Zaporeei segika, atzera denbora makinan

Hamabi zopa eta hamabi istorio biltzen ditu Donostia 2016k sortu duen 'The Time Machine Soup' ikuskizunak.Dastamenaz gain, zentzumen guztiak piztuko ditu, partaideak iraganera bidaia dezan

Partaideak zutik jarriko dira mahaiaren bueltan, zopa dastatzeko. DONOSTIA 2016.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Hamabi zopa. Hamabi mahai. Eta hamabi geltoki historian zehar. Denborarekin metafora sortuz, erlojuaren zenbaki bakoitzeko istorio bat sortu dute. Denbora makinan sartu, eta gizakiaren sorlekuraino iristea baita The Time Machine Soup ikuskizunaren asmoa. Historian atzera egitea, zentzumen guztien bidez. Horretarako, hari nagusia zopa izango da. Historiako garai bakoitzeko, zopa bat prestatu dute, sasoiari dagozkion ezaugarriak zoparen parte eginez. Ez baitira berdinak amonak oilaskoz egindako zopa, eta Lehen Mundu Gerran hartu ohi zuten erremolatxaz eginiko salda gazi-gozoa. Zaporeak denboran atzera egiteko abiapuntu izango dira, beraz. Donostia 2016k Bizitzaren Itsasargia atalean sortu du zentzumen guztiak kontuan hartuko dituen arte ekintza. Bihar estreinatuko dute Donostiako Tabakaleran. Orotara, hamabi saio izango dira; sei euskaraz eta sei gaztelaniaz.

Zopa da denboraren makinako motor nagusia, baina ez bakarra. Zaporeez eta usainez harago, gainerako zentzumenak ere zirikatuko ditu ikuskizunak. Irudiak, soinuak, testuak eta antzezpena ere izango baititu. «Zentzumenak gozatzeko eta esperimentatzeko gertu izatea besterik ez da beharko gozatzeko», Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendariak azaldu duenez.

Santos Bregañarena izan da ikuskizuna sortzeko ideia, Jorge Oteizaren hipotesi batetik abiatuta. Oteizak zioenez, soilik 80 amona daude egungo bizimoduaren eta haitzuloetako garaiaren artean. Premisa horri tiraka, 80 zopa leudeke gaurko eta antzinako zopen artean. Bregañaren hausnarketa hori da ikuskizunaren ernamuina. «Sukaldaritzak jendea iraganeko momentuekin konektatzeko duen ahalmen ikaragarria esploratu nahi izan dut: lurrina, zaporea...». Partaideak une horietan murgildu, eta bakoitzaren inguruan hausnartzea da helburua. Horretarako, zaporea eta ezagutza lotu dituzte, ikusle pasibo baten ordez, aktiboago bat bultzatuz. Bregañak azaldu duenez, ikuskizunak itxura «filosofikoa» duen arren, «dibertitzeko» da. Berastegik erantsi du «koktel» itxura izango duela.

Obra bat, diziplina asko

Ideia hezurmamitzerakoan, askotariko diziplinetako profesionalen laguntza izan du Bregañak. Hasteko, historia arakatu eta hamabi sasoi esanguratsu aukeratu ditu Frederic Duhart antropologoaren laguntzaz. Behin bidaiako geltokiak zehaztuta, Duhartek ikerketa bat egin du aldi bakoitzeko bizimodua, gastronomia ohiturak eta erabiltzen zituzten osagaiak zeintzuk ziren jakiteko. Ondoren, Iñigo Cojo sukaldari donostiarrak osatu ditu zopa bakoitzaren errezetak, eta Divinus Catering enpresak prestatuko ditu. Emanaldia amaitzean, publikoak etxera eraman ahalko ditu errezetak.

Zentzumenen bidaia horretan, Harkaitz Canok idatzitako testuak izango dira gidari. Hark sortutako kontakizunak eramango baitu publikoa garai batetik bestera. Bestalde, zaporeei eta istorioari koherentzia artistikoa eman dio Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroaren zuzendariak. «Zoparen zaporeari, begiak eta belarriak jartzea izan da nire lana. Modu batera edo bestera, bihotzera iristea da helburua». Basque Culinary Centerreko ikasleek interpretazioaren arloko prestakuntza jaso dute, eta, modu horretan, zopa zerbitzatuko dutenak zerbitzari hutsak baino gehiago izango dira. Dramaturgia horretan parte hartu dute Tessa Andonegi eta Andrea Quintana aktoreek.

Argi eta soinuen jokoek presentzia nabarmena izango dute zuzenekoan. Xabier Lozano arduratu da argiztapenaz, eta soinuez, berriz, Xabier Erkizia. Bideo batzuk ere emitituko dituzte, eta horiek Debolex Films etxeak egin ditu. Ekoizpen lanetan, Donostia 2016rekin batera, Iban Garate aktore eta ekoizlea aritu da.

Bihar, etzi, etzidamu, eta hilaren 19an, 20an eta 21ean izango dira emanaldiak; egun bakoitzeko bi: bata 19:00etan eta bestea 22:00etan. 18 euro da prezio orokorra, eta dagoeneko salgai daude sarrerak Donostia 2016ren webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.