Futbola. Osasuna Kopako finalean. REAL MADRIL 2 - 1 OSASUNA

Hirugarrenean beharko du

Osasunak ondo lehiatu du, eta estu hartu du Real Madril Espainiako Kopako finalean; baina zuriek irabazi dute titulua. Vinicius eta Rodrygo izan dira gorritxoen amesgaiztoa

Vinicius Junior, pozarren, eta Jon Moncayola, burumakur, partidako jokaldi batean, atzo, Cartujako estadioan. JULIO MUÑOZ / EFE.
ainara arratibel gascon
<i>Sevilla</i>
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
1-0. Rodrygok (2. min.). 1-1. Lucas Torrok (58. min.). 2-1. Rodrygok (70, min.).

Osasunak ezin izan du bere historiako lehen titulu handia jaso: Espainiako Kopa. Gorritxoek ondo lehiatu zuten atzo Sevillan (Espainia), bigarren zatian Real Madril baino hobeak izan ziren. Baina zurien bi jokalari brasildarrak, Vinicius Junior eta Rodrygo Goes, nafarren amesgaiztoa izan ziren. Haiek esnarazi zuten Osasuna Kopa irabazteko ametsetik. Lehenaren bi jokaldi bikainek, eta bigarrenaren bi golek zuriei eman zieten titulua, eta baliogabe utzi zuten Lucas Torroren gola. Beraz, duela hemezortzi urte gertatu bezala, esku hutsik itzuliko dira gorritxoak etxera.

Real Madrilen ezker hegala ixteko asmoz Jon Moncayolaren eta Ruben Peñaren alde egin zuen Jagoba Arrasatek, hor aritzekoa baitzen Vinicius Junior. Gainera, Ruben Peñaren bidez, erasoan Eduardo Camavingaren bizkarretik min egiteko, Viniciusek ez baitizkio laguntza asko ematen. Izan ere, frantziarrak partida gutxi jokatu ditu postu horretan. Aurrean, berriz, Ante Budimir zelairatu zuen, Chimy Avila beharrean.

Baina hasi eta berehala zapuztu zitzaion plana Berriatukoari. Bigarren minutuan Viniciusek berak buruz buruko jokaldi on bat egin zuen, ondoko marrako arrastotik pase ona eman zion atzera Rodrygo herrikideari, eta hark ez zuen barkatu.

Osasunari komeni ez zitzaiona gertatu zitzaion: norgehiagoka hasi eta berehala gola jaso zuen; maldan gora jarri zitzaion lehia. Baina partida osoa zuen aurretik. Ezin zuen burua jaitsi. Eta ondo erantzun zion lehen kolpeari Ruben Peñaren pare bat erdiraketen bidez. Budimirrek eta Aridanek ez zuten asmatu. Baina, gutxienez, Courtois probatu zuten.

Viniciusek, ordea, amesgaizto izaten jarraitu zuen ezkerretik. Baloia hartu zuen aldiro min egin zion Moncayolari. Brasildarra geratzeko ahaleginean, ordea, epaileak txartel horia atera zion Garinoaingoari 21.minutuan. Arrasatek behin eta berriz agindu zion Ruben Peñari laguntzak emateko. Real Madrilek metro batzuk zituen atzera, markagailua alde, ohikoa duen kontraeraso zitala baliatzeko, eta lerro artean min egiteko.

25. minutuan espainiarren bigarren abagunea iritsi zen. Baina Sergio Herrera agertu zen. Atezainak ondo erantzun zion Karim Benzemaren erremateari. Erreskadan iritsi zen, ordea, nafarren erantzuna. Eder Militaok lo hartu zuen, estropezu egin eta Ez Abdek baloia loratu zion Courtoisi. Dani Carvajalek, ordea, atepean atera zuen. Zurien erantzuna 31. minutuan ailegatu zen. David Alabak langara bidali zuen baloia falta jaurtiketa batean.

Vinicius piztuta

Neurketa piztu egin zen hor, bizitu, eta are gehiago piztu zuen 44. minutuan Viniciusek. Rodrygori egindako falta batean protesta egin zion epaileari, eta hark txartel horia atera zion. Protestan jarraitu zuen, eta taldekideek burua erabiltzeko eskatu zioten.

Atsedenaldian ez zen aldaketarik egon. Real Madril pare bat aldiz gerturatu zen Sertgio Herreraren atera, baina Osasunak ondo eutsi zion. Ondo lehiatzen jarraitu zuen, sasoi osoan zehar egin moduan, eta saria jaso zuen: gola, eta banakako berdinketa. Lucas Torrok egin zuen area kanpoko jaurtiketa ikusgarri batekin. 58, minutuan egin zuen. Osasuna oso bizirik zegoen.

Ospakizunean sustoa izan zen, Osasunaren harmailako lehen lerroetan zauden zaleak erori egin baitziren jende pilaketaren erruz, eta batzuek min hartu zuten. Baina, zorionez, gauzak bere onera etorri ziren.

Osasuna minutu onenak jokatzen ari zen. Nagusi zen berdegunean: ondo jarrita zegoen eta baloia zeukan. Baina gorritxoen atzoko bi borreroak berriro azaldu ziren. Lehen golean bezala, Viniciusek banakako jokaldi ona egin zuen, Osasunako atzealdeak gaizki aldendu zuen baloia, eta baloiak Toni Kroosen jo ostean Rodrygok gola sartu zuen 70. minutuan. Estutzen jarraitu zuen Osasunak, berdinketaren bila, baina ez zuen golik sartuk eta emaitza ez zen aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.