Jai Alai, Fiesta Alegre, Euskal Jai eta Beti Jai. Fernando Larunbe pilotari ohiak egunero partidak eskaintzen dituzten lau Santiago Bernabeu futbol zelai izatearekin alderatzen du garaiko egoera. 1970. urtean, pala motzeko munduko txapeldun izan zen, eta, haren ustez, arrakasta horixe izan zen ondoren iritsiko zen gainbeheraren arrazoia: «Orain, garai hartatik iraun duen frontoi bakarra da Beti Jai».


Erabat berritu dute frontoia lanen lehen fasean. SALVEMOS EL FRONTON BETI JAI

Antonio Lopera arkitektoaren esanetan, garai hartako eraikuntza moten adierazle da Chamberin kokatutako frontoia. Adreilua eta egurra metalezko egitura sendoarekin uztartuz altxatutako eraikina da, neomudejar estilokoa. 4.000 ikuslerentzako lekua du, lau pisutan banatuta; bertatik bertara begiratzeko 67 metroko luzera duen kantxan jokatzen ziren partidak. «Horrelako eraikuntzak jada ia ezin dira ikusi liburuetatik kanpo. Mundu mailako kirol instalakuntza zaharrenetako bat da», adierazi du Loperak. «Pilotaren Sixtoren Kapera», gehitu du Larunbek. Horregatik, frontoiaren sinbologia eta historia mantentzeko asmoz, Salvemos el Frontón Beti Jai plataforma sortu zuten 2008. urtean. Igor Gonzalez bozeramailearen esanetan, hiru zutabetan oinarritu dute lana: kirola, Madrilen euskal pilota berreskuratzeko asmoz; ondarea, kirol erabileraren eta eraikina zaintzearen arteko oreka mantendu dadin; eta herritarrak, frontoiaren izaera publikoa ez galtzeko.

Gonzalezek azaldu du interes kulturaleko ondare izaera lortzea izan zela lehen pausoa. 2011. urtean iritsi zen hori, Madrilgo Erkidegoko Ondare Historikoko zuzendari nagusi Jose Luis Martinez-Almeidaren eskutik, Madrilgo alkatetza hartu berri duen politikari bera. «Ea orain zer erabakitzen duen», nabarmendu du bozeramaileak. Izan ere, eraikinaren egituraren zaharberritzeari dagokion lehen fasea jada amaitu den arren, bigarren fase bat beharrezkoa da kirol eta kultur jarduerei ateak irekitzeko.


2000ko hamarkadan hartutako argazkia, frontoia landarez beteta zegoela. SALVEMOS EL FRONTON BETI JAI

Espekulazioetatik aske

Studebaker ibilgailuen fabrika lehenik, garaje ondoren, komisaldegi eta kartzela 36ko gerra garaian, Falangeko bandaren entsegu lokal, baita garagardo enpresa baten biltegi ere. Jatorrizko zereginetik urrun, erabilera ugari izan zituen frontoiak 1918. urtetik aurrera. Urte ilunak eraikinarentzat, abandonatua izatera eraman zutenak.

Azken urteetan, berriz, ondare izendapenak libratu du frontoia eraitsia izatetik. 1989an, Lamplough Investment Services Limited enpresaren esku geratu zen Beti Jai, eta, Loperak adierazi duenez, jabeak prest zeuden eraikina botatzeko: «Zona horretan orube batek urrea balio du. Izendapenak eraikinaren balioa jaitsi zuen, espekulatzeko pentsamoldetik begiratuz gero». Izan ere, Castellana pasealeku ezagunetik metro gutxi batzuetara dago Beti Jai, hiriko gunerik aberatsenetako batean. Madrilgo Erkidegoak ezarritako izendapen berriak, ordea, eraikina eraistea edo bertan funtsezko aldaketak egitea debekatzen du, eta hura mantentzera eta bisitarientzat irekitzera derrigortzen du.


Goitik ikusita, antzeman daiteke nola zegoen frontoia duela urte batzuk. SALVEMOS EL FRONTON BETI JAI

Hori baliatu zuen udalak desjabetze prozesua hasteko, eta 2015. urtean amaitu zen, 31 milioi euroko kostuarekin. «Zazpi milioi euroko balio justua ezarri zitzaion eraikinari, baina jabeek helegitea jarri zuten. Orduan, prezio hura gutxi zela eta gehienez 31 milioi euroraino igo zitekeela adierazi zuen epaiak. Udalak zuzenean gehiengo hori ordaindu zuen», gogoratu du Loperak. Hauteskundeak eta udal gobernuaren aldaketa tarteko —Más Madrid-ek PP ordezkatu zuen alkatetzan—, urte bereko abenduan hasi ziren egitura eraberritzen: lurrak ongi ipini, harmailetako zutabeak indartu, margoztatu... Hiru urte baino gehiagoko lana izan da, eta aurtengo urtarrilean amaitu da. Herritarrek, ordea, ekainaren hasierara arte itxaron behar izan zuten frontoia bertatik bertara ikusi ahal izateko. Salvemos el Fronton Beti Jai plataformakoak gustura daude han egin den lanarekin. «Oso balorazio positiboa egiten diogu. Lan egin duten pertsonek ondarea mantentzeko bidea jarraitu dute, nahiz eta hainbat puntutan ez gauden guztiz ados», azaldu du Gonzalezek.

Behin betiko irekierarako, berriz, ez da egunik ezarri, lanen bigarren fasea, erabilpenerako prestaketari dagokiona, geldirik baitago. Beraz, frontoiak ez du ez ur, ez argi instalakuntzarik, eta ez du betetzen bete beharreko segurtasun araudia bisitarientzat irekitzeko.

Udalak eraberritzeko proiektuak aurkezteko lehiaketa ireki bat antolatu ostean, iazko azaroan, Bizitza berria proiektuari esleitu zitzaion Beti Jai eraberritzeko lana. Proiektuaren puntuetako batek, ordea, polemika sortu zuen frontoiaren defentsan agertu diren taldeen artean: bidriozko estalki bat ezarri nahi zitzaion kantxari. Madrid, Ciudadania y Patrimonio elkarteak salaketa bat jarri zuen esleipenaren aurka, interes kulturaleko ondare izaeraren kontrakoa zela argudiatuta, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen hura, abenduan. Salvemos el Fronton Beti Jai plataforma elkartearen iritzi berekoa da, eta jokalekua estaltzeko sabaiaren aurka agertu dira —harmailak estalirik daude—. «Zaharberritzea originalaren bidetik eginez gero, Unescok atea ireki dezake Beti Jai Gizateriaren Ondare bilakatzeko», azpimarratu du Larunbek.


Harmailak ere guztiz utzita zeuden. SALVEMOS EL FRONTON BETI JAI

Pilota zutabe?

Gauzak horrela, frontoiaren etorkizuna airean da. «Linbo» gisa definitzen du Loperak. Plataformako kideak zain daude udal gobernu berriak fitxa mugi dezan, ez baitago argi eraikinarekin zer egin dezaketen. Halere, Gonzalezek garbi du ez direla kontzesio pribatu baten alde agertuko. «Obrak ez dira merkeak, eta hala eginez gero, urte askotako kontzesio bat izan beharko litzateke enpresa batek erabilpen pribatua emateko», azaldu du plataformako bozeramaileak: «Ezin da halakorik gertatu. Herritarrek erabiltzeko aukera izan behar dute».

Loperak argi du udalak jada desjabetzean eta zaharberritzean utzitako diruak erabileraren errentagarritasuna eskatzen duela: «Frontoiaren esentzia mantenduz, pilota partidak jokatu daitezke han, baina, horrez gain, gauza asko egin daitezke, eta etekin sozioekonomikoa atera». Plataformak, beraz, kirol eta kultur ekitaldien programazio egoki bat defendatu du, eraikinaren mantenua ordaintze aldera, baita eraikineko jatetxearen eta kafetegiaren kontzesioa ere.

Larunbek Euskal Herriko frontoiak jarri ditu horren adibide: «Euskal Herrian beti egin bezala, plaza moduan erabil daiteke: dantza saioak, azokak eta kontzertuak egiteko, baita politikarien mitinak ere». Frontoiek izan duten «sozializaziorako espazio kultural» izaera defendatu du pilotari ohiak. Hori bai, jendeak euskal pilota zer den jakiteko erabilgarri izatea espero du, Madrilen geratzen diren frontoietan kirol horiek sustatu ditzan.

Beti Jai bere jatorrizko erabilerara itzultzea da beraz Salvemos el Fronton Beti Jai plataformaren helburua, euskal pilotaren loraldi berri baterantz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.