Oso zabalduta dago abortatzea esperientzia traumatikoa dela, eta ondorio psikologikoak uzten dituela: depresioa, antsietatea, trauma-ondorengo estresa, alkohola edo beste droga batzuk kontsumitzeko joera... Alabaina, uste hori zuzena ote den egiaztatzeko ikerketa gutxi egin dira edo ez dira zuzenak. Adibidez, haurdunaldia eteten duten emakumeak haurra izatea erabakitzen dutenekin alderatzen dituzte, edo abortatu ondoren arazoak dituztenetatik abiatzen dira. Hau da, ikerketa horiek alborapenak dituzte hasieratik, eta ez dute errealitatea ezagutzeko balio.
Hutsune hori betetzeko, Turnaway (atzera bota) ikerketa jarri zuen martxan Kaliforniako Unibertsitateak. Helburua: hamar urtez, AEB osoko mila parte hartzaileri jarraipena egitea, bi taldetan banatuta: abortatu nahi izan eta nahia gauzatu zutenak, alde batetik, eta abortatzea ukatu zitzaienak, bestetik.
Ebidentziek mitoa ezeztatu dute: abortatu zuten emakumeek ez zuten depresio, antsietate, suizidatzeko asmo edo arazo psikologiko gehiago izan, abortatzea ukatu zitzaienek baino. Are gehiago, abortatu eta bost urte geroago, % 95ek adierazi zuten erabaki zuzena hartu zutela.
Abortua ukatu zitzaienek, berriz, ondorio kaltegarriak izan zituzten ongizatean eta osasunean. Adibidez, abortatu zutenek baino lau aldiz arrisku handiagoa izan zuten pobrezian erortzeko. Hain zuzen, abortatu nahi izateko arrazoi nagusia baliabide ekonomikoen eskasia da; zehazki, ikerketaren parte hartzaileen % 76k zituzten arazoak oinarrizko beharrak asetzeko (elikagaiak, etxebizitza, garraioa). Gainera, abortua ukatu zitzaienek, sei hilabeteren ondoren, hiru aldiz arrisku handiagoa zuten lana galtzeko, abortatu zutenek baino.
Bestalde, abortatzerik izan ez zutenek bikotekideen indarkeria jasateko arrisku handiagoa zuten, abortatu zutenek baino. Eta askok bakarrik (familiarik, lagunik eta bikotekiderik gabe) hazi behar izan zituzten haurrak.
Osasun fisikoaren ikuspegitik, abortatu zutenek ez zuten konplikaziorik izan, oro har. Aldiz, ukatu zitzaienen artean, batzuek haurdunaldiko eta erditzeko arazoak izan zituzten, eta, haurra izan ondoren, beste taldeak baino osasun-arazo gehiago: min kronikoa, hipertentsioa...
Eta psikologikoki, baimendutako epetik gertu abortatu zutenek lehen asteetan egin zutenek baino estres handiagoa izan zuten. Hala ere, estres-mailarik altuena abortua ukatu zitzaienen artean neurtu zen, batez ere ukoa jaso eta lehen egun eta asteetan, baita antsietatea ere. Denborarekin, hiru taldeen arteko aldeek berdintzera jo zuten.
Izan ere, arazo psikologikoak izateko arriskua, abortatzearekin baino, estuago lotzen da lehendik izandako zenbait faktorerekin; hala nola haurtzaroan abusuak jasan izana, sexu-indarkeriaren biktima izatea, aurretik asaldura psikologikoak izatea, eta bazterkeria.
Ikertzaileen esanean, abortatzeko eskubidea bermatzeak ongizate handiagoa eta osasun hobea izatea dakarrela frogatzen dute emaitzek. Halaber, beste herrialde batzuetan ere halako ikerketak abiatu dituzte, erretratu zabalagoa eta osatuagoa lortzeko.
Zientzia. ARGI ALDIAN
Abortua eta trauma, ebidentzien argira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu