Z belaunaldia zer den, eta zeintzuk diren Euskal Herrian belaunaldi horretako gazteek dituzten erronkak. Horiek izango dira Ernaik antolatutako topaguneko gaurko mahai inguruetako batean argitzen saiatuko diren galderetako batzuk. Atzo hasi zen topagunea Elorrion, eta hango Ganondo parkean bildu ziren mahai inguruan parte hartuko duten bi kide, biak ere Z belaunaldikoak: Maider Barañano, mugimendu feministako kidea (Algorta, 1999) eta Aitzol Gil de San Vicente, Ipar Euskal Herriko gazte mugimenduko kidea (Hendaia, 2003). Jokin Bergara izango da hirugarren mahaikidea.
Ikusi gehiago:Aurtengo Gazte Topaguneari ekin dio Ernaik
Z belaunaldikotzat hartzen dira 1990eko hamarkadaren bigarren erdian eta 2000ko hamarkadaren lehenengo erdian jaiotakoak, eta ezaugarri jakin batzuk egotzi dizkiote bi elkarrizketatuek aldi horretan jaiotako gazteen egoerari. «Etorkizuna segurtasunik gabe bizi duen belaunaldi bat gara. Ipar Euskal Herrian, esaterako, sentitzen dugu ezin dugula gure lurraldean bizi proiekturik garatu», azaldu du Gil de San Vicentek. Ezintasun horren atzean hiru arrazoi daudela gehitu du: «Etxebizitzaren auzia, goi mailako ikasketak Iparraldean egiteko ezintasuna eta barnealdean bizitzeko zerbitzuen eskasia». Hiru arrazoi horiengatik, Ipar Euskal Herria «gaztez odolusten» ari dela ondorioztatu du.
Etxebizitzari dagokionez, azpimarratu du bere belaunaldiko gazteek «zailtasun handiak» dituztela jaioterriean bizitzen jarraitzeko: «Etxebizitzak oso garesti daude, eta gehienak turismora bideratzen dituzte gainera». Iparraldean «unibertsitate propio bat edukitzeko eskumenik ezak» ere hegoaldera joatera derrigortzen ditu euskaraz ikasi nahi duten gazteak, eta barnealdeko herrietako zerbitzu faltak «oso zail» egiten die bertan bizitzea. Belaunaldi horrek pairatzen dituen arazoei beste bat gehitu die Barañanok: «Etengabe dugu gainean etorriko den apokalipsiaren ideia hori, eta, aldi berean, jada ikusten gabiltza leku batzuetan ezin dela bizi». Adierazi du aurreko belaunaldien «kontakizunak» ez diela balio: «Jada ezin gara aurreko belaunaldiak bizi diren testuinguruan bizi, ezta testuinguru horretan borrokatu ere». Hala ere, alde onak ikusi dizkio ezberdintasun horri, eta azaldu du «beste modu batean pentsatu eta eraikitzeko aukera» ematen diela.
Jasaten dituzten zapalkuntzak ere «aldatuz» doazela uste du Barañanok, eta pandemia garaian agertu ziren «indarkeria matxista mota berriei» erreparatu die; bereziki sare sozialetakoei: «Autodefentsa antolatzeko modu tradizionalak ere ez zuten balio testuinguru horretan, eta forma berriak asmatu behar izan ditugu».
Bide horretatik, «borroka eta erronka berriekin» datorren belaunaldi bat dela nabarmendu du. «Beste belaunaldi batzuetan borroketatik kanpo geratu ziren subjektu batzuk txertatu ditugu, eta uste dut hori gure belaunaldiak egin duen izugarrizko ekarpen bat dela». Gil de San Vicente ere bat dator. Esan duenez, subjektu horiek gehitzeak «aberastu» egin du «borroka»: «Erronka batzuekiko sentsibilizazio berezi bat sortu da; esaterako, feminismoa, ekologismoa eta etorkinen auzia. Beste borroka emantzipatzaile batzuk gure proiektuan integratzea lortu dugu».
Mugimendu feministak ere «beste jende mota bat interpelatzeko ahalegina» egin duela gehitu du Barañanok: «Inoiz mobilizazioetan egon ez den jendea erakartzeko gaitasuna izan dugu. Hala ere, egia da horretarako feminismoaren aldarrikapenik erradikalenak bigarren plano batean geratu direla, eta tentsio horrekin ere jokatzen jakin behar dugu».
Ildo beretik, Ipar Euskal Herrian «euskararen aldeko borroka» ere «beste grina batekin» hartu dutela azpimarratu du Gil de San Vicentek: «Argi ikus daiteke, esaterako, Gazte Euskaltzaleen Sareak egin dituen mobilizazioetan. Brebeta euskaraz egin ahal izatea ere belaunaldi honek egindako ekarpen bat izan da».
Era berean, belaunaldi horrek «irakurketa berri bat» egin duela esan du Barañanok: «Ikusi dugu zapalkuntzak elkar lotuta daudela, eta horren bidez etorkizun berriak imajinatu ahal izan ditugu. Ez bakarrik jabetzarik gabekoak, baizik eta emakume eta gizonik existituko ez den etorkizun bat, esaterako».
Baikor begiratzen diote biek geroari. Gil de San Vicente: «Esan dugu ziurgabetasunean bizi garen belaunaldi bat garela, baina aldi berean, ziurtasun gabezia horrek alternatibak eraikitzeko aukera ematen digu». Erantsi du «ilusiozko mezu bat» zabaldu behar duela Z belaunaldiak, esanez «beste etorkizun bat posible» dela. «Badugu proiektu bat zapalkuntza horiei aurre egiteko, Euskal Herria gazteak aske bizi ahalko garen estatu bat izateko», gehitu du. «Etorkizunik ez daukan belaunaldia garela saldu digute, baina badugu indarra alternatiba berriak eraikitzeko», bukatu du Barañanok.
Z: belaunaldi bat oreka bila
'Z belaunaldiaren' inguruan arituko dira gaur Maider Barañano, Jokin Bergara eta Aitzol Gil de San Vicente, Ernaik antolatutako topagunean. Azaldu dute 'ziurgabetasunak' ezaugarritzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu