Abortatzeko eskubidea. Borrokak 40 urte

Aitzindari bihurtutako emakume ezezagunak

1982an, Basauriko 11 emakume epaitu zituzten abortatzeagatik. Mugimendu feministak andreak babestu zituen, eta auzia baliatu zuen abortatzeko eskubidearen alde egiteko. Lehen epaia lorpen historikoa izan zen feministentzat.

Auzipetuentzako amnistia eskatzeko, manifestazio jendetsuak egin zituen mugimendu feministak. Irudian, protesta horietako baten amaiera. EL CORREO.
Olatz Silva Rodrigo.
Basauri
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Ez dira jabetzen». Basauriko (Bizkaia) 11 emakumeei buruz hizketan ari da Oihane Lopez, Marienea emakumeen etxeko berdintasun teknikaria: abortatzeagatik epaitu zituzten 1980ko hamarkadan. Oro har, ia hamar urteko prozesu luzea jasan zuten. Mugimendu feministak auzipetuak babestu zituen, eta gertakari hura baliatu zuen abortatzeko eskubidearen aldeko kanpaina indartsua egiteko. «Andreei esango nieke garrantzitsuak izan direla, egin zutena ondo zegoela eta beste emakume askori ateak ireki zizkietela». Lopezek gertatutakoa ikertu zuen 2011n, baina ez zuen emakumeekin hitz egin; ez dauka harremanik haiekin. Izan ere, epaiketa amaitu zenean, «desagertu» egin ziren. «Hala ere, aitzindariak dira guretzat».

Ikusi gehiago:«IRABAZI GENUEN»

1976ko urrian atxilotu zituzten emakumeak; Basauriko Kalero auzoan bizi ziren. «Polizia etxera joan zitzaien, eta komisariara joan behar zutela esan; pare bat orduko kontua besterik ez zela izango». Baina ez; hiru egun eman zituzten atxilotuta. Arrazoia? Abortatzea. «Auzoan abortuak egiten zituen emakumea atxilotu zuten, eta hark izen batzuk eman zituen». Guztira, hamar emakume atzeman zituzten. Haietako bat ez zen abortatzera heldu eta haurra izan zuen, baina berdin akusatu zuten. Gizon bat ere atxilotu zuten, andre bat abortatzera behartzeagatik. Gizonak eta abortuak egiten zituenak bi eta zazpi hilabete eman zituzten kartzelan, hurrenez hurren.

«Atera zirenean, lotsatuta zeuden, ingurukoek pentsatuko zutenaren beldur». Auzokideek atxiloketak ikusi zituzten: «Lapurtuko zutela pentsatuko zuten, edo batek daki». Langile auzo batean bizi ziren, eta hainbat seme-alaba zituzten. «Ekonomikoki zaila zen haientzat beste haur bat izatea; dirua izan balute, Londresen abortatuko zuten». Lopezek argi utzi du: «Pobreak izatea zen delitu bakarra».

Senarrek inguruko lantegietan egiten zuten lan. Hori dela eta, kasuak UGT eta CCOO sindikatuen Bilboko bulegoetara heldu ziren. Hala ere, hiru urte igaro ziren epaitegien berririk izan gabe, eta dena isilpean geratu zen. «Abortuak betidanik egin dira, ez ziren garai hartan sortu; baina estigmatizatuta zeuden, eta egun hala daude oraindik».

1979ko maiatzean ailegatu zen epaiketaren data: hilabete hartako azken eguna. «Mertxe Agundez abokatuak hiru edo lau emakumeren kasua eraman zuen; eta hark argudiatu zuen epaiketarako aurretiazko lan asko falta zela eta ez zutela astirik izan». Hori dela eta, epaiketa bertan behera geratu zen, beste data bat jarri arte. Orduan izan zuen mugimendu feministak kasuaren berri. «Isabel Otxoa Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kideak lagun bat zeukan abokatu bulegoan, eta horrela enteratu zen».

Orduan abiatu zuten emakumeen aldeko kanpaina indartsua. Izan ere, mugimendu feministak historikotzat dauka borroka hori. Urte hartako abuztuan, Bilboko Aste Nagusian, eskuorriak banatu zituzten Mamiki txosnan. Aste batzuk geroago, gainera, 300 emakumek itxialdia egin zuten Bilboko udaletxean. Urte horietan haien aldarriak etengabe entzun ziren; hala nola manifestazioetako oihuak: Amnistia emakumeentzat eta Ez da kasualitatea inoiz erditzen ez denak abortua debekatzea.

Data urrian jarri zuten. Akusatuek ateak itxita egin nahi zuten, ez zutelako jendaurrean agertu nahi. Milaka pertsona Bilboko justizia jauregiaren aurrean elkartu ziren, auzipetuak babesteko. Manifestazioa ere egin zuten. Hala ere, epaiketa bertan behera utzi zuten; bi emakume ez ziren bertaratu, ez zietelako zitaziorik egin.

Prozesuaren hasieratik, mugimendu feministak sindikatuen eta ezkerreko alderdien babesa bilatu zuen. Azken horiek mozioak aurkeztu zituzten udaletan. Hala ere, itxialdiarekin batera, autoinkulpazioen protesta izan zen ekintzarik ezagunena: «'Nik ere abortatu dut' kanpaina abiarazi zuten, eta andreek idatziz adierazi zuten abortatu zutela; mila sinadura baino gehiago lortu zituzten, horien artean izen handiko emakumeenak».

Andreen jarrera aldaketa

Hirugarren zitazioa 1981eko ekainaren 16an izan zen. Ordurako, auzipetuetako batzuk jarrera aldatuz joan ziren. Irratsaioetan parte hartu zuten; egunkarietara ere gutunak bidali zituzten, azaltzeko zergatik abortatu zuten. Abokatuek ateak irekita egin nahi zuten epaiketa, baina epaileak ez zuen onartu. Hala ere, beste behin, ez zen egin; arrazoia aurreko bera izan zen.

Mugimendu feministak lanean jarraitu zuen, eta akusatuek ere bai. Laugarren zitazioa hurrengo urtean heldu zen: martxoaren 16an. Oraingoan bai, epaiketa egin zuten: ia hamabi orduz. Ateak irekita hasi zuten epaiketa, baina, fiskaltzaren adierazpen batzuek zalaparta eragin, eta aretoa hustu egin zuten. Kanpoaldean milaka emakume bildu ziren, eta egun osoa eman zuten abesten. «Bero egiten zuen aretoan, eta leihoak ireki zituzten; kanpoko oihuek indarra eman zieten akusatuei». Lopezek hainbatetan imajinatu du bere buruan gertaera hura: «Indartsua izan zen».

Ikusi gehiago:Baldintza duinak bertze aldean daudenean

Bederatzi egun geroago jaso zuten sententzia. «Aitzindaria izan zen». Bederatzi emakumeak absolbitu zituzten. Seiri ezinezko delitua aplikatu zieten: ez zegoen frogatuta haurdun egon zirenik ere: «Egun, probak egin daitezke haurdun zauden edo ez jakiteko; emakume haiek, berriz, hilekorik ez zutela ikusi zutenean, abortatzera joan ziren, badaezpada». Bestalde, emakumearen bizitza lehenetsi zuten fetuaren bizitzaren aurretik. Abokatuek froga zientifikoak aurkeztu zituzten, haurdunaldiko lehen hiru hilabeteetan bizitzarik ez zegoela erakusteko. Abortuak egin zituen emakumea kondenatu zuten, baina 1975eko eta 1977ko indultu dekretuak aplikatu zizkioten.

Prozesua ez zen hor amaitu

Fiskaltza sententziarekin ados ez, eta errekurtsoa jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Beste epai bat eman zuen 1983an: lau andre errugabetzat jo zituen; gainerakoei isunak eta kartzela zigorra ezarri zizkien. «Esperotako emaitza izan zen; Bilboko lehen epaia izan zen harrigarria». Sententzia horren kontra, errekurtsoa jarri zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Azken epaiketa izan zen: Madrilen egin zuten, 1985ean. Gorenaren sententzia berretsi zuen. Ez zituzten kartzelan sartu, indultuen ondorioz. Gainera, Abortuaren Legea onartzear zen. «Jakina zen legea onartuko zutela; ez zuen zentzurik emakumeak abortatzeagatik kartzelan sartzeak». Azken epaiak gogorrak izan ziren arren, mugimendu feministak 1982ko garaipena du gogoan: lorpen garrantzitsua izan zen feminismoarentzat eta abortatzeko eskubidearen aldeko borrokarentzat.

Prozesu judiziala bukatu zenean, emakumeak «ohiko bizimodura» bueltatu ziren. Auzibideko azken hiru urteetan, lausotu egin ziren mobilizazioak. Mugimendu feminista Madrilera joan zen babesa ematera, «baina kalean ez zen hainbesteko indarrik ikusi». Andre gehienek, gainera, auzotik alde egin zuten, «beste auzo edo herrietara».

Lopezek historiaren parte bat kontatu du; orain, emakumeena falta da. «Nik mugimendu feministarena kontatu dut, eta egunkarietan agertutakoa; haien historia osoa falta da, haiek kontatzea prozesu guztia nola bizi izan zuten». Andre haiek desagertu egin ziren, baina Basaurin eta Euskal Herrian ez dituzte ahaztu. Aitzindariak dira. 2011n, Basauriko Berdintasun arloak plaka bat jarri zuen haien omenez, udaletxearen kanpoko aldean. Hamar urte geroago, ordea, pentsatu zuten oroigarri hark Kaleron bertan egon behar zuela. Irudi koloretsuago eta handiago bat jarri zuten, 1979ko manifestazio baten argazkiarekin. Bertan irakur daiteke gaur egun arte ailegatu den mezu argi eta zehatza: Gure gorputza, gure erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.