Eibar 1-2 Reala

Zarata eta isiltasuna

Realak lehen aldiz irabazi du Eibarren Lehen Mailan, eta laugarren da. Eibar zulotik hurbil dago, etxean berriz ere galtzaile izanda. Ateak itxita jokatu dute

Alex Remiro Realeko atezainaren geldiketa bat, atzo, Ipuruan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Oiartzabalek (penaltiz, 16. min.). 0-2: Willian Josek (75. min.). 1-2: Charlesek (penaltiz, 90. min). Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak Eibarreko Bigas, Jose Angel, Escalante eta Realeko Zubeldia eta Januzaji. Bestelakoak. Ateak itxita jokatu zen partida Ipuruan, Ligak (LFP) koronabirusari aurre egiteko hartutako neurri bezala.

Harmailetako hotsik gabe jokatu behar izan zuten atzo Ipuruan Eibarrek eta Realak, koronabirusa dela eta ez dela. Jokalarien eta entrenatzaileen oihuak, aginduak eta kexak baino ez ziren entzun ahal izan atzo. Medie Jimenez epaileak partida amaiera adierazi zuenean, Realeko jokalarien poza ozen entzun zen, zarata balitz bezala, eta Eibarrekoen isiltasuna ere ozen hedatu zen.

Derbia Realak irabazi zuen, eta lehenengo garaipena du Ipuruan Eibar Lehen Mailan denetik. Aurreko bost aldietan puntu bakarra baino ez zuen atera. Sailkapenean laugarren jarri da, datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera ematen duen azkeneko lekuan. Eibarrentzat, aldiz, bigarren kolpe gogorra da etxean hiru egunen buruan, eta ondorioa larria da: bi puntura du jaitsiera, eta laura azken aurrekoa. Eta etzi, non eta Real Madrilen zelaian jokatu behar du.

Isiltasunaren eta harmaila hutsen partida izaten hasi zena penaltiena bilakatu zen, hiru adierazi zituelako epaileak: bi etxekoan alde, eta bat atzo kanpotar zenaren fabore. Hirurek, gainera, motibo bera izan zuten funtsean: baloiak eskuan jotzea, hiru kasuetan horrela izan zelako. Aurreneko jaurtiketa zuzen horietakoa Realak izan zuen alde hamaseigarren minutuan. Bigasen eskua aurkitu zuen Januzajen jaurtiketak, eta Oiartzabalek egin zuen 0-1ekoa. Lehenago ere izan zuen aurretik jartzeko aukera Imanolen taldeak, bigarren minutuan Willian Josek kanpora bota zuen baloiarekin.

Reala ez zen ari gehienetan egiten duen jokoa egiten, eta Eibarren presioari ihes egiteko, baloia azkar jotzen zuen gora. Baina ez jotzeagatik: Willian Jose bilatzen saiatu zen, edo etxekoen atzelarien bizkarrean baloia jartzeko saialdiak egin zituen. Baloia ez zuenean, bere zelaian sartuta egon zen, eta batzuetan atera zuen presioa gora. Eibarrek baloia zeukan, eta ondo mugitu zuen alde batetik bestera, baina aukeran, makalegi eta bertikala izan gabe. Hala ere, berdintzeko aukera 28. minutuan izan zuen, partidako bigarren penaltiaren bidez. Zubeldiari eskuan jo zion Kikeren burukadatik eratorritako baloiak, eta Orellanak hartu zuen ardura. Remirok bikain urrundu zion, ordea.

Reala nagusi bigarrenean

Atsedenalditik bueltan, ez zen aldatu partidaren traza, baina Eibar azkarrago zebilen baloia mugitzen. Eraginkortasuna, ordea, lehengoaren parekoa zen: ia ezer ez. Reala eroso antzean zegoen, eta are erosoago jokatzen hasi zen etxekoek erdilari bat kendu eta bigarren aurrelaria jartzean. Baloia mila bider lapurtu zelai erdian, eta aukera onak izan zituen bizkor ateratzeko.

Asmatu, baina, 75. minutura arte ez zuen asmatu, Willian Josek bigarren gola egin zuenean, jokaldi ona bukatuz. Etxekoak jota utzi zituen horrek, eta beste penalti batek baino ez zituen suspertu, 89. minutuan —Zalduari eskuan jotako baloiak eragindakoa—. Charlesen golak, ordea, ez zuen ezer aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.