Donostiako Plaza Berriak 300 urte

Josu Tellabide, Marije Manterola, Dani Goñi eta Mikel Legorburu
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Donostiak XVI. mendean plaza bakarra zeukan harresi barnean, gaurko Bulebarreko tarte batean. Militar okupatzaileek beren maniobretarako erabiltzen zuten eta hiritarrekin liskarrak sortzen ziren. Horregatik, Hiriko Kontseiluak plaza berria eraikitzea erabaki zuen. 1722ko urtarrilaren 18an inauguratu zuten, eta Plaza Berria izena jarri zioten. Aurrekoa, harresiaren ondoan zegoena, Plaza Zaharra bilakatu zen.

1813an espainiarren armada aliatuek, alegia, ingeles-portugaldarrek, hiria suntsitu zuten; tartean, jakina, Plaza Berria. Zer genozidio eragin zuten badakigu. 1817an berreraiki zuten plaza donostiarrek.

1820an, ordea, Plaza de la Constitución izena inposatu zuten, Cadizko 1812ko konstituzioa goraipatuz. Sociedad Patriótica de San Sebastián (espainiarzalea) izan zen horren eragilea, Donostiako elite liberalaren elkartea. Aipatu elkartearen sortzailea Jose Manuel Collado zen, eta partaideak Donostiako familia aberatsetako kideak: Etxague jenerala, Joaquín Bermingham, Fermin Lasala, Eustasio Amilibia, Joaquin Calbeton, Brunet anaiak, Claudio Anton de Luzuriaga eta abar.

Jose Mujika historialariak dioenez, Donostiako presio talde edo zehazkiago erabaki talde boteretsua bilakatu zen delako elkartea. Donostiako Udala haien aginduak betetzera mugatua zegoen, eta horrela, haiek jarri zuten Plaza de la Constitución izena, udalaren erabakiari itxaron gabe.

Konstituzio hori eta ondorengoak ez dira gureak; euskal herritarrek ez zituzten bozkatu eta onartu. Alderantziz, Euskal Herriaren aurkakoak izan ziren. Konstituzio horrek foruen deuseztatzea zekarren berarekin, eta baita gaztelania hizkuntza ofizial bakar gisa ezartzea ere. Beste edozein hizkuntza erabiltzeko debekua ekarri zuen administrazioan, eskolan eta abar. Donostiako herritarrek, ordea, euskal elebakarrak gehienak, Plaza Berria esaten jarraitu zuten.

1896an Gipuzkoako Diputazioak erabaki zuen herrialdeko kale eta plazak bi hizkuntzatan errotulatu behar zirela. Agindu hori betez, udal batzarrak 1897an erabaki hau hartu zuen: Plaza Berria jartzea herritarren ohiturari jarraituz. Baina Plaza Constitución mantendu zuten. Ez ziren ausartu inposatutako izena kentzen edo ez zieten utzi. Eta ez zuten Plaza Berria errotulurik jarri. Herritarrek, halere, Plaza Berria esaten jarraitu zuten.

1936an zorigaiztoko altxamendu militarra etorri zen eta Plaza del 18 de julio izena jarri zioten. Euskaraz egitea guztiz debekatua eta zigortua, 18 de julio ez esatearren, herritarrak la consti edo Ko(n)sti esaten hasi ziren. Horrek ekarri zuen Plaza Berria izena ahanzturan erortzea.

1978an, Franco hilda, trantsizio garaian, herri honek onartu ez zuen konstituzioa berriro inposatu ziguten. 1979an, udalaren osoko bilkuran Plaza Berria izena betiko ahanzturara zokoratu nahi izan zuten, Plaza de la Constitución euskaraz ere jarrita, Konstituzio plaza izenarekin.

Herriaren memoria, ordea, sendoa izanik, putzu sakon eta ilunean gordeta egon arren, hemendik edo handik, beti azaleratzen da.

Izena eta izana berreskuratu nahi ditugu. Izena ez ezik, izana ere guretik egina behar dugulako. Donostiarrok Plaza Berria behar dugulako, espazioaz gaindi, elkargune, plaza beti berria, garai berrietara egokituko dena, iturri zaharreko ura bezalaxe, herritarron bilgune berri-berria: euskalduna, euskaratik eta euskaraz birsortuko dena; parekidea eta berdinzalea; harrera hiria, jatorrizko herrien kultura errespetatuko duena; natura zaindu eta errespetatuko duena eta abar.

Horregatik, garrantzitsua da donostiarrok plazaren jatorrizko izena berreskuratzea. Garrantzitsua Plaza Berria izenak gure ezpain eta belarriak goxatzea.

Donostiarrok Plaza Berria berreskuratu nahi dugu, gurea, gure hizkuntzan! Hori aldarrikatzeko, bihar, larunbata, topa egingo dugu 13:00etatik aurrera: bertsoak, hitz hartzea, kantuak eta dantzak ere izango dira, Plaza Berrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.