Euskara ez da oztopo bat izan behar

2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Zorigaiztoko pandemia honetan murgildurik, euskarazko zerbitzuak bermatzeko ezinbestekoak diren arreta-zirkuituak garatu ezinik, Osakidetzak aurrera jarraitzen du Itzulbide proiektu malapartatuarekin. Gure garuna gupidarik gabe bonbardatzen du, adimen artifizialaren onurak goraipatuz etengabe. Teknologiaren gomutaz, gazteleraren aurrean apalik, osasun langileok historia klinikoan euskara erabiltzeko oztoporik ez izatea du xede Itzulbidek. Euskaraz lan egitea oztopo gisa ikusten baitu Osakidetzako zuzendaritzak, baita Euskara Zerbitzu korporatiboak ere.

Euskarak aukera izan behar luke, osasungoaren eta hizkuntzaren arloan lidergoa eskuratzeko aukera. Osakidetza mundu mailan erreferente izateko aukera; ikerkuntzan, prestakuntzan, sorkuntzan eta ezarpenean. Osasun-zerbitzuak bi ele ofizialetan eskaini eta emateko gaitasuna erakuts dezakeen nazioarteko liderra.

Zoritxarrez, ez da horrela, eta, esan bezala, bere ezintasunaren frogagarri gisa, Euskara Zerbitzuak berak, bere burua sustatzeko erabiltzen duen Osatuberri aldizkarian, euskara arriskutsutzat jotzen du. Hitzez hitz, «arriskua sor daiteke euskara hutsean idatzitako testu edo txostena beste profesional batek larrialdi-egoera batean irakurri behar badu eta euskara ulertzen ez badu, historia klinikoa, besteak beste, profesionalen arteko komunikazio-tresna garrantzitsua baita».

Profesionalen arteko komunikazioa da, orain, euren lehentasuna. Ez zaie bururatu, edo hobeto esanda, ez dira ausartu, paziente eta profesionalen arteko komunikazioari buruz txintik ere esatera. Ez dituzte inoiz aitortu, are gutxiago salatu, euskaldunei arreta gaztelera hutsean emateak sortu dituen gaizki-ulertuak, alboko edo kontrako ondorioak, kalteak eta negarrak. Osasun arreta pazientearen lehentasunezko hizkuntzan ematea nahitaezkoa, derrigorrezkoa dela, ez dute esango. Hizkuntza, euskara, ez baita osagarri bat, nahierara pitz eta amata daitekeen gailua, arreta-prozesuaren parte baizik, banaezina guztiz. Izan ere, pertsonengan ardazturiko arreta da —edo izan behar luke— gure eredua. Pertsonengan, eta ez profesional batzuen apetan edo interesetan zentraturikoa. Medikua naizenez, gogoraraziko dut berriro: hau osasun arreta da. Pertsonek pertsonak artatzea. Euskaldunak badira, euskaraz.

Ez dio batere onik egiten arretaren normalizazioari, ezta euskararen normalizazioari ere, horrelako mezu uzkur, ezezkor eta kikilak zabaltzeak, arreta euskaraz eskatzeko orduan herabeti, lotsati eta beldurrez agertzeak. Arerioari arrazoia ematea baita. Eta arerioak, egon badaude. Higuinaren pedagogia dakarkigu gogora, zeinak pazientea, kasu honetan euskalduna, bere izaera eta jarrera ukatzera daraman. Ziurgabetasun linguistikoa indartzen duen hizkuntza-politika baino ez da, euskalduna estereotipoz eta estigmaz zamatzen duena. Helarazten zaigun mezua da osasungintzan euskaldun izatea traba bat dela. Itzultzailerik ezean, euskaraz idaztea, euskaraz lan egitea, arrikutsua izan daitekeen eta, beraz, saihestu beharreko zerbait dela jakinarazten zaigu, leuntasunez edo irmoki, ozenki edo isilpean. Eta hori, argi eta garbi, onartezina da.

Horrelako mezuak igortzeak pertsonen duintasunari eragin diezaiokeen kaltea kontuan hartu behar luke Osakidetzako Euskara Zerbitzuak. Ahuldade egoeran dauden paziente euskaldunen aurka sor ditzakeen jarrera ezkorrak eta baztertzaileak aldez aurretik eta tentuz pentsatu. Ez da etikoa, ez da bidezkoa horrelakorik adieraztea erakunde publiko batean.

Hau guztia kontuan hartuta, medikua izateak ematen didan zilegitasun eta ahalmenaz baliaturik, baina batez ere medikua naizenez behartuta nagoelako, ez naiz isilduko. Kalterik ez egitea da gure lehendabiziko araua, eta egindako kaltea onar dezala eskatzen diot Euskara Zerbitzuari.

Osasun arreta euskaraz eskaini behar da, ahozko eta idatzizko harremanetan, maila guztietan, edonon eta edonoiz. Eta euskaldunok euskaraz idazteko eta lan egiteko eskubide osoa daukagu. Itzultzailearekin edo itzultzailerik gabe. Eta oztopo izan beharrean, pazienteak eta langileak erruz ito beharrean, aukera dela esan behar da. Euskal osasun zerbitzua munduko onenetarikoa izateko aukera, euskarari esker eta euskararen bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.