1. ETAri jardun armatuaren behin betiko amaiera iragartzeko adierazpen publikoa egiteko eskaera
ETAren erabaki historikoa, berehala
Aieteko Adierazpeneko lehen puntua da erabat bete den bakarra: ETAren jarduera armatua behin betiko bukatzearena. Donostiako konferentziatik hiru egunera plazaratu zuen ETAk agiria, urriaren 20an, bideo batekin lagunduta. Hiru etakide azaldu ziren irudian, edukiaren berri ematen. Aipatu zuten Aieteko Nazioarteko Konferentzia —2011ko urriaren 17a— «garrantzi politiko handiko egitasmoa» izan zela. Izan ere, ETAren esanetan, Aieteko ebazpenak «gatazkaren konponbide osorako osagaiak» zekartzan. Erakunde armatuak agiria jendaurrean zabaldu zuenerako, haren solaskideak Oslora bidean zihoazen, nazioarteko komunitatearen anparoan, Espainiako Gobernuarekin gatazkaren ondorioez aritzeko asmoz. Bi parteek hori hitzartua zuten Aieteren aurretik, zeharka, nazioarteko komunitatearen bisagra lanen bidez. ETAtik David Pla eta Iratxe Sorzabal egon ziren Oslon, eta haien taldean zegoen azkeneko elkarrizketa prozesuko ETAren ordezkari Josu Urrutikoetxea, ezker abertzaleak eta nazioarteko eragileek hala eskatuta.
Bizkartzainik gabe
ETAk jarduera armatua betiko bukatu zuela esateak —agiria urriaren 20ko 19:00etan zabaldu zen hedabideetan—, emaitza praktiko bat ekarri zuen berehalako batean: ETAren mehatxupean zeuden kargu eta hautetsi konstituzionalistek bizkartzainekin ibiltzeari utzi zioten —ez guztiek, beste arrazoi batzuengatik—.
2. Espainiako eta Frantziako gobernuei ETArekin «gatazka armatuaren ondorioez soilik» hitz egiteko deia
Osloko mahaia, osatzeke
ETAk jardun armatua bukatuta, ETA eta Espainiako Gobernuaren solaskideak Osloko mahaian eseritzekoak ziren, gatazkaren ondorioei konponbide ordenatua emateko asmoz. Nazioartekoen bidez zerrenda bat hitzartua zuten, aztertzeko. Han izan ziren ETAren solaskideak, han nazioarteko eragileak. Espainiako Gobernua —2011ko abendutik, PSOEren partez, PP— ez zen agertu, eta Osloko mahaiak ez zuen ezer praktikorik eman. ETAk 2013ko martxoan jakinarazi zuen gunea desegina zela.
Desarmatzea, traben ostean
Oslokoa deseginda, formula berriei heldu, eta ETA 2014an saiatu zen armagabetze prozesua abiatzen, armategiak zigilatuz; Madrilek oztopatu egin zuen. 2016an Luhuson (Lapurdi) gizarte zibileko kide ezagunak armategiaren %15 indargabetzen ahalegindu ziren; estatuek eragotzi egin zieten. Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak eta hautetsiek irmo segitu zuten —Jaurlaritzak ere bazuen plan bat—, eta 2017ko apirilaren 8an, nazioartekoen laguntza zutela, desarmatzea gauzatu zen —ETAk bezperan iragarri zuen erakunde armagabea zela—. Luhusokoek eta Frantziak adostua izan zen prozesua.
Presoak, iheslariak: pittinka
ETA desarmatu ostean, Ipar Euskal Herriko bakegileek euskal presoen auziari heldu zioten, eta laster lortu zuten Frantziako Justizia Ministerioarekin mahai ofizial bat osatzea. Parisek 2018ko otsailean ekin zien gerturatzeei eta DPS neurriak kentzeari. Bakegileek orain gaixoei eta baldintzapeko askatasunei ematen diete lehentasuna; kostatzen ari da. 22 euskal preso daude Frantziako espetxeetan. Espainian, Pedro Sanchez (PSOE) 2018ko ekainean heldu zen Moncloara. Hilabete zen ETA desegin zela, eta EPPK-k urtebete lehenago iragarria zuen legediari segituko ziola. Sanchez tantaka hasi zen «bestelako» politika bat ezartzen. Ez dago mahai ofizial bat. Jaurlaritzak plan bat izan du 2017tik. Euskal kartzeletan 65 euskal preso daude; besteen artean, ja inor ez dago 500 kilometro baino urrunago. Espainiako Estatuko 181 euskal presoetatik bakarra dago lehen graduan, eta beste denak 2.ean, 3.eko bederatzi salbu, baina irteera baimenen eta baldintzapeko askatasunen jario txikia dago. Kongresuak ez du legedia moldatu —7/2003 eta zigor batzeena—. Gainera, 27 iheslari eta zortzi deportatu daude. Azken hamar urteetan ehun pasa bueltatu dira, beren kabuz.
ETAren desegitea, 2018an
Armagabetzea baino errazagoa izan zen ETAren desegite fasea, erakundeari barne eztabaidak lanik ekarri zion arren: 2018ko maiatzaren 3an izan zen ekitaldia, Genevan (Suitza), Henri Dunant zentroan. Erakundeak bukaera eman zion 60 urteko ibilbideari.
Beste desmilitarizaziorik ez
Espainiaren desmilitarizazioa aztertzea ere aipatzen zen Osloko mahairako gaitegian. Ez da ezer egin.
3. Minaren eta biktima guztien aitortza egiteko eta adiskidetzean pauso sakonak emateko deia
Biktimen aitortza
Azken hamar urteetan indarkeriaren biktimen aitortzarako pausoak eman dira: askotariko biktimen topaketak eta dokumentuak; Hego Euskal Herrian estatuaren biktimak aitortzeko legeak; ezker abertzalearen autokritika 2012an ETAren biktimekiko jarreraz; ETAk 2018an aitortu zuen «zinez sentitzen» zuela eragindako «samin handia», eta «barkamena» eskatu zien «gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten» biktimei... Presoen harrera publikoak gaitzetsi dituzte askok, ETAren biktimak «birbiktimizatzen» direlakoan.
Kontakizunaren bataila
Eragile askok ETArekiko kritikan sakontzeko exijitzen diote ezker abertzaleari: Jaurlaritzaren Hitzeman programak (2014), presoei, eta Udaberri planak (2021), ezker abertzaleari… Madrilek ez du deus egin tortura salaketak argitzeko, eta Europak dozena bat aldiz zigortu du Espainia; Eusko Jaurlaritzak, txosten mardul bat 2016an.
4. «Eragile ez-bortxatzaileei eta ordezkari politikoei gai politikoez» aritzeko eskaera. Herri kontsulta
Elkargoa: lehen aitortza
Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak 2017an jaso zuten Frantziako Estatuaren aldetik lehen aitortza instituzionala, Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerarekin. Urteetako aldarrikapen koralaren emaitza izan zen, batzuentzat aski ez den arren.
EAEko estatusa: zumeak
2018an, EAJ eta EH Bildu ados jarri ziren EAEko estatus politiko berriaren oinarrietan: nazio aitortza, erabakitzeko eskubidea, eskumen beregainak eta beste euskal lurraldeekin harremanak. Akordioak ez du segidarik izan. Nafarroan, UPNren agintaldia 2015ean eten zen, baina ez dute hitz egin Foru Hobekuntza berritzeaz.
Gure Esku: mobilizazioa
Gizarte zibilean, Gure Eskuk (2013) dinamika handia izan zuen aurreko hamarkadan: kalean ekinbide erraldoiak antolatu zituen, eta 2014-2018 bitartean berrehun herri galdeketa ez-ofizial pasa sustatu Hegoaldean.
Katalunia: plazara
Eragile batzuek uste dute ETAk jarduera armatua uztea, neurri batean, Kataluniako prozesu independentistaren onurarako izan zela, elementu armatua kenduta Espainiako Estatuan agerian geratu delakoan bertako nazioetako gatazka politikoa.
5. Aholkuak bideratzeko eta gauzatzen laguntzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestasuna [Aieteko sinatzaileek]
Batzorderik ez
Gerry Adams, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Kofi Annan, Pierre Joxe eta Jonathan Powell Aieteko Adierazpenaren egileek ez dute Jarraipen Batzorderik sortu. Powell inplikatu da gehien.
Etengabeko ekarpena
Batzorde espezifikorik egon ez den arren, Euskal Herriko bake prozesuak izan du nazioartearen laguntzarik ETAk jarduera armatua utzi ostean ere. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (2011) ETA desegin arte segitu zuen, eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak (2011) armagabetzearen ondoren bukatu zuen ibilbidea. Desegitearen biharamunean nazioarteko kideak Kanbon (Lapurdi) izan ziren, 2018ko maiatzaren 4an. Prozesuan, Henri Dunant zentroa beti hor egon zen; Berghof Foundation eta Conciliation Resources ere bai. Norvegiako eta Suitzako gobernuek bermeak eman zituzten. Hego Ameriketan hainbat jardunaldi izan zen.
Aieteko konferentziaren 10. urteurrena. Bost puntuen garapena
Puntu eta segidan, oraingoz
Bost puntu zituen Aietek. Aurrena azkar bete zen: ETAren jardun armatuaren amaiera. Gatazkaren ondorioak Oslon aztertzekoak ziren, baina mahaia ez zen osatu; bidea malkartsua izan da. Biktimen alorrean eman dira pausoak. Parte politikoan, eskas. Nazioartea laguntzen aritu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu