Kalean erakutsitako indarra nola zertu erabakietan, euskararen aldeko neurri zehatzetan: Korrikak egunotan erakutsitako indarraren ondoren, badirudi horixe izango dela erronka orain. AEK-k ezarria du norabidea. Euskara ikasteko doakotasunaren aldeko kanpaina abiatu du Korrika dela eta, eta helburu hori hizpidera ekarri zuen Alizia Iribarren koordinatzaile nagusiak atzo, lasterketaren lehen balorazioan. «Eskaera zuzena» egin zien administrazio publiko nagusiei: «Erabaki ausartagoak hartu behar dituzte. Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, gakoa izango da helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere».
Ikusi gehiago:Korrika amaierako mezua. Karmele Jaio: «Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik»
Herritarrei ere zuzendu zitzaien. Gogorarazi zien euskaltegiak «zabal-zabalik» dituztela, «euskara lantzeko, gaitasun egokia eskuratzeko edo gehiago erabiltzeko». Halaber, euskara ulertu ez eta Korrikan parte hartu dutenei «mezu berezia» bidali zien: «Eskerrik asko zuen babesagatik, eta gonbidatzen zaituztegu euskaltegietara joatera. Animatzen zaituztegu euskara erabiltzen segitzera edo hastera. Milaka lagunek egin dute lehen ere, eta ezin duzue imajinatu zer esperientzia izango den Korrikaren hurrengo edizioan parte hartzea dagoeneko euskaraz jakinda».
Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak argitu zuen hori noiz izango den. 2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo dute hurrengoa. Hortaz, urte bikoitietan izango da aurrerantzean.
«Maila bat gora»
Aurtengoak erakutsi du «jendeak Korrikaren gogo bizia zuela», Amondoren esanetan, eta hasieratik nabaritu dute Korrikak «gora» egingo zuela. Hala egin du, haren esanetan: «maila bat gora». Amondoren hitzetan, «mundiala» eta «epikoa» izan da 22. Korrika. Azpimarratu zuen ezen, euskararen aldekotasuna sustatzeaz gain, helburu ekonomikoa ere baduela Korrikak. Azken horri oraindik ere eutsi egin beharko zaiola esan du, «zoritxarrez», datozen aldietan. Ziur agertu zen, ordea, horretan ere aurrera egingo dela.
Ikusi gehiago:Argazki bilduma
Azken eguna «hunkigarria» izan zela ere azpimarratu zuen Amondok, eta seguru agertu zen hala bizi izan zutela Donostian izan ziren milaka herritarrek. Izan ere, auzoz auzo eraman zuen korrikalari oldea Korrikak, harik eta, eguerdian, erdigunean azken kilometroak egin zituen arte. 12:30erako gutxi falta zenean, jende ilara luze batek lotzen zuen Bulebarra Nafarroa hiribidearekin, eta, lasterketa amaierara hurbildu ahala, are handiagoa egin zen furgoneten atzeko herritarren masa. Eragile nagusiei gordetako kilometroak egin zituen orduan lekukoak: Gure Esku, Eusko Ikaskuntza, alderdi politikoak, gehiengo sindikala, Hekimen, Euskalgintzaren Kontseilua... Azkenean, Karmele Jaio idazle eta azken mezuaren egilearen eta Aize Otaño AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidearen eskuetara iritsi zen lekukoa, eta gogotsu haizatu zuten biek ala biek.
Ikusi gehiago:Horrela eman du BERRIAk 22. Korrikaren azken egunaren berri
Euskara «lohitzera», hitzak «haragitzera» dei egin zuen Jaiok oholtzatik, eta oihu Otañok: «Bada garaia gutxiago maitatu eta gehiago gozatzeko». Hala egin zuten Gipuzkoako hiriburuan bildutako herritarrek, baita lasterketa amaituta ere: gozatu. Hirian ezarritako zortzi guneak goraino izan ziren arratsaldean, eta kaian luzatu zuten jaia. Bizipenak eta emozioak digeritzeko garaia dator orain, eta lelotzat hartutakoa aplikatzekoa; ekintzetara igarotzekoa batzuentzat, eta hitzetara besteentzat.