Hamar urte igaro dira ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuenetik. Espetxean, ez ginen gutxi, aurretik ere, horren alde ginen presoak. ETAk ezin zuela itsu-itsuan aurrera jarraitu uste genuen, eta uste hori nabariago geratu zen Loiolako porrotaren ondoren. Hala ere, arinkeria handiz, armekin jarraitzeko erabakiari bide eman zitzaion. Baina kanpoan, etor zitekeenaren beldurrez, ETAren erabakiari aurre egiteko, Ezker Abertzaleak mugimenduak hasi zituen.
Testuinguru honetan, preso batzuk, inoren erabakien zain geratu gabe, uste genituen pausoak ematen hasi ginen. Hau da, borroka armatua bukatutzat eman, eragindako mina onartu, eta espetxe onurak (hurbilketa, irteera baimenak, gradu aldaketak...) eskatzeari bide eman genion. Geure buruari, ordura arte ukatzen genizkion edo eta ukarazten zizkiguten eskubideak, jorratzeari ekin. Hamar urte beranduago, gainerako presoak egiten hasi direna.
Ezagutzen dugu preso bat baino gehiago gu ematera ausartu ginen pausoak ematera iritsi ez zena, herrian bera eta senideak jazarriak izango ziren beldurrez. Eta zer da kontua, eta orain, presoei pauso horiek ematea eskatu egiten zaie, inork ez dituela herrian deskalifikatuko-eta. Espetxean, etxekoei zama ekonomikoa zerbait arintzeko, lan egitea ere, txalotu egiten da, eta inork ez die esango espetxearen morroi direnik lanean aritzeagatik. Gauzak nola aldatzen diren!
Hitz egin genezake, negoziatzeko egon diren aukera galduen arduradunez (Aljer, Lizarra, Loiola...). ETAn militatu izana ukatzen duten buruzagiez. Herrietan, bat ez zetorren jendearen aurkako jazarpenez. Epaiketetan, intsumisioa eskatzen ziguten eta beraien buruak estu ikusita, politika besterik ez dutela egin esanez, fiskaltzarekin burua makurtu dutenez. Beraiek aurrera eramandako estrategia politikoa akatsa izan zela, eta borroka armatuak eragindako mina onartu barik. Dena ikusteko jaioak gara!
ETAren amaiera egunean, Langraizeko espetxe zaharrean ginen. Langraizera, talde txikitan ekarri gintuzten estatuko hainbat espetxetatik, Asturias, Burgos, Zaragozatik... Prozesu hau, 2008. urtean hasi zen. Ez ginen multzo handia Langraizera etortzea erabaki genuenak, baina bai ETAko militantziaren argazki adierazgarria.
Argi genuen, militante ginen aldetik, iraganari buruzko hausnarketa kritikoa egitea beharrezkoa zela eta gizarteari zuzendu behar gintzaizkiola. Hortik, gure iritzi artikulu eta elkarrizketak lau haizeetara zabaltzea. Eta eragile sozial, politiko eta biktimekin elkartzea, zauriak ixten lagunduz elkarbizitza berriari bide emateko asmoz.
Horretan ginen, ETAk borroka armatuaren amaiera aldarrikatu bezperan. Elkarbizitzarako Tailerrean, talde gisa, indarkeriaren bi biktimarekin elkartu ginen, eta hasitako bidean jarraitzeko ziurtasun handiagoa eman ziguten. Gerora, beste biktima eta mehatxatu batzuekin ere bildu ginen.
Hamar urte igaro dira, denbora larregi galdu, ETAren armagabetze eta desagertzearen eszenifikazio hutsari bide ematen. Nahiz eta jakin, eragindako minari buruzko hausnarketa zela premiazkoa. Besteek eragindako minaz, eragin dutenek erantzun beharko dute, baina ETAk eragindakoaz, militante izandakook eta ETAren inguruko buruzagi politikoek erantzun behar dute.
GALi eta torturei buruz, ekintzen arduradun zuzenak eta arduradun politikoak daudela esaten da. Batzuk besteak bezain arduradun. Hala da gure kasuan ere. Horregatik, onartezina da ardura politikotik gertatutakoaren erantzukizunik bere gain ez hartzea. Ez da zilegia satorren antzera lurpean ezkutatu eta atentatu egileen gainean pisu guztia uztea. Zigortuak izan ginenon eta oraindik preso jarraitzen dutenen lepora gertatuaren zama botatzea. Kolpatu zuen katearen azken katebegi ginenon gain gertatuaren ardura dena uztea.
Hain zuzen, hori da, hamar urte pasatu ondoren, oraindik egiteko dagoena.
ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Andoni Alza, Rafa Caride, Andoni Díaz Urrutia, Ibon Etxezarreta, Carmen Gisasola eta Joseba Urrosolo, 'Langraiz bideko' preso ohiak.
'Langraiz bidetik' hamar urte igarota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu