ETB maite... zintudan

2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Telebista sortu zenean 18 urte nituen, eta orduan euskaldunok euskaraz bizitzeko geneukan hutsune handi bat betetzera etorri zen, behar-beharrezkoa zen garaian etorri ere.

ETB1ek urte gorabeheratsuak bizi izan ondoren (hasieran elebiduna zen eta euskarazko saioetan erdarazko azpidatziak izaten zituen), 1980ko hamarkada hondarrean eta 90eko hamarkadan, ETB1 telebista duina izatera heldu zela esango nuke, neure iritziz behintzat programazioan aukera zabala eskaintzen baitzuen. Ohikoa zen euskarazko telesailak eta filmak ikustea, poliziak eta bakeroak euskaraz entzuten ohitu ginen, zientzia fikzioaren zirrara euskaraz sentitzen, beldurrezko filmen estutasuna geure hizkuntzan nabaritzen.

Elkarrizketa saioak ere maiz samar izaten ziren, eta dokumentalak ere bai, oso hizkuntza duinean euskaratuak. Gainera, telebista normaletan gertatzen den bezala, saio haiek iraun egiten zuten, hau da, dokumentalak ez ziren uda ondoko bospasei astez soilik ikusten, edo filmak astean behin bakarrik.

Mende berriaren etorrerarekin batera, aldiz, ETB1en txarrerako aldaketa gertatzen hasi zen, poliki baina etengabe. Etxeak berak ekoitzitako telesailen salbuespena salbu, atzerriko telesail eta film euskaratuak desagertuz joan ziren. Nik gogoratzen dudala, hartaz gozatu ahal izan genuen azkena AEBetako Justizia telesaila izan zen. Parker Lewisek ez du sekulagaltzen, Bedeinka nazazu aita, Bai, lehen ministroa eta halako telesail askoren ordez (batzuk EITB Nahieran-en ikus daitezke), mende berrian ez zirudien gure telebistaren arduradunek antzeko eskaintzak egiten jarraitzeko asmorik zutenik.

ETB1 kirolaren, abesbatzen, hiriburuetako jaien, Donostiako su artifizialen eta trikitiaren katea bihurtu zen, oro har. Euskaraz bizi nahi dugunok geneukan euskal pausaleku hura ia guztiz desagertu zen.

EITBk, aspaldi ez dela, Pantailak euskaraz ekimenaren berri eman du, eta zinez eskertzen zaio ekimen horren berri zabaltzea. Askok, ordea, geure buruari galdetu diogu ETB ez ote den konturatzen bera oso osagarri garrantzitsua dela pantailak euskalduntzeko ahalegin horretan eta, kirol arloa kenduta, ez ote den ohartzen ez duela funtzio hori betetzen.

Euskaltzale jendea aspaldi oharturik dago euskal hiztunen erreferentzia onak, aurreko euskaldun belaunaldi zaharra, jadanik hila dela eta oso hiztun on gutxi geratzen zaizkigula inguruan, eguneroko bizitzan. Askoz errazagoa da euskara kaskarra entzutea, euskara ona baino. Hiztun gehienek erdarakadaz josita daukate euren hizkera, etengabe erdarara pasatzen ez direnean.

Hortaz, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu hizkuntza duina bizirik eskainiko digun telebista edukitzea, egiazko erreferentzia izango dena. Hori ezin da lortu ETB1 azken 15-20 urteetan bezala mantenduz. ETB2k gure herriko erdaldunei (eta euskaldunei) eskaintza ona —denetarikoa— egiten die erdaraz. ETB3k eskaintza ona luzatzen die haurrei eta gaztetxoei euskaraz, egin behar duen bezala. Bitartean, ETB1 ez da telebista ona, ez du euskaldunei eskaintza duina egiteko helburua betetzen. Eta ETB4 tristea ETB2ren akatsen errepikapena da.

Garbi ikusi da azken urteotan, ahalmena —eta dirua— eduki duten gure agintariek ez dituztela asetzen euskaldunon telebista nahiak, erdaldunenak asetzen dituzten bezala, ikusle euskaldunok zergak erdaldunek bezalaxe ordaintzen baditugu ere.

Konponbidea, ordea, ez da zaila, eta nik neure proposamen xumea egin nahi nuke:

1.- Lehenik eta behin, beharrezkoa da ETB2ri ematen zaion indar bera ETB1i ematea. ETB2k gure gazte eta heldu euskaldunak erdal munduan murgiltzen ditu —asteburuetan batez ere— sekulako telesail eta film eskaintza oparoa eginez erdaraz. ETB1en ere euskaraz nahi dugu hori: gehiago ez, baina gutxiago ere ez.

2.- ETB4 nahitaez euskaratu behar da. Bertan etengabe errepika litezke ETB1ek eta ETB3k hamarkadatan euskaratu dituzten edo euskaraz sortu dituzten saioak.

3.- ETB3ri eutsi egin behar zaio, noski, eta haren arduradunak bihotzez zoriontzen ditut.

4.- Indarra egin behar du ETB1ek, gainera, gazteen sakelakoetara erraz heltzeko. Euskal saioak (zaharrak eta berriak) trumilka eskainiz, ez bakar batzuk soilik. EITB Nahieran-ek eskaintza mugatua dauka.

ETB1ek ez digu gaur-gaurkoz askoriklaguntzen euskaraz bizitzen, ezta euskal erreferenteak edukitzen ere, berak beharbada baietz uste badu ere. Gauzak aldatzeko inoiz ez da berandu izaten. Gogoa eta borondatea izatea da gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.