Pandemiak eragindako osasun, ekonomia eta gizarte krisiari aurre egiteko Euskadi Next 2021-2026 plana aurkeztu berri du Eusko Jaurlaritzak. Europako Batzordeak suspertzerako onartu dituen funtsakEuskadin nola banatuko diren zehaztea da planaren helburu nagusia. Bost urtean orotara 13.135 milioi euro inbertitzea aurreikusten du. Haietatik 5.702 Europako funtsetatik etorriko lirateke, eta gainerakoak, bertako erakunde publiko zein pribatuen ekarpenetatik.
Deigarria egin zait oso, pandemiak eragindako krisitik suspertzeko plan batean euskarari jartzen zaion arreta eskasa. Hobeto esanda, arretarik jarri ez izana. Behin bakarrik aipatzen da euskara, euskal gizartea suspertzea helburu duen 132 orrialdeko dokumentu batean. Inbertsioaren %0,02 hartzen duen proiektu bati lotuta agertzen da (Tabakalerako 2deo laborategia).
Euskarak larriki nozitu du pandemia. Hezkuntzaren eremuan, euskararekiko lotura ia bakarra eskola duten milioi erdi bat umek eta gaztek itxita eduki dituzte eskola fisikoak urte erdiz, eta lotura horri eustearren egindako esfortzuak ez dira nahikoak izan kaltea ekiditeko. Komunikazioaren eremuan, euskarazko komunikabideen kontsumo globalak gora egin badu ere, erdarazkoen kontsumoak ere egin du gora, eta alderaketan galera handia izan da. Gogorrena ikus-entzunezkoen alorrean suertatu da: historiako audientzia daturik okerrenak izan ditu ETB1ek 2020an; eta plataforma globalek (Netflix, Amazon Prime e.a.) izugarri egin dute gora, kontsumo ohiturak luzerako aldatuz. Presentzia sozialaren eremuan, euskararentzat funtsezkoak diren ekitaldi handiak ezabatuak izan dira, gutxienez urtebetez: Korrika, ikastolen aldeko jaiak, Durangoko Azoka presentziala, bertso saio gehienak, eta abar, eta abar. Hizkuntzen ideologiaren eremuan ere nabarmena izan da atzerakada, euskara hizkuntza osagarria baina ez lehentasunezkoa delako ideia indartu delarik. Espainiak politikaren kontrola zentralizatu izanak eta gure hutsuneek, erdara lehenetsi dute pandemiari aurre egiteko tresna linguistiko gisa.
Jasandako kalteen adibideak baino ez dira, eta zerrenda hobeto osatu beharko da. Bestalde, munduko hizkuntza gutxitu askori gertatu zaiena baino ez zaio gertatu euskarari: pandemiak zaurgarrienak ukitu ditu, baita hizkuntzak ere.
Planak aurreikusten dituen zenbait proiektutan euskarak aurrerabiderik izan lezakeela ezin da ukatu: Bilbon egin nahi den ikus-entzunezkoen zentroan, Euskadiko Liburutegi Digitalean, kultur industrien digitalizazio proiektuetan eta abarretan, adibidez. Baina proiektuok euskararen aldeko aukera bihur daitezkeen bezala, erdararen aldeko aukera ere izango dira. Euskarazko edukiak sor daitezkeen bezala erdarazkoak ere sor daitezke; are errazago, dokumentuak ez baitio hizkuntzari batere erreparatzen. Testuan proiektuak izendatzeko ingelesa noraino erabiltzen den (planaren izenetik hasita), edota dokumentua bera gaztelera hutsean aurkeztu izanak kezka areagotzen du zentzu horretan.
Euskara ez da garestia. Zeharka duen pisu ekonomikoa, EAEn, BPGaren %4 ingurukoa da. Zuzenean, bestalde, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen %1 bideratzen du euskarara (udalek, horren bikoitza, eta aldundiek, horren erdia). Ez da asko, herri gisa gehien definitzen gaituen eta etorkizunean herri izatea bermatuko digun osagai nagusia izanik. Ez da asko, baina sos apur horri etekin handia ateratzen zaio.
Euskadi Next 2021-2026 plana oraindik irekita dagoela pentsatu nahi dut, eta itxaropen horrekin idatzi ditut lerrook. Hala bada, garaiz egon gintezke gure hizkuntzak pandemia garaiko eta pandemia osteko euskal gizartearen berreraikuntzan izan behar duen lekuari buruzko gogoeta planean integratzeko, hala filosofian nola baliabideen banaketan.
Eta Euskara Next?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu