ALAVES 0 - 2 ATHLETIC

Beste derbi zuri-gorri bat

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. L. RICO / EFE.
Julen Etxeberria.
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
0-1. Iñaki Williamsek (18. min.). 0-2. Sancetek (76. min.).

Aspaldiko bolada eten zen atzo Mendizorrotzan. Athleticek irabazi egin zion Alavesi Gasteizen: 0-2. Hogei urte zeramatzan hori egin gabe. Baina Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak neurria hartua die derbiei denboraldi honetan: duela hilabete, Osasunari 0-2 irabazi zion Sadarren, eta, atzo, emaitza beragatik irabazi zion Alavesi Mendizorrotzan.

Garaipenari esker, hamahiru puntu ditu Athleticek, eta Gironarekin eta Bartzelonarekin berdindu du sailkapeneko bigarren postuan. Real Madril bakarrik du aurretik, hamabost punturekin. Iaz, uzta bera bildu zuen lehen sei jardunaldietan. Kontuan hartzeko marka da, azkeneko 30 urteetako onena baita. Bigarren urtez jarraian bikain ekin dio sasoiari. Orain, eustea da helburua.

Alavesi, ordea, eten egin zaio Athleticen aurkako derbietan eta etxeko partidetan zeraman bolada ona. Lehen aldiz galdu du Mendizorrotzan denboraldi honetan. Irabazi egin zituen aurreko bi partidak, eta horri esker ari zen eusten, etxetik kanpoko hiru neurketak galdu baititu. Baina atzo galdu eta gero, zulatu egin zaio azpiko sarea, behera ez joaten laguntzen diona. Azkar josi beharko du.

Ia bete egin zen Mendizorrotza, eta etxekoen babesak hauspotuta, Alaves gogo handiz zelairatu zen. Bizi jokatu nahi zuen. Athleticek, aldiz, patxadaz. Apustuak fruitua eman zien bisitariei. lehen aukeran gola sartu baitzuten. Hemezortzigarren minutuan, Vesgak pase bikaina eman zion sakonean Iñaki Williamsi, eta hark ez zuen huts egin. Taldea bezala, eraginkor ari da: hiru gol daramatza.

Golak batzuen eta besteen joera indartu zuen. Alaves saiatzen zen, baina ia ez zuen sortzen arriskurik. Athleticek, aldiz, gutxi behar zuen aukerak sortzeko. Hala, Vivianek oso gertu izan zuen bigarren gola lehen zatia amaitzear zela, korner batean, baina haren burukadak langa jo zuen.

Galtzen joatea nahikoa zigor ez bazen, Alaves Duarte gabe geratu zen bigarren zatia hasi berritan; min hartu zuen atzelariak. Luis Garcia Plazak aldaketak egin zituen: Javi Lopez eta Guridi atera zituen Duarteren eta Benavidezen ordez. Baina ez zen aldatu partidaren nondik norakoa: zuri-gorrienak ziren aukera guztiak.

Solak izan zuen etxekoen lehena, ordubetea pasata zenean, baina Unai Simonek kornerrera desbideratu zuen haren jaurtiketa. Jokaldi horrek etxekoak suspertu zituen, eta Garcia Plazak hori baliatu zuen bi aurrelari zelairatzeko: Samu eta Rebbach, Solaren eta Hagiren ordez. Beste aurrelariak, Kike Garciak oso gertu izan zuen gola, baina Unai Simonek geldiketa bikaina egin zion.

Erasora emanda zegoen Alaves, eta Iñaki Williamsek hori baliatzekotan egon zen kontraeraso batean, baina kanpora bota zuen baloia. 76. minutuan, ordea, Sancetek ez zuen barkatu. Bigarren gola sartu zuen jaurtiketa bati esker, eta neurketa erabakita utzi zuen. Alferrikakoa izan zen etxekoen azkeneko ahalegina.

Osasunak Sevilla jasoko du

Osasunak, berriz, gaur jokatuko du Sadarren, Sevillaren kontra (16:15, DAZN). Gorritxoek gora egin nahi dute, azken bi partidak galdu baitituzte. Etxeko bolada txarra eten nahi dute ere bai: galdu egin dituzte jokatu dituzten hiru partidak. Unai Garcia, Moncayola eta Brasanac ez dira ariko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.