KRITIKA. Dantza

Berotasunetik hotz polarrera

Agus Perez.
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun

Dyptik eta Angersko CNDC konpainiak

DYPTIK:Zuzendaritza artistikoa eta koreografia: Souhail Marchiche eta Mehdi Merghari. Musika: Patrick de Oliveira. Argiak: Richard Gratas. Lekua: Miarritzeko Kasinoko aretoa. Data: Irailak 13. ANGERSKO CNDC:Koreografiak: Merce Cunningham. Musikak: John Cage, Gavin Bryars. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Data: Irailak 13.

Printzipioz hip-hop emanaldi arrunta zirudien Dans l'engrenage lana aurtengo Dantza Maitaldiko proposamen bikainetariko bat bilakatu da. Hortaz, ez da harritzekoa haren sortzaileek Frantziako Talentu Koreografiko Berrien saria aurten eskuratu izana.

Oso era geldoan hasi da dena, itxura androginoko emakume bat mahai beltz baten atzean zegoelarik. Emeki-emeki hasi dira eszenako albo bietatik dantzariak agertzen. Beste bi emakume eta lau gizon azaldu dira—haiek guztiak kaleko arropa dotorearekin eta emakumeak ere prakak jantzita—, eta denen keinu-definizio harrigarria izan da atentzioa eman digun lehen gauza. Mahaiaren gainean eta haren bueltan garatu dituzten esku-jokoek eta gorputzen jarrerek roboten antzeko zerbait ekartzen ziguten gogora, eta argiztapen tenebristak kemen handiz areagotu du giroaren dramatismoa, emanaldian zehar erritual misteriotsu baten izaera hartu duena.

Patrick de Oliveiraren soinu-banda inguratzaileak kalitate sinfonikoa erdietsi du hasieratik bertatik, soinu elektronikoak eta erritmo bizigarriak magrebtar doinuekin konbinatuz, eta musika izan da paisaia iradokitzaileetatik esku malgu baina determinatuarekin gidatu gaituena. Koreografoen diseinuan subliminalki agertu dira Mediterraneo zabaleko osagaiak: Turkiako dervitxeen bira hipnotikoak, Andaluziako flamenkoaren esku eta besoen enigma, birtuosismo handiko hip-hop erakustaldiak eta Mazedonia aldeko sirtaki moduko friso dantzatuak... Haiek guztiak ederki txertatu dira planteamendu artistikoaren osotasunean.

Amaiera aldera, argiak erakutsi du bere nagusitasuna, bai dantzariei bai gu-guztioi erakutsiz zein zen hartu beharreko bidea. Orduan, ikusleek ezin izan diote beren entusiasmoari eutsi, eta emanaldia amaitu baino minutu batzuk lehenago lehertu da publikoaren txalo zaparrada amaigabea.

Gaualdiko bigarren emanaldia Gare du Midin izan da, Merce Cunninghamen jaiotzaren ehungarren urtemuga ospatzeko egitarau bikoitz batekin. Lehen zatian —Beach Birds (Hondartzako hegaztiak)— pinguino itxurako launa gizon eta emakumek irudikatu dute itsasoaren ikuspegiak koreografoarengan sortzen zuena, John Cageren nota aleatorioen eraginpean, eta bigarren zatian 1997ko BIPED lana berreskuratu dute. Pieza hartan estreinakoz konbinatu ziren benetako dantzariak, ordenagailu bidezko irudiak eta 3Dtako dantzari birtualak. Oraingo honetan zertxobait samurragoa izan da soinu-banda —zaila zen John Cagerena baino lehorragoa izatea—, baina azken emaitza hurbilegi geratu da arkeologiaren eremutik, dantzarien gaitasun itzela eta garai bateko esperimentazio erostezin hura gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.