Bilboko Guggenheimera idatzi nuen zenbateko lagun taldea joan gintezkeen galdetzeko. Ikasle batzuek 20ko hamarkadari zuzendutako erakusketa ikustera taldean joatea proposatu zidaten; alarma egoera bertan behera utzi zenetik taldeko bisitak egiteko kopurua malgutu zenez, antolatzeari ekin nion. Baina museotik jakinarazi zidaten COVID-19aren ondorioz, unibertsitateko ikasleentzako bisita programa kendu zela; nahi bagenuen, 85 euro ordainduta gida batekin joan gintezkeela, baina ez guk antolatutako bisitan. 85 euro horiek taldean COVID-19a zabaltzea eragozten zuten, antza.
Anekdota dirudi, baina ez da, batez ere Urdaibaiko Guggenheimen proiektua mahai gainean dagoen une honetan. Pasarte txiki honek erakusten du Guggenheim museoa ez dela bertako komunitateari zuzendutako proiektu bat, ez da euskal kultur sistema elikatzeko planteatutako azpiegitura, turismoaren alorrean dihardutenei onura ekonomikoak ekartzeko pentsatutakoa baizik. Eta funtzio hori ondo betetzen du, ezin ukatu. Galdera da ea funtzio hori den Euskal Herriko kulturak betetzea nahi dugun bakarra, eta ea kultur eredu horrek inbertsio publikorik handienak jaso behar dituen.
Juan Ignacio Bidartek esandakoaren arabera, proiektuak oraindik ez du finantzaketa planik, eta puntu honetan, badira egin beharreko galdera garrantzitsuak. Lehena: zenbat kostatzen da halako proiektu bat? Eta ez bakarrik oraingo eraikuntza, geroko eguneroko mantentzea baizik. Adibidez, Artium museoak 2019an 151.657 euro behar izan zituen hornikuntza gastuetarako soilik; atea ireki eta argia pizteko, alegia. Azpiegitura batek erabat baldintzatzen ditu kultur aurrekontuak, gastu finko eta saihestezina delako. Zeinek mantenduko luke Urdaibaiko Guggenheim?
Bigarrenik, ez al ditu gure kultur arloak presazkoagoak diren beharrak? Ez al dugu ikusi itxialdiarekin erabat zaurgarriak diren gure sortzaileak ezer gabe geratu direla, ez baitago euren lana normalizatzen duen sistema fiskalik? Askoz logikoagoa litzateke Europako funtsak sistema honen azterketa sakon bat eta oinarrizko berrantolaketa bat bideratzeko erabiltzea, gaurko zein etorkizuneko kultur sorkuntza bermatzeko.
Beste funtsezko galdera bat da norentzat egiten den Euskal Herriko kultura. Bada urteak azpiegitura nagusiak eta proiektu estrategikoak planteatzean ez dela pentsatzen ez euskal hartzaileetan, ez bertako kultur zaleetan, ezta kultur transmisioan ere. Turistentzako amuetan pentsatzen da, gure herriak bere kultur beharrak eta desioak ez balitu bezala; kultura turismoa mugitzeko tresna balitz bezala, eta ez bere kabuz balioak eta esanahia dituen zerbait.
Bestetik, ahaztu dezagun «mapan agertzearen» tontakeria eta has gaitezen galdetzen zer dakarren halako azpiegitura batek zonaldearentzako. Urdaibai biosferaren erreserba bat da, nahikoa ezaguna eta bisitatua. Turismo gehiago jasan dezake? Behar du? Naturarentzako kalte posibleaz gain, herritarrei ekarriko diena ere badago. Egia da ostalari pare bat aberastuko direla, baina beste guztiak? Ez al dugu ikusi Donostiako Alde Zaharreko denden itxiera turistentzako pintxo tabernak irekitzeko, alde egin behar duten bizilagunak pisuen prezioa igo delako? Ez al dakigu Bilbo bide beretik doala? Zenbat da Gaztelugatxera ez goazela, beti gainezka dagoelako? Zer pentsatzen dute zumaiarrek Game of Thrones eta Ocho apellidos vascos-ek ekarritako «aberastasun» horri buruz?
Eta azkenik, pandemiak ez al digu irakatsi ekonomia turismoan gehiegi oinarritzearen arriskua? Ez al dugu ikusi Espainian, turismoan oinarritutako zonaldeetan, pandemiak izan duen eragina? Turismoa esparru ezegonkorra da, eta sektore batzuei soilik ekartzen dizkie onurak; lana prekarizatzen du, gentrifikazioa ekartzen du eta gizataldeak euren ohiko bizilekuetatik bidaltzen ditu. Hori da Euskal Herriarentzat nahi dugun ekonomia eredua?
Beraz, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia eta dagozkion beste instituzio publikoak: izan zaitezte arduratsuak, bete zuen kultur sostengarritasunerako erantzukizuna eta ez jarri gurea den diru publikorik Urdaibaiko Guggenheimen proiektuan.
Diru publikorik ez Urdaibaiko Guggenheimi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu