Jaizkibelek ez zituen inoiz atzo arte herriko alkate baten txaloak jaso; ez zuen inoiz udal gobernuak sustatutako harrera instituzional eta egituratu baten abarorik izan, eta urte asko ziren diputatu nagusi batek ez ziola aldeko keinurik egiten. Bakar bat ere ez. Atzo horiek guztiak aldatu ziren, eta aurrez inoiz jaso gabeko babes instituzionala jaso zuen konpainiak. Mugarri bat jarri da aldarri parekidearen bidean. Pozgarria da. Baina artegagarria da, hala ere, horretarako behar izan diren urte guztiez jabetzea. Eta egin zitekeen: borondate kontua zen. Argi geratu da. Ekainean hartu zuen Hondarribiko alkatetza Abotsanitz plataformako Igor Enparanek, eta erakutsi du, EAJk alkatetzan egin zituen hamarraldietan beti adierazi izan zuenaren kontra, badagoela gauzak egiteko beste era bat.
Ikusi gehiago:Kaleak eta instituzioek txalo
Aintzat hartu behar dira atzo ikusitako aldaketak: erretratu berri hori. Baina tentuz ere bai. Alkateak berak, hainbat zinegotzik eta Eider Mendoza diputatu nagusiak, Jaizkibeli ez ezik, alardeari ere txalo egin zioten atzo, andreentzat baztertzailea den arren, ezaugarri hori aldatze aldera egin zaizkion proposamenen aurrean beti jarrera uzkurra izan duen arren; ezezkoa eman die Guztion Alardeak egindako eskaerei, Saindua izeneko proposamenari, Jaizkibelek 22. konpainia izateko egindako eskeari.
Eta, hala ere, txalo egin diote. Eta, aldeko keinu horiekin, apika jaia ulertzeko duten modua balekoa den ustean gotortuta segitzeko esperantzaren bat izan dezakete. Hori moztu egin behar da; aldarri parekidea bidezkoa delako, eta horren alde ari direnek, gaurko argazkiaz gain, benetako konponbide baten aldeko urratsak merezi dituztelako.
Hondarribiko alardea. ANALISIA
Erretratu bat baino gehiago merezi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu